Aixerrota eraikin historikoa zaharberritzeko lanak abiatu ditu Getxoko Udalak

Iker Rincon Moreno 2025ko urt. 22a, 13:29

Zaharberritzeko lanak egiteko aldamioa jarri dute eraikinaren inguruan.

Getxoko Aixerrota eraikin historiko eta enblematikoa berritzeko lanak abiatu dituzte; errotaren kanpoaldea zaharberritzeko lanak esleitu ditu tokiko Udalak, "ukitu kontserbatzailea" izango duena. Beharrotarako, 48.287,23 euro bideratu dituzte, eta errotaren iragazgaiztea eta fatxadaren egoera hobetzeko hainbat jarduketa biltzen ditu. 2021tik itxita dagoen ondoko jatetxea udaberrian zabalduko du enpresa emakidadunak.

Daborduko obrak hasi dira, eta eraikinaren inguruan aldamioak ikus daitezke. Arduradunek azaldu dutenez, lanak honako hauetan zentratuko dira: fatxada garbitzea eta iragazgaiztea; junturak iragazgaiztea; harlangaitza zuinkatzea; leihoen erremateak zinkez konpontzea; eta kanpoko junturak pikatzea, besteak beste.

Udalak iragarri duenez, lanak "erritmo onean" doaz, eta eraikinaren ondoko jatetxea kudeatuko duen enpresa emakidadunak hori udaberrian irekiko duela iragarri du. Hala ere, Udalak azaldu du zein egunetan izango den jakinaraztearen zain dagoela.

Aixerrota zaharberritzeko lan horien bidez, Getxoko Udalak nabarmendu du udalerriko ondare historikoa zaindu gura duela, eta eraikin adierazgarrienetako baten segurtasuna eta egoera ona bermatu.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun