Nola definituko zenuke hezkuntza sexuala?
Hezkuntza sexuala aipatzen dugunean, beti joaten zaigu pentsamendua ikastetxetara, formakuntzetara eta horrelako hitzaldietara, baina, egia esan, hezkuntza sexuala jaiotzen garenetik jasotzen dugu, leku guztietan. Guk geuk heldu gisa egiten dugu: nola janzten garen emakume/gizon bezala, ze jokabide ditugun… dena da hezkuntza sexuala. Batzuetan, familiekin hitz egiten dudanean, esaten didate haiek ez dutela ezer egin. Ezin da ez egin. Garen pertsonaren inguruko edozein informazio heziketa da.
Gertatzen dena da sexu hitza entzuten dugunean pentsamendua joaten zaigula harreman erotikoetara eta, gainera, harreman erotiko zehatz batzuetara: emakumea eta gizona, koitoa… baina hori baino askoz zabalagoa da hezkuntza sexuala. Izan ere, horren oinarria da norberak bere burua ezagutzea, hori onartzeko, maitatzeko eta harreman osasuntsuak eraiki ahal izateko. Horretarako landu behar dugu autoestimua, gure gorputzaren ezagutza, sentimenduak nola adierazi, etab. Gauza horiek zeharka lotuta daude harreman erotikoekin.
Badago adin konkreturik sexuaz esplizituki hitz egiteko?
Noiz hasiko zinateke haur bati sukaldaritzaren inguruan hitz egiten? Edo trafikoari buruz hitz egiten? Bada, adinaren arabera. Eta askotan galderak eta elkarrizketak era naturalean sortzen dira. Askotan ere uste dugu hitzaldi feminista bat bota behar dugula, baina, gero, etxean, aitak konpontzen du bonbilla. Haurrek gehiago ikasten dute ikusten dutenarekin, entzuten dutenarekin baino. Gu gara eredua eta adibidea eta, horrela, hezkuntza egiten ari gara. Betidanik hitz egin badira gai horiek etxean eta gainera ikusten badituzu gurasoak -guraso bi badituzu- elkarri musukatzen eta ukitzen, beste modu baten jasoko duzu. Hau da, besarkatzen eta ukitzen baditugu gure familiartekoak, seme-alabak… hor ere hezkuntza egiten ari gara, nola adierazten diren etxean sentipenak, alegia. Garrantzitsua da eta horretarako ez dago adinik.
Etxetik kanpo jasotzen diren irakaspenak nola kudeatu ditzakegu etxean?
Guk etxean hazia jartzen dugu eta hortik aurrera bere bidea egingo du umeak, bera pertsona indibiduala delako. Jasoko ditu input horiek etxetik, kanpotik… azken finean gizarte batean bizi garelako eta ezin dugulako bertatik at hezi. Gauza batzuetan balioko zaie gurea eta beste batzuetan ez. Garrantzitsuagoa da kritikoak izaten irakastea. Horregatik, aitzakia ona izaten da zerbait irratian entzuten dugunean edo filma bat ikusten ari garenean hori komentatzea. Edo arreta jartzea guk zer esaten dugun, adibidez, kaletik pertsona bat ikusten dugunean gorpuzkera edo adierazpen zehatz batekin. Gero, abesti bat entzuten badute edo lagunekin beste iruzkin batzuk entzuten badituzte, jakingo dute kritikoak izaten.
Nola ikusten duzu gaur egungo hezkuntza sexuala?
Beti esaten dugu sexuen hezkuntza egiten dela ikastetxeren baten, noizean behin eta orduren baten. Ez dago integratuta, ez da maila guztietan ematen eta ez dago modu formal batean egituratuta. Zalantza edo eztabaida ere badago ea horrela izan beharko litzatekeen. Baloreak bezala, ideala izango litzateke bakoitzak bereak etxean jasotzea. Baina askotan gurasoak beldurtu egiten dira, haiek ez dutelako hezkuntza hori ere jaso. Deigarria da, izan ere, tailerrak antolatzen direnean guraso-eskoletan, ez direlako joaten ere. Beraz, ez dago ez etxean, ez eskolan modu egituratu batean. Orduan, hutsune hori pornoak betetzen du. Hasieran zen haurdun ez gelditzea, gero infekzioak ez kutsatzea. Orain, pornoa. Beti dira alarmak eta arriskuak. Noiz hitz egingo diegu plazerei buruz, onurei buruz, harreman gozagarriei buruz? Noiz esaten diegu zer bai?
Zer iritzi duzu pornoaren inguruan?
Pornoan jasotzen dutena ez da errealitatea, baina ez dute beste erreferenterik. Orduan, ez badiegu esaten zer bai galduta egongo dira. Pornoa debekatu nahian gabiltza, baina pornoak ez du hezteko funtziorik, ez dago horretarako eginda. Fantasiarako dago eta erabilgarria izan daiteke horiek norbaiti bere modura betetzen badizkio. Halaber, porno mota asko dago mainstreamaz haratago, eta horrek badu bere alde ona. Askotan bertan ikusten ditugu beste gorpuzkera eta harreman batzuk ere. Gaur egun pornoa oso zabala da, ikusi nahi duzun edozer gauza topa dezakezu. Nola ikusi dezake mutiko trans batek nola geldituko den bere gorputza testosterona hartzen badu? Nola handituko zaion klitoria, esaterako? Bada, pornoan. Baina argi izan behar dugu bete behar dugula heziketa hutsune hori pornoak bete ez dezan. Beste erreferente bat jartzen badiogu, ez dute hor bilatuko. Hori da arazoa, ez gaudela heziketa betetzen ari.
Sexuan badaude mito eta espektatiba asko. Zure ustez, zein da gazteek eraldatu behar duten mitorik azpimarragarriena?
Oso harrigarria da oraindik 2. batxilergoan nola ez duten beren gorputza ezagutzen. Oraindik ere oso gizarte koitozentrista batean gaude: horren inguruan dena mugitzen dela pentsatzeak kalte asko sortzen ditu. Nik kontsulta dut eta bertan artatzen ditut pertsona helduak, eta ez dakizu zenbat arazo ekartzen dizkien gizon zein emakumeei pentsatzea koitoa dela erdigunea. Hierarkiaren goiko aldean jarri dugu praktika hori. Da esatea bezala: Euskal Herrira noanez, Guggenheim soilik ikusi behar dut eta beste guztia ahaztu. Askoz politagoak diren herri txikiak ere daude. Orduan, ez da bakarrik praktika gehiago daudela, baizik eta genitaletatik aparte gorputz oso bat dugula. Azala da organorik zabalena. Gainera, gure testuinguru osoan ere ez da hori azaltzen: pelikuletan, komunikabideetan… askotan pentsatzen dugu pornoak egiten duen kaltean baina beste euskarrietan zer ikusten da? Eredua berdina da.
Gainera, askotan uste dugu gurasook super modernoak garela kondoi bat eman diegulako gazteei. Baina kondoi bat ematen duzunean esaten ari zara harremanak heterosexualak izango direla eta koitoa egongo dela. Pentsa dezagun ze mezu ez hain modernoa ematen ari garen.
Baimena nola lantzen da gaur egun?
Hemen eztabaida handia dago sexologiaren munduan. Eredua da gizonak proposatzen duela eta emakumeak onartu behar duela ala ez. Izan beharko litzatekeena da, norbaitekin bazaude, egingo duzuen hori adostea. Orain sortzen ari garen harreman honetan, agian tarte honetarako, agian luzarorako, elkarrekin gaude eta adostu dezagun nondik bai eta nondik ez. Horretarako zuk ere jakin behar duzu zer gustatzen zaizun eta zer ez. Baina batzuetan ez duzu hain argi eta joan ahal zara frogatzen.
Baimenaren arazoa da pentsatzen dugula oso argi izan behar duela beti emakumeak zer nahi duen eta zer ez momenturo. Zama hori jarri zaigu eta errealitatea da desira mugitzen doala. Batzuetan gehiago da "joan gaitezke ikusten" bat edo "momentuz ez" bat. Grisak ahaztu dira bertan. Izan behar da bien artean eraikitzen ari garen zerbait, bien artean ari gara bidea egiten eta ikusten nondik bai eta nondik ez. Era berean, bien artean ere ari gara erabakitzen. Horretarako, garrantzitsua izango litzateke hezkuntza sexualean neskekin asertibitatea lantzea eta mutilekin enpatia. Ez dut behar besteak baietz ala ezetz esatea ulertzen badut bere jarrera. Eta aldrebes, ez dut behar besteak ezer galdetzea nik argi markatzen baditut nire mugak.
Nola deseraiki sartu dizkiguten ideia guzti horiek?
Nik uste gaur egun sexologo gehienok egiten ditugun formakuntzetan indarra jartzen dugula beste gauza batzuetan. Arriskuei buruz hitz egiteko deitzen gaituzte beti ikastetxeetan, baina gu saiatzen gara horri buelta ematen eta pixka bat eraikitzen beste bide batzuk. Saiatzen gara esaten zer bai eta nola bai. Adingabeen kontrako abusuekin beldur handiak sortu dira, beraz, esan beharrean "kontuz helduekin", autoestimua lantzen dugu.
Deigarria da ere helduei esaten diegunean gustuko dutena bilatzeko eta egiteko. Orduan erantzuten dute ez dakitela zer gustuko duten. Gertatzen da gero eta lehenago izan lehenengo koitoa orduan eta murritzagoa dela gure sexualitatea zentzu horretan. Askotan pentsatzen dugu beranduago egiten denean lehendabiziko koito hori bitartean egon garela ezer egin barik, baina beste gauza batzuk egiten egoten gara denbora horretan. Ikertuta dago horrek gure sexualitatea aberastu egiten duela.
Bestalde, gorputz biluziak ikustera ohituta dauden gazteek autoestimua hobea dute eta euren gorputza hobeto onartzen dute. Ikusi dutelako gorputzak anitzak direla. Horrelako gauzak garrantzitsuak dira hezkuntza sexuala egiteko momentuan eta ohartu gabe egiten ditugu.