Elkarrizketak

Garazi Murua: "Gabarra ez da gizonezkoen sinbolo esklusiboa: guztiona da"

Onintza Enbeita 2025ko urt. 9a, 09:23

HODEI TORRES / ARGIA CC BY-SA

2002an ikusi zituen lehenengoz hamaika emakume kamiseta zuri-gorriarekin San Mamesen. Bere ametsa egia bihurtzeko aukerak errealak zirela ulertu zuen Garazi Muruak. Athleticeko nesken taldeko kapitaina izatera iritsi zen, baina lesio batek behar baino lehen ekarri dio erretiroa.

29 urterekin erretiratu zara futboletik. Goiz samar akaso?

Gaztea naiz, eta oraindik futbola daramat botetan, baina azken urteak zailak izan dira. Bizkarreko lesio gogor bat izan dut, eta gaindituta gero ez dut zelaian parte hartzeko aukerarik izan. Denbora asko egin behar izan dut geldi, eta halakoetan beste batzuek hartzen dute norbere lekua. Gazteak oso maila onean ari dira, eta pentsatzen hasi nintzen ikasketak amaitzear nituela, eta agian, hauxe zela beste erronka batzuei heltzeko nire momentua. Besterik gabe.

Bizkarreko lesioaren eraginez, minez jokatu zenuen bolada luze batez. Nola gogoratzen dituzu azken urteak?

2020an hasi nintzen lesioarekin. Hilabete pare bat egin nituen geldi, eta berriro jokatzen hasi nintzen. Kontua da, jokatzen hasi arren, harrezkero, bizkarreko minez bizi izan nintzela 2023an ebakuntza egin nuen arte. Lehian sartuta zaudenean ez duzu geratu nahi, baina 2022ko irailean mina jasanezina izatera iritsi zen eta geratzea erabaki nuen. Beldurra nuen, ez bainekien zein prozesu jarraitu beharko nuen, eta mina nire bizitza baldintzatzen ari zen: herren egiten nuen, postura bakarrean lo egin nezakeen, zutik ezin nuen luzaro iraun, baina eserita ere ez… hernia diskal bi nituen bizkarhezurrean eta gaur egun halakoak ebakuntzarik gabe pasatzen direla esan zidaten. Pentsatzen nuen tratamendu kontserbadore batekin konponduko zidatela arazoa eta hilabete batzuetan jokoan izango nintzela. Sintomak gutxitzeko balio izan zidan tratamenduak, baina lehen mailako futbolera itzultzeko derrigor egin behar izan zidaten ebakuntza.

2023ko urtarrilean erabaki genuen kirofanotik pasatzea eta erabakirik onena izan zen. Oso ondo errekuperatu nintzen eta taldera itzuli nintzen, baina ordurako, urte bi neramatzan geldi. Lortu nuen taldearen erritmoan entrenatzea, baina partidetan ezin izan nuen parte hartu. Urte bi asko dira partida ofizialetatik kanpo, eta min fisikoa gainditu arren, min emozionala nuen. Horrek gogorragoa egin zidan esperientzia.

Mina desagertu da, baina futbola ere bai. Nolakoa da orain Garaziren bizitza?

Kirola egiten jarraitzen dut. Plakaketa gabeko errugbia probatu dut, adibidez. Futbolean jokatzen dut abokatuen elkargoko taldearekin ostiraletan, eta kirolaz beste leku batetik gozatzen ari naiz: ondo pasatzen dut, jendea ezagutzen ari naiz, harreman berriak egiteko balio dit… Euskadi Irratian ere ari naiz futbol partidak komentatzen, eta gustura. Polita da jokatu ezin dituzun partida horien berri ematea. Hori bai, ahal dudanero joaten naiz Lezamara: oraindik ere, nire taldea nire taldea da.


HODEI TORRES / ARGIA CC BY-SA

Abokatuen elkargoko taldean ari zara futbolean; izan ere, ikasketaz abokatua eta ekonomialaria zara. Ez zara futbolean bakarrik ibili urte hauetan.

Beste emakume askoren moduan, futbolean ibili naizen urteetan, ikasten ere aritu naiz. Lehen mailan ari zarenean ez da erraza, baina ikasketei zeure erritmoa ezarrita, bateragarriak dira futbolarekin.

Zentzu horretan, oso erreferente ezberdinak sortzen dira gizonezkoen eta emakumezkoen artean, ezta?

Ezinbestean. Gure arteko distantziak handiak dira. Gizonezkoen lehen mailako futbolean dauden kontratuak, bai kirolean bai publizitatean, ezin dira gureekin alderatu. Beste dimentsio batean daude. Gu ere profesionalak gara –hara, oraindik lehen pertsonan hitz egiten dut!–, baina askoz ere maila apalagoan. Gure aurrezteko gaitasunak ez dauka haienarekin zerikusirik, eta argi dugu kirol ibilbidea amaitzen dugunean beste zeozertan lan egin beharko dugula. Orduan, gure ibilbide profesionala garatzearekin batera, gerorako trantsizio hori ere prestatzen dugu.

"Urte bi asko dira partida ofizialetatik kanpo, eta min fisikoa gainditu arren, min emozionala nuen."
Lehen pertsonan hitz egiten duzu, bai. Kapitaina izan zara urte askotan. Zeure sentitzen duzu taldea?

Ohore eta erantzukizun hori izan dut. Nire kirol ibilbidea goxotasun eta maitasun handiz gogoratuko dut beti.

Mutilen eta nesken kasuan, Athleticen behintzat, ez dira berdin aukeratzen kapitainak.

Gizonezkoen taldean beteranotasunaren arabera izendatzen dira kapitainak, baina emakumezkoen kasuan aldagelak aukeratzen du bozketa bidez. Nik taldekideek kapitain izendatu izanaren ohorea izan dut. Ederra da zure taldekideek zu aukeratzea haien kapitaina izateko.

Konfiantza eta errespetua erakusten ditu horrek, edo?

Bai, eta azken finean, kirol ibilbidetik gorde dezakezun gauzarik politenetakoa da hori: zure taldekideen maitasuna eta errespetua.

Getxoztarra zara izatez, eta Athleticen jokatu dituzu urte gehienak. Zu futbolean hasi, ordea, Ameriketako Estatu Batuetan hasi zinen.

Nik beti jokatu izan dut futbolean, baina umetan, eskolako taldean sartu nahi izan nuenean, ezin izan nuen pauso hori eman. Orduan, gurasoen lan kontuek Nevadara eraman gintuzten 10 bat urterekin, eta han hasi nintzen talde misto batean jokatzen. Bueltan Bizkerren hasi nintzen, herriko taldean. Hasieran mutilekin batera jokatu nuen, baina DBHrako salto horretan, legeak esaten zuen haurren kategoriatik aurrera ezin zela talde mistorik egon. Orduan, Bizkerreko nesken taldean jarraitu nuen Athleticek fitxatu ninduen arte.

Zure agurreko bideoan ere, presente egon da Bizkerre.

Urte politak eman nituen han. Umeak ginen, eta egunen batean lehen mailan jokatzeko ametsa geneukan, Athleticeko kamiseta jantzi nahi genuen… intentsitatez bizi nuen futbola orduan. Gainera, Bizkerrek beti egin du apustua emakumeen futbolaren alde. Algortarra izanda, eta bestela ere bai, oso harro eta pozik nago Bizkerreko harrobitik etortzeaz.

Bideo horretan bertan esaten duzu, botak ez direla eskegitzen, oinordetzan ematen direla eta beste neska bati eman dizkiozula.

Gu umeak ginenean gure erreferente gehienak, denak ez esatearren, gizonezkoak ziren. Hori zen telebistak erakusten zigun futbola. Niretzat inflexio puntua izan zen 2002a. Athleticeko nesken lehen taldeak liga irabazi zuen eta azken partida San Mamesen jokatu zuten. Hor ikusi nuen nik aurrenekoz emakume talde bat San Mamesen, kamiseta zuri-gorria jantzita. Hor konturatu nintzen nik ere egin nezakeela amets horrekin. Badakit amets egiteaz gain lan egin behar dela, zortea izan behar dela… baina amesteko aukera gutxienez eman zidan partida hark. Beraz, gure kirol ibilbideko gauza ederrenetako bat izan da, emakumezkoen futbolaren garapenean gure ekarpena egin ahal izatea eta orain futbolean hasten diren nesken (edo mutilen) erreferenteak izan ahal izatea.


HODEI TORRES / ARGIA CC BY-SA

1995ekoa zara zu, eta 2002an sortu zen Athleticeko nesken taldea. Zertan garatu da onerako emakumeen futbola eta zer utzi duzu lortzeke?

Ni lehen taldera iritsi nintzenerako, bidea nahikoa eginda zegoen. Gure aurrekoek zelairik txarrenetan jokatzen zuten, ordutegirik txarrenetan. Baliabide eskasekin eta inolako aitortzarik gabe egin zuten bidea. Ni taldera iritsi nintzenean, bazeuden lanaldi partzialeko kontratu batzuk, adibidez. Gauzek hobetzen jarraitu dute: lanaldi osoko kontratuak daude, hitzarmen kolektiboak sinatu dira… gehiago egin behar dugu, hala ere. Oraindik ere emakumeon profesionaltasun maila apala da eta komunikabideek emakumezkoen kirolari ematen dioten trataera ere aldatu egin beharko litzateke. Baliabideen aldetik, ostera, belar artifizialeko zelaiak kendu behar dira, eta emakumezkoen futbola estadio handietara eraman. Ez da bakarrik agertoki hobea izateagatik: estadioak beti daude hirien erdian eta entrenamendu zelaiak periferian. Zaleei erraztu egin behar zaie emakumezkoen kirolera iristeko modua. Gustatuko litzaidake, gainera, etorkizun ez oso urrun batean gizonek eta emakumeek elkarrekin negoziatzea hitzarmen kolektiboa.

Emakumeei soldatak igotzea bezain justiziazkoa litzateke gizonezko futbolarienak jaistea?

Ez dakit horrek ze bilakaera izango duen, baina gutxieneko baldintzek berdinak izan behar lukete. Aukera berdintasun kontua da; horrek belaunaldi berrietan futbolari profesionalak izateko aukera gehiago sortuko lituzke.

Emakumeek ere estadio handietan jokatu behar dutela diozu. Gogoan daukazu San Mamesen jokatu zenuen lehen aldia?

San Mamesen jokatu nuen lehen aldia ederra izan zen: Txapeldunen Ligako partida bat zen eta irabazi egin genuen. Hala ere, bereziki gogoratzen dudan eguna Erreginaren Kopako kanporaketa hura da: Athletico Madriden kontra jokatu genuen eta 46.000 lagun etorri ziren San Mamesera. Negar egiteko gogoarekin atera nintzen zelaira. Hasierako hamaikakoan jokatu nuen eta izugarria izan zen aldagelako eskailerak igo, eta San Mames beteta ikustea. 46.000 lagun gu babesten eta hauspotzen. Partida hartara irteterakoan sentitu nuena oso gutxitan sentitu dut.

"Etorkizun ez oso urrunean, gustatuko litzaidake gizonek eta emakumeek elkarrekin negoziatzea hitzarmen kolektiboa"

Desberdintasun handia dago Lezaman jokatzetik San Mamesen jokatzera?
Bai, eta dena ez da beti onerako. Gerta daiteke estadio handian urduriegi jartzea ere. Dena den, halako momentua bizitzea merezi dugu emakumeok ere, eta nik nahi nuke ikusi emakumezkoen futbola hamabostero San Mamesen.

Aurten gizonezkoen lehen mailako taldeak Errege Kopa ekarri du Bilbora. Ospakizunetan irauli da Bizkaia osoa. 2016an irabazi zenuten emakumeok azken liga. Gabarraren hutsuneak hor jarraitzen du zuen kasuan.

Izan ez diren gabarrak ez dira bueltatuko, baina emakumeen taldeak beste titulu bat irabazten duenean, gabarra atera egin behar da. Ez da gizonezkoen sinbolo esklusiboa: guztiona da.

Aurtengo ospakizuna kritikatua izan da. Zeuk zelan bizi izan zenuen?

Berez, egun ederra izan zen, baina bai 2016an irabazi genuen hartan, zein emakumeek aurretik irabazitako lau liga haietan ez zen aitortzarik izan. Horrek eta horren inguruko aipamenik ezak gizonezkoen ospakizuna gazi-gozoa egiten du. Etorkizunean, emakumeen garaipenak ospatzeko ere aterako da gabarra eta gizarteak erantzun egingo duela uste dut. Berdintasunaren diskurtsoarentzat inportantea da alde sinbolikoa lantzea eta belaunaldi berriek ulertu behar dute gabarra guztiona dela.

Zuretzat zer izan da Athletic?

Athletici esker nire umetako ametsa eta nire pasioa etxean gozatu ahal izan ditut, familiak eta lagunek babestuta. Oso eskertuta nago.

Irratian ari zara orain partidak komentatzen. Ikusten duzu zure burua harrobian lanean edo entrenatzaile?

Abokatutzako masterra amaitzen ari naiz, eta irratiak futbolari lotuta egoteko eskaintzen didan aukera gozatzen saiatzen naiz. Hala ere, kosta egiten zait hemendik sei hilabetera non egongo naizen irudikatzea. Futbolari lotuta bai agian, baina entrenatzaile ez.

Entrenatzaile ez?

Entrenatzailea izateak lan handia eskatzen du. Egungo futbola datuekin lotuta dago: bideoak ikusi behar dituzu, giza talde bat kudeatzea da zure ardura, emaitzak onak izan behar dira… gauzak ondo doazenean munduko onena zara, bestela kalera. Ogibide zaila eta bakartia da.


HODEI TORRES / ARGIA CC BY-SA

Jendeak normalean futbol taldeez hitz egiten du, baina badago federazio bat ere. Espainiako nesken selekzioan azken Munduko Kopa irabazi ondoren zenbait gauza oso agerian geratu ziren.

Azken urteetan selekzioarekin lotuta egon diren berriak tamalgarriak eta lotsagarriak izan dira. Denon esperantza zen nazioarteko titulu bat irabazteak bultzada handia emango ziola emakumezkoen futbolari, baina begira zer gertatu zen. Gauzak astiro ari dira hobetzen eta hori borondate faltaren emaitza ere bada.

Komunikabideek ere badaukate ardura?

Emakumezkoen kirolari, orokorrean, leku gutxi egiten zaio, informazioaren trataera ez da parekidea…

Zuek aldagelan gauza horietaz hitz egiten zenuten?

Bai, baina azkenean, guk ere normalizatu egin ditugu egoera horiek. Titulu bat irabazi izan dugunean prentsa guztia gainera etorri zaigu, baina bestela ez daukagu presentzia jarraiturik komunikabideetan, eta ohitu egin gara horretara. Gure zortea da futbola futbola dela, zeren emakumeen beste kirol batzuk oraindik gutxiago errespetatzen dira. Beti itzalean bizi izan garenez, normalizatu egin dugu hor egotea. Badakizu ez dela justua, baina ez duzu beti haserre egon nahi.

"Gizonezkoen taldean beteranotasunaren arabera izendatzen dira kapitainak, baina emakumezkoen kasuan aldagelak aukeratzen du bozketa bidez"
Zure ibilbidean nortzuk izan dira erreferente handienak?

Jende asko da garrantzitsua pertsona bakar baten kirol ibilbidean. 2002ko emakumezkoen San Mameseko partida hartan ikusi nuen taldea bera, adibidez. Nire lehen erreferenteak honakoak izan ziren eta, gainera, horietako batzuekin aldagela konpartitu dut gerora: Ainhoa Tirapu, Eli Ibarra, Iraia Iturregi, Erika Vázquez… gero, atzelari moduan, Irene Paredes handiarekin jokatzeko aukera izatea kristorena izan da. Ez bakarrik munduko atzelaririk onenetakoa delako, berdintasunaren bidean erreferente izan delako ere bai. Oso eskertuta nago Athleticera ekarri ninduen jendearekin, une zailetan lagundu nautenekin, bidelagunekin… urte asko egin ditut Athleticeko aldagelan eta bizi guztirako lagunak egin ditut.

Gizonen taldeko kapitainaren agurrarekin batera publikatu zen zurea. Konparaketak nazkagarriak dira, baina zu etengabe ari zara kolektiboaz hizketan.

Niri futbolak, kirola egiteaz aparte, aukera eman dit emakumezkoen futbolaren garapenean nire ekarpena egiteko. Horrek ni baino askoz handiagoa den aldaketa baten parte izateko aukera eman dit. Eta badakit nik izan ditudan aukerak izan baditut, izan dela, beste batzuek aurretik lan bat egin dutelako.

Zure ibilbidetik momenturen bat kendu beharko bazenu?

Esango nizuke lesioa, baina azkenean kirol ibilbidean, bizitzan bezala, momentu onak eta txarrak daude. Lesioa gogorra izan da emozionalki, baina nire kirol ibilbidea osorik onartu nahi dut. Pozik eta harro nago nire ametsa bete dudalako.

Inoiz pentsatu duzu gizonezkoen taldean jokatu izan bazenu, orain beste leku batean egongo zinatekeela? Damurik edo baduzu?

Gizon ez izatearen damua? Kar-kar-kar.

Beno, futbola beste modu batera bizitzearen damua edo.

Hau da egokitu zaiguna, eta berriro esango dut: gu baino handiagoa den aldaketa baten parte izan gara eta hori ederra da. Ez nuke ezer aldatuko. 

Artikulu hau ARGIA.EUS agerkariak argitaratu du, eta CC-BY lizentziari esker ekarri dugu webgune honetara.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun