Haurren Gabonetako gurarien gutunak jasotzeko ibilaldiak egingo ditu Mari Domingik Getxon

Erredakzioa 2024ko abe. 16a, 11:55

Areetako elur-bola eta Mari Domingi. © GETXOKO UDALA

Eguberrietan, getxoztarrek eta bisitariek elurrezko bola erraldoi baten barruan argazkiak ateratzeko aukera izango dute, Gabonetako kristalezko elur-bola tipikoen antzera; gainera, Mari Domingi eta paje bat bizikletaz ibiliko dira udalerriko kaleetan postontzi bategaz, haurren gutunak jasotzeko.

Elurrezko bolak Areetako Xake plazan eta Algortako Telletxe plazan egongo dira, gura dutenek beren argazkiak atera ditzaten. Udalak irudi horiek sare sozialetara igotzeko deia egin die herritarrei, #GetxoUdala traolagaz. Datorren barikutik, abenduaren 20tik, eta urtarrilaren 6ra arte egongo dira jarrita, 11:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 21:00etara.

Bestalde, abenduaren 22an, 23an eta 24an, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, Mari Domingik Getxoko kaleak zeharkatuko ditu bizikletaz postontzi bategaz, haurren gurarien gutunak jasotzeko. Hurrengo geldiuneak egingo ditu:

  • Hilak 22: 11:00etan Andra Mariko kiroldegian, 11:30ean Bidezabal parkean, 12:30ean Aldapa parkean, 13:30ean Algortako Telletxe plazan, 17:00etan Neguriko metroko plazaren ondoan, 17:30ean Gernika parkean, 18:30ean Romoko Santa Eugenia plazan eta 19:30ean Areetako Eskoletako plazan.
  • Hilak 23: 11:00etan Areetako Xake plazan, 11:30ean Romoko Santa Eugenia plazan, 12:30ean Gernika parkean, 13:30ean Neguriko metroko plaza ondoan, 17:00etan Andra Mariko kiroldegian, 17:30ean Bidezabalgo parkean, 18:30ean Aldapako parkean eta 19:30ean Algortako San Nikolas plazan.
  • Hilak 24: 11:00etan Areetako Xake plazan eta 13:00etan Algortako San Nikolas plazan.

Bestalde, urtarrilaren 3an, 4an eta 5ean, Ekialdeko Errege Magoen paje batek antzeko ibilbidea egingo du ordutegi eta geldiune berberakaz.

“Aurten Gabonak ospatzeko jarduera gehiago antolatzen ari gara, ohiko egitarauari elur-bola eta Mari Domingiren bizikleta-ibilbidea gehituz. Pozten nau ikusteak hainbat ekitaldi prestatzen ari direla getxotar guztiok egun berezi hauetaz gozatzeko aukera izan dezagun, non kaleak argiz eta familia edo lagun arteko topaketez betetzen dira. Getxolandiatik hasi eta Olentzero, Mari Domingi eta Errege Magoen desfileetara arte, kultur eta kirol eskaintza zabalarekin dibertitzeko aukera ugari izango dugu. Gabon zoriontsuak eta urte barri on opa dizuet”, opatu du Amaia Agirre Getxoko alkateak.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun