Getxoko HAPOri buruzko herri-galdeketa lotesle baten aldeko sinadura-bilketa abiatu dute

Iker Rincon Moreno 2025ko urt. 28a, 10:53

Getxoko HAPO berriaren kontrako manifestazio bat. © ADI HAPO

Pausoz pauso, behin betiko onartzeko zorian dago Getxoko Hiri Antolamenduko Plan Orokorra (HAPO). Horrek zalantza, kezka eta eztabaida asko sortu ditu azken urteotan udalerrian eta, besteak beste, planak kaltetuko dituen hainbat herritar batu eta horren inguruko galdeketa lotesle bat eskatzeko sinadura-bilketa abiatu dute.

Ekimena abiatu dutenek salatu dutenez, HAPO berriaren ondorioz, 200 familia euren etxeak galtzera doaz, eta, besteak beste, hamarnaka baserri historiko galduko dira. Horrez gainera, salatu dute ibai-arroetan urbanizazio berriak eraikiko dituztela eta, horren ondotik, 9.000 pertsona uholde-arriskuan biziko direla.

Horrez gainera, eskola eta gizarte-zuzkidurak galduko direla deitoratu dute, hala nola Zabala eskolaren jolastokia, "luxuzko eraikinak eraikitzeko". Deitoratu dute ere gazteentzako etxebizitza publikora bideratutako metro koadroak "gutxieneko legalera" mugatuko direla, eta gehien-gehiena etxebizitza libreetara bideratuko direla.

Sinadura-bilketa abiatu duten herritarrek ez dute ulertzen plan horren asmoa, zeinak 4.600 etxebizitza eraikitzea aurreikusten duen, horietatik 3.000 Azkorrin eta Andra Marin, "azken 20 urteetan 7.000 biztanle galdu dituen eta milaka etxebizitza huts dituen herrian (Bilbon baino gehiago)".

Gogoratu dute Eusko Jaurlaritzak berak zenbait akats zuzentzea galdegin diola Getxoko Udalari bere azken txostenean eta, hori guztia dela eta, HAPO "mingarri" hau "zuzendu" beharra dagoela nabarmendu dute, "Getxon bizi garenontzat eta etorkizuneko belaunaldientzat".

Hala, sinadurak batzeari ekin diote, "Getxoko Udalak edo dagokion Administrazioarekiko Auziak etorkizunerako hiri-plan berriaren akats larriak zuzen ditzan". Sinadura horiekaz, getxoztar guztiei zuzendutako galdeketa loteslea egitea eskatu gura diote Udalari. "Kaltetuak desberdinak eta jatorri desberdinetakoak garenez, Getxon bizi zareten guztioi dei egiten dizuegu, denok gaudelako errotik aldatu behar dugun plan honen eraginpean. Zure laguntza behar dugu, zure etorkizuna ere jokoan baitago Getxon plan honekin".

Gogoratu dutenez, EAEko Tokiko Erakundeei buruzko apirilaren 7ko 2/2016 Legeak aurreikusten du, 5.000 biztanle baino gehiagoko udalerrietan, herri-ekimen batek erroldatutako auzotarren % 10aren sinadura lortuz gero, herri-galdeketa loteslea egitea gai horren inguruan. "Alegia, 7.530 sinadura lortzen baditugu (2024ko erroldaren arabera), Udalak herri-galdeketa loteslea egin beharko du, Udalbatzako alderdiek blokeatzen ez badute behintzat".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun