Auzotarren mosaikoa "auzoaren aberastasun bisual eta kulturalean oinarritutako proiektua da", udal-iturriek nabarmendu dutenez. Tokiko nortasunaren parte diren elementu arkitektonikoak, naturalak eta sozialak islatzen ditu, eta, gainera, hiri-espazioaren eta komunitatearen arteko lotura bat sortu gura du. Horretarako, eguneroko eszenak, eredu geometrikoak eta inguruneko zatiak uztartzearen aldeko apustua egiten du, monumentalismo arkitektonikoa eta naturaren bizitasuna integratzen dituen zabaltasun eta sakontasun sentsazioa sortuz. Josemi Ibarretxek egindako Xakea horma-irudi enblematikoari ere erreferentzia egiten dio muralak, lan horretan agertzen diren xake-lauki batzuk ere integratzen dituela, "memoria historikoa eta jarraitutasun kulturala sinbolizatzeko".
Hautaketa-prozesua
33 proiektu aurkeztu ziren Miren Larrea lehiaketaren lehenengo fasean, eta horietako bost azken fasera pasatzeko aukeratu zituzten. Lehiaketako lehen edizio honetan, arte adituek, Getxo Kulturako teknikariek eta eraikineko jabeen komunitateko ordezkaritza batek osatu zuten epaimahaia. Ondoren, parte-hartze prozesu ez-lotesle bat jarri zuten martxan, herritarren iritzia ezagutzeko. Hori amaitutakoan, bozketan parte hartu zuten herritar gehienak (726, guztira) zein epaimahaiak aho batez bozkatu zuten behin betiko proposamena. Guztira, Getxo Kulturak 33.000 euro bideratuko ditu proiektua gauzatzeko. Horri gehitu behar zaizkio Getxoko Udalak fatxada birgaitzeko eta egokitzeko aurretik eginiko lanak, bai eta beharrekoz diren bitarteko osagarriak.