Getxoko GURARI Emakumeen Etxea inauguratu dute, kantu eta poesia artean

Hodei Torres · Nahia Martinez Gondra 2025ko urt. 23a, 11:24

Atzo, urtarrilak 22, Getxoko emakumeen aniztasun beharrei erantzuna ematea helburu duen GURARI Emakumeen Etxea inauguratu zuten. Hala, eremu horren xedea da emakumeen artean loturak, sareak eta kolektiboak sortzeko prozesua sustatzea, eta beraien ahalduntze pertsonala, kolektiboa eta soziopolitikoa bultzatzea. Hemendik aurrera, Algortako Benturilleta eta Telletxe kaleen artean kokatutako Etxea irekita egongo da astelehenetik barikura, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:30era; zapatuetan, 15:00etatik 21:00etara, eta, domeketan, 11:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:30era.

Irekiera handian egon ziren Getxoko alkate Amaia Aguirre, Gizarte Kohesioko zinegotzi Carmen Diaz,  Emakundeko zuzendaria den Miren Elgarresta eta Bizkaiko Foru Aldundiko Enplegu, Gizarte Kohesio eta Berdintasuneko Diputatu Teresa Laespada. Gainera, ekitaldian parte hartu zuten Las Lombardas emakume koroak, Afrika Bibang abeslariak eta Karmele Larrinaga aktoreak. Halaber, bertan egon ziren ordezkari politikoak, baita Etxea martxan jartzeko prozesu parte hartutako emakume, Jabekuntza Etxeko ikasle, eta Udaleko Berdintasuneko Kontseiluko eta udalerriko emakume eta giza elkartetako ordezkari ugari ere.

GURARI berdintasunaren alde lan egiten duten kolektiboak, elkarteak eta zerbitzuak barne hartzen dituen toki feminista intersekzionala eta antirrazista izango da, hau da, indarrak bateratzeko eta sinergiak sortzeko leku fisikoa. Horrez gain, ahalduntze-eskolaren egoitza ere izango da, eta jarduera ugari hartuko ditu. Asmoa da gizarte-eraldaketara bideratutako emakumeen ahalduntze-prozesuen erreferentzia-, ikaskuntza- eta sustapen-lekua izatea.

Amaia Aguirre alkateak garatutako prozesua nabarmendu zuen, Etxearen amets kolektiboa errealitate bihurtzeko 50 emakumek baino gehiagok eta Udalak elkarlanean egindako lana goraipatuz. Guztiei eskertu zien emandako laguntza, eta Getxoko emakume guztiak gonbidatu zituen lekua bere egitera, eta ideiaz eta proiektuz betetzera.

Emakundeko zuzendari Miren Elgarrestak emakume taldeak, Udala eta mugimendu feminista zoriondu zituen egindako lanagatik, Etxea lorpen kolektibo baten emaitza baita bere ustez. Nabarmendu zuen gero eta  Emakumeen Etxe gehiago daudela EAEn, 20 baino gehiago. Bestalde, Teresa Laespada Enpleguko, Gizarte Kohesioko eta Berdintasuneko foru diputatua ere pozik agertu zen inauguraziogaz, eta nabarmendu zuen ahalduntzea berdintasunerako lehen urratsa dela, eta ez doala inoren aurka, lorpen kolektiboa eta gizartearen elementu nagusia baita.

Gizarte Kohesioko Carmen Diaz zinegotziak ere prozesu parte hartzailean aritu diren emakumeei zorionak eta eskerrak eman zizkien, eta adierazi zuen ezinbestekoa zela borroka feministari ere egindako lana eskertzea eta aitortzea.

Hala, 400 metro koadro baino gehiagoko Etxeak elkarbizitzarako gune bat izango du, egongela eta sukaldeagaz, liburutegi bat eta funtzio anitzeko areto batzuk, non Jabekuntza Eskolako jarduerak izango diren, baita tailerrak, hitzaldiak, jardunaldiak, topaketak eta askotariko jarduerak ere. Bi dinamizatzailek eta koordinatzaile batek artatuko dute eremua eta ordutegia hurrengoa izango da: astelehenetik barikura, 10:00etatik 13:30era eta 16:00etatik 20:30era; zapatuetan15:00etatik 21:00etara, eta domeketan, 11:00etatik 14:00etara eta 15:00etatik 19:30era.

Erlazionatuak

Getxoko GUrari Etxea inauguratuko dute gaur

Iker Rincon Moreno urt 22, 12:20 Getxo

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun