Zeintzuk dira obraren gai nagusiak?
Heisenberg fisiko bat zen eta berak formula bat egin zuen ziurtasun gabeko printzipioa azalduz. Dena hasten da ekintza batekin, eta obran azaltzen da nola ziurgabetasun horretatik abiatuta bi pertsonek harreman bat garatu dezaketen. Beraz, nik uste gai nagusia maitasuna dela. Azkenean, bi pertsonaiak biluzten dira beren sentimenduekin eta beharrekin. Komedia erromantiko bat da, baina ez da guztiz arrosa. Bizitza ez da Disney, batzuetan ez da erraza eta, hori, obran islatzen da.
Nolakoa izan da zure pertsonaia antzeztea?
Hasieran, gidoia irakurri nuenean, ez nekien nondik hartu pertsonaia hau. Lurrikara bat da, sua bera. Gai batez hitz egiten
ari da, eta, arin-arin, beste batera pasatzen da. Zoramena zen niretzako hasieran pertsonaia. Orduan, etxean inoiz jarri ez nuen soineko bat jantzi nuen, oraindik ere ez nekiena noiz estreinatuko nuen. Soineko hori jarri nuenean, pertsonaia hizketan hasi zen. Eta hortik aurrera oso erraza bilakatu zen pertsonaia ulertzea. Berez, hunkitu egiten naiz, asko irakatsi didalako bere zaurgarritasunarekin; erakutsi dit ez garela hain ezberdinak. Pertsonaia ulertzea ezinezkoa iruditzetik oso ondo ulertzera igaro naiz.
Obran 33 urte nagusiago den pertsona batez maitemintzen da zure pertsonaia. Gai hori nola hartu du jendeak?
Jendea harritu egiten da hasieran, baina gero iruditzen zaie adin ezberdintasun hori ez dela nabaritzen. Azkenean, harreman bat da eta hori da ikusten dena. Ahazten zara adinaz, eta ikusten dituzu bi pertsonaia haien beharrak batak besteari betetzen.
Zergatik gomendatu jendeari obra?
Ezberdina delako, ez dut horrelako bestelako obrarik ikusi. Ikuslegoak gauza bitxi bat ikusiko du. Eszenografia oso biluzia da: bi aulkirekin eta lau elementu gehiagorekin batera lan egiten dugu. Gainera, fokuek eremua inguratzen dute eta oso toki txikian eta intimoan lan egiten dugu. Uste dut jendeak oso ondo pasatuko duela bi lagun intimitatean ikustean. Eszena bakoitzak guztia hankaz gora uzten du eta segituan hurrengoa agertzen da. Orduan, momenturo zaude esperoan ea zer gehiago gertatuko den. Beraz, jendea animatu nahi dut antzokira etortzeko, kulturak pertsonen laguntza behar duelako. Ziur nago oso ondo pasatuko dutela, eta guk gure onena emango dugu hori gertatzeko.