Zer iritzi duzu Adimen Artifizialaren inguruan?
Ulertzen dut teknologia aldatzen doala eta prozedura berriak asmatzen dituztela bestelako gauza asko egiteko. Batez ere, gauza mekanikoetarako prozesuak azkartzen dira. Oso interesgarria iruditzen zait gizakioi aspertzen gaituzten lan errepikakorrak saihesteko. Torlojuak estutzen dituen robot bat zoragarria irudituko litzaidake, baina ez dut ulertzen zergatik egin gura dugun arimarik gabeko gauza bat gu ordezkatzeko jarduera sortzaileetan.
Zure lanean nola eragin dizu Adimen Artifizial sortzaileak?
Nire lana ingurune prekarizatu bat da eta jendeak ez ditu gure sorkuntzak baloratzen. Nabaritu dut telefonoak ez duela jotzen. Gainera, AAgaz egindako kartel asko ikusten ari naiz, udaletako gauza instituzionaletan ere. Artista gisa, oso irudi itsusiak iruditzen zaizkit. Graziarik gabeko gauza bat da, gizatasuna eta artea falta zaizkiola nabaritzen zaiona. Artelan bakoitza bakarra izatea egiten duen ukitu hori falta zaio.
Ezagutzen ditut egoera txarrean dauden sortzaileak; asko jaitsi dira haien enkarguak ere. Ni finkatuta nago, ia 30 urte daramatzat marrazten. Uste dut jende gazteak askoz zailagoa izango duela. Askok ez dute AAren inguruan gogoetarik egin eta beragaz ere sortzen hasiko dira. Baina sortuko dutena oso zaila izango da niri interesatzea.
Nola ikusten duzu zure lanbidearen etorkizuna?
Jardun oso ezegonkorra da, eta oso zaila da, oro har, lanak lortzea. Jendeak kultura gutxi kontsumitzen du, liburu gutxi erosten ditu, komikiak, zinemara gutxi joaten gara... zaila da. Etorkizuna oso zalantzazkoa ikusten dut. Lana alde batera utzita, kontsumitzaile eta irakurle naizen aldetik, pena handia ematen dit, txiroa izango naizelako eta gainera izugarri aspertuko naizelako.
Orain AA edonon ikus dezakegu, baina zu noiz hasi zinen bere eragina nabaritzen?
Azken bi urteetan. Adibidez, zerbait marraztu behar dudanean, argazkiak bilatzen ditut Googlen. 2022tik hona, Googleren lehen orrialdean arraroak iruditzen zaizkidan gauza asko agertzen hasi dira. AA bere buruaz elikatzen hasi da: 6 hatz dituen jendea, atzealdean Francis Baconenak diruditen irudi deformatuak… Nik asko nabaritzen dut. Nik ez dakit jendeak ez ote dion horri baliorik ematen. Batez ere, Pixarren estetika horretan oinarritzen da, plastikoz egindakoak bezala. Dena estilo berekoa da, Gabonetako postaletarako modukoa. Artearen gauzarik politena da bakoitzak bere influentzietatik abiatuta estilo berri bat sortzen duela.
Nondik ateratzen dira AAgaz sortutako irudiak?
AA baimenik gabe entrenatu da. Interneteko gure irudi guztiak doan hartu ditu eta bere programan murgildu ditu bere algoritmoan irudi berriak sortzeko. Inork ez digu baimenik eskatu eta ez digute ordainduko ere. Beraz, lehenengo lapurtu egiten digute, eta, gero, ordezkatu, ezeren truke.
Orain, Kultura Sailak esan du lizentzia kolektiboak kaleratu gura dituztela. Izan ere, onartu dute ezinezkoa izango litzatekeela sortzaile bakoitzari bere lana lapurtzeagatik ordaintzea. Kultura Saila Silicon Valley-n zergak ordaintzen dituen enpresa baten alde jartzen ari da, hemengo sortzaile talde txikien aurka.
Nola funtzionatuko luke lizentzia kolektiboak?
Zehazki, ez dakit. Gobernuaren proposamenaren arabera, lizentzia kolektibo baten bidez, artista batek ezetz esan ezean, AAk bere irudiak har ditzake. Baina berdin dio batek ezetz esatea, beste 10.000 artistari irudiak hartzen badizkio. Gainera, artista bera ezabatu behar da lizentzia kolektibotik, ados ez badago. Ez lukete ezer hartu behar zuk izena zerrenda horretan eman ezean, baina ez dute horrela planteatu. Jende askok ez du jakingo eta ez du jakingo nola egin bertatik ezabatzeko, burokrazia ez delako inoiz erraza. Gainera, urteak daramatzate AA entrenatzen, gure ahaleginari esker.
Zuon egoera salatu duzue?
Zenbait plataforma daude, batez ere, federazioak eta ilustratzaileen elkarteak. Denok gaude harremanetan. Gobernuaren aurrean solaskide izaten saiatzen gara, baina ez digute kasurik egiten. Egile-eskubideak kudeatzen dituzten erakundeek, hala nola ALMA, SEGAP eta gainerakoek, beren bazkideak kontuan hartu gabe, Kultura Sailaren proposamenaren alde egin dute. Egia esan, galduta gaude. Ez dugu zer eginik Apple edo X bezalako enpresa baten aurka. Oihuka ari gara leihorik gabeko gela itxi batean. Ezin dugu ezer egin.
Uste duzu jendea kontzientziatuta dagoela?
Ez. Jendeak ez ditu baloratzen artea eta sormena, baina hori da konfinamenduan bizitza salbatu ziguna. Irakurri, musika entzun, filmak, telesailak... Jendea ez dago kontzientziatuta. Ez dago artisten ahaleginari balioa ematen dion kulturarik. Zer egiten du AAk? Oso errepikatuta dauden ideiak hartu eta horiek bota. AA kulturaren amaiera da. Gizaki batek sortutakoa baino ezin du errepikatu. Orduan, marrazkilaririk edo argazkilaririk ez dagoen unean, ezin izango du etorkizun horretan dagoena irudikatu.
Zein da irtenbidea? Zer proposatzen duzu egoera honi buelta emateko?
Nire ustez, gobernuek beren sortzaileak babestu beharko lituzkete, haiek baitira zergak ordaintzen dituztenak eta aberastasuna sortzen dutenak. Ez lirateke beti multinazional baten alde jarri behar, ez baitu zergarik ordaintzen. AA orain doan da, baina denok hondoratzen gaituenean, ordainpekoa izango da. Politikan ordezkatzen gaituen jendeak babestu egin beharko gintuzke.
Zer esango zenioke jendeari?
Nahiko ezkorra naiz. Mundua ezagutzen dugun bezala aldatzen ari da. Jendeari esango nioke Terminator eta Matrix pelikulak ikusteko, AAgaz nola amaitu dezakegun gogoratzeko. Nahiz eta oso urrun egon, sormenaren basamortu bat sortzen ari gara.