Opera kantaria izanik, lan handia egiten du bere aberrian, Hungarian, baina baita Euskal Herrian ere. Are, datozen hilabeteetan Guridiren Mari Eli opera aurkeztuko du Arriaga Antzokian, besteak beste. Gaur egun, ordea, Szeged-en dabil kantatzen, Mozarten Die Zauberflöte eta Marica grófno operetan lanean.
Hungariara begira jarriz gero, Ódorrek buruan ditu hango janari tipikoak, "oso astunak" gehienak, hala nola gulyásleves, töltött paprika eta brassói apró pecsenye, eta ospakizunetan ezinbestekoa den edaria, pálinka, alkohol-maila altuko likorea. "Ia denek edaten dute, baina ia inork ez du gustuko. Hala ere, tradiziozko erritual edo su-proba moduko bat da, eta denek igaro behar dute".
Kulturari dagokionez, Hungariakoa aberatsa da; horren adierazle da bere hiria, Pécs, Europako Kulturaren Hiriburu izendatu izana 2010ean. "Ospetsua da kórus musikaren tradizioagatik". Aztarna historiko ugari dituen hiria ere bada, duela 80.000 urtekoak aurkitu baitira bertan. Hala ere, Ódorrek beste pertsonaia bat ekarri gura izan du gogora, XV. mendeko Valakiako printzea: Vlad III.a, edo Drakula. Azaldu duenez, ikertzaile batzuen arabera, odol-xurgatzaile ezagunena inspiratu zuen pertsonaia Pécsen bizi izan zen denbora batez, Plaza Nagusiaren inguruan.
Eta, nola ez, Hungarian bisitatu beharreko beste hiri bat Budapest dela nabarmendu du, hark gordetzen dituen eta garai ezberdinetakoak diren dozenaka terma-bainu eta -iturriakaz. Gainera, hiri "erraldoia" izanik, ia edozein momentutan "sorpresak" topa ditzakezula azpimarratu du. Animatuko zara ezagutzera?