Getxoko Udalak 137,1 milioi euroko aurrekontua onartu du, gobernu-taldearen eta PPren arteko akordioari esker

Erredakzioa 2024ko abe. 20a, 11:47

Osoko bilkura, artxiboko irudian.

Getxoko Udalak 2025eko udal-aurrekontu orokorra onartu du, 137,1 milioi eurokoa, aurtengo ekitaldikoa baino % 6 gehiago. Aurrekontua gobernu-taldearen aldeko botoakaz (EAJ eta PSE-EE) eta PPren abstentzioagaz onartu dute, hiru alderdiek egindako akordioaren ostean; EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek, aldiz, kontra bozkatu dute, "kontinuistak" direlakoan.

Iaz bezala, PPren abstentzioak aurrekontua onartzea ahalbidetu du, udal-gobernuak eta alderdi horrek tasak eta zergak ez igotzeko eta inbertsioetan 4 milioi eurotik gorako 35 akzio aurrera eramateko akordioa lortu ostean.

Aurrekontuan aurreikusitako inbertsioetako batzuk dira Salsidu eta Bidezabalgo arrapalak hobetzea, Iturribarriko udal-lurzatian eguneko arretarako edo etxebizitza komunitariorako eraikin bat egitea eta poligono gorrian kultura- eta gizarte-zentro berri bat irekitzea.

Horrez gainera, udal-gobernuak azpimarratu du espero duela 2025ean onartzea, behin betiko, HAPO berria eta horregaz batera Etxebizitza Plan berria. Beraz, aurrekontuak 3.150.000 euro gehiago aurreikusten ditu, "finantzarioki babesten joateko".

Aurrekontuan Udalaren kontuak (102,5 milioi) eta erakunde autonomoak sartzen dira: Getxo Kirolak (11,4), Getxo Kultura (14), Jesusen Bihotza udal-egoitza (6,8), Kirol-portua (1,2) eta Begoñako Galeriak (984.477).

EH Bildu eta Elkarrekin Podemos taldeen ustetan, Getxok aurrekontu “kontinuistak” izango ditu beste behin, gobernu-taldearen eta PPren arteko akordioaren ondorioz. Koalizio abertzaleak, bere aldetik, deitoratu du ez dela negoziaziorik egon, eta, talde moreagaz bat egin du esaterakoan onartutako kontuek ez dietela Getxoko beharrizanei erantzuten: “Ez die Getxoko beharrizanei erantzuten; ez dauka ez etxebizitza-planik, ez hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko planik; hezkuntza publikoa ahultzen du; eta ez du planteatzen energia-trantsizioa bultzatzeko edo klima-aldaketa murrizteko ekintzarik”, besteak beste.

PPk, aldiz, akordioa nabarmendu du, eta, bere ustetan, bai erantzuten die herritarren beharrizanei, betiere tasak eta zergak handitu barik; “Getxok aurrera egin ahalko du gure akordioari eta gure proposamenei esker”.

Gobernu-taldeak, berriz, nabarmendu du aurrekontua onartzeko akordioa "Udalbatzaren % 72k sinatu” duela, eta” herritarren eskaera nagusiei eta Legealdi Planean bertan jasotako inbertsio estrategikoei” erantzuten diela.

Adierazi dutenez, "Getxoko orain arteko aurrekonturik altuena da", eta "ekimen garrantzitsuak lehenesten ditu irisgarritasunaren arloan, hala nola arrapalak eta igogailuak; mugikortasuna hobetuko du, hiri-busarekin eta Areetako aparkaleku publikoarekin, eta gazteentzako etxebizitzak bultzatuko ditu".

Zuzenketak

EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek osoko zuzenketa bi aurkeztu dituzte, baina biak baztertu ditu Udalbatzak; gauza bera gertatu da EH Bilduren 52 zuzenketa partzialakaz eta Elkarrekin Podemosen 36 zuzenketa partzialakaz. Aldiz, akordioaren ondorioz, PPk aurkeztutako 17ak onartu dituzte.

EH Bilduren proposamenak baztertu arren, besteak beste, honako gai hauek aipatu dituzte: udal-lursailetan gizarte-laguntzako etxebizitzak eraikitzea eta hutsik dauden etxebizitzak mobilizatzeko nahiz horiei kanona aplikatzeko plana egitea; auzo-taxi zerbitzua mugikortasun urria duten pertsonentzat eta Getxobusa; ikastetxeen inguruetako kale guztiak oinezkoentzat egitea; Aldapan eta Andra Marin zentro komunitarioak egitea; Mimenagako ibarra berreskuratzea; merkataritza bultzatzea; Andra Mariko kiroldegia berritzea; Errotatxun abentura-zentro bat egitea; Algortan beste liburutegi nagusi bat egitea; etxeko laguntza-zerbitzua zuzenean kudeatzea; kultura-, kirol- nahiz gizarte-taldeentzako dirulaguntzak % 10 handitzea; eta Palestinari laguntza ematea.

Bestalde, Elkarrekin Podemosen proposamenek honako gai hauek zituzten hizpide, besteak beste: Sarrikobasoko etxebizitzetarako konponbidea (lurzatiak erostea); hutsik dauden etxebizitzetarako kanona eta Getxon tentsio handiko eremuak deklaratzeko azterlana; ikastetxeetan inbertsio gehiago egitea eta beste haur-eskola bat egitea Aldapan eta Andra Marin; bidegorri gehiago egitea; eta etxerik ez dutenen egoera hobetzea nahiz harrera-plana hobetzea.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun