Otsailaren 15ean, zapatuan, Gazte Eguna ospatuko duzue Itzubaltzeta/Romon. Zer-zelako egitaraua prestatu duzue horretarako?
Egun osoko egitaraua antolatu dugu Gazte Egunerako. Goizeko 10:00etan hasiko da eguna azokarekin, non herriko eta inguruko gazte sortzaileek haien artisau-produktuak aurkeztuko dituzten. Horrez gain, herri-mugimenduko hainbat postu ere izango dira, hala nola Subflubiala Ez! Plataformarena.
Azoka girotzeko, I de Lei-ren eskutik emanaldi akustiko bat izango da plazan. Bestalde, aktiboenek ping-pong txapelketan parte hartzeko aukera izango dute goizean bertan.
Aisialditik harago, 13:00etan Itzubaltzetako Gazte Asanbladak hitzaldia emango du plazan, gazteon problematikak eta hauek herrian nola azaleratzen diren hausnartzeko helburuarekin.
14:30ean bazkaria zerbitzatzen hasiko gara, eta ondoren, bingo musikatura jolasteko aukera egongo da.
Arratsaldean, 18:30ean, Gazte Olinpiadak abiatuko dira, eta azkenik, 20:00etatik aurrera, kontzertuak izango dira Pozoi eta DJ Txarraren eskutik, herriko taldeen parte-hartzearekin.
Zeintzuk zaudete antolaketa-lanetan?
Itzubaltzetako Gazte Asanbladatik sortu eta sustatu den ideia izan arren, asanbladako kideok ez gara Gazte Egunaren prestaketan parte hartu dugun bakarrak izan. Herriko hainbat gaztek gogotsu ekin diote egun honen antolaketari, eta, egia esan, espero genuen baino prestutasun handiagoa nabaritu dugu.
Nori zuzenduta dago ospakizuna?
Eguna ez dugu soilik ospakizun moduan ikusten, baizik eta aldarrikapen-gune gisa ere. Horren harira, mahai-gaineratu nahi ditugun problematikek gazteak dituzte ardatz nagusi. Beraz, pertsona oro gonbidatuta dago Gazte Egunera, baina herriko gazteak izango dira zentroan jarriko dugun taldea.
Zein da Gazte Egun bat antolatzearen ideia?
Asanbladan ideia hau izan genuen despolitizazio testuingurua ikusi ondoren eta, batez ere gazteen desmobilizazioa sumatu genuelako. Hori horrela, ikasturteko plangintza prestatzean, burura etorri zitzaigun Gazte Eguna antolatzea. Aurretik aipatu dugun bezala, honen helburua ez da soilik jaiegun bat prestatzea, baizik eta jardunaldi bat eskaintzea, non herriko gazteek parte hartu ahal izango duten, haien motibazioa berrabiarazteko eta antolakuntza independentearen premia ikusarazteko asmoarekin.
Hasierako xede hau lortu ahal izateko, patxadaz antolatu dugu eguna, gazte ezberdinak proiektura hurbil daitezen eta egitaraua bera haien ideietan oinarrituta egituratu ahal izateko. Gainera, aurretik esan bezala, ezinbestekoa da egunean bertan herriko gazteak zeharkatzen dituzten problematikak ikusaraztea eta identifikatzea, eta, hortik abiatuta, hausnarketa-prozesu batetik igaro ondoren, antolatzearen zentzua eraikitzea.
Azken finean, horrelako egunetan honako hau bilatzen dugu: harreman berriak sortzea eta gazteak jakinaren gainean jartzea antolaketaren eta mobilizazioaren premiaz, bizi dugun miseria-egoerari aurre egin ahal izateko.
Zer egoera bizi du gaur egun Itzubaltzeta/Romoko gazteriak?
Herrian sumatu dugun joera da despolitizazio handia eta mugimendu gutxi dagoela. Seguruenik, egoera hau ezaguna izango da hainbat herritan, batez ere gizartea desmobilizazio-prozesu batean murgilduta dagoelako. Ez dugu uste arazo hau edo testuinguru hau soilik tokian-tokian gertatzen denik. Aitzitik, bizi dugun testuinguru politikoaren ondorio orokorra da: hainbat borroka sozialen instituzionalizazioa, autoritarismoaren eta ideia erreakzionarioen gorakada, sare sozialen eragina despolitizazioan eta berehalakotasunean, eta abar.
Aisialdiari begira, gazteentzako eskaintza nahikoa dago inguruan?
Aisialdia da gure iritziz esparru kezkagarrienetako bat. Gure herria tabernaz beteta dago, eta askotan, adin nagusiko gazteentzako aisialdi-eskaintza bakarra bihurtzen da; adingabeentzako, berriz, ez dago ia aukerarik. Egungo aisialdi-eredua gero eta estuago lotuta dago kontsumismoarekin, eta, aldi berean, gero eta garestiagoa da; beraz, gazteontzat gero eta eskuraezinagoa bihurtzen ari da.
Eta batzeko gunerik? Badira hainbat urte auzoak Errekaganeko gaztetxea galdu zuela. Zein da gaur egungo egoera gune autogestionatu bati dagokionez?
Jai-gunetik kanpo, gero eta urriagoak dira gazteek batzeko dituzten guneak. Lehen, gazteen aisialdiaz ari ginen, baina fokua gazteek era independentean antolatzeko beharrean jarriz gero, argi ikusten da antolakuntzarako tokien premia handia dagoela.
Gazte Egun honetan bertan, bost urte beteko dira herriak behar zuen gaztetxea izan behar zuen Lope de Vega eraikina okupatu zenetik. Zoritxarrez, ordea, ez zuen luze iraun. Hau Euskal Herriko gaztetxe eta gune okupatu askoren kasua da: egunez egun beren tokiak mantentzeko borrokan jarraitzen dute, prozesu judizialei, jazarpen polizialari eta udaletako alderdi politikoen presioei aurre eginez.
Esan bezala, Itzubaltzetan gazteon antolakuntzarako gune bat beharrezkoa dela uste dugu. Hala ere, egoera ez da batere erraza, botere guztia dutenak aurka dituzunean.
Eta gazte asanbladari dagokionez, zer egoera bizi du gaur egun? Zeintzuk borroka ditu gaur egun martxan?
Aurretik aipatu bezala, ikasturte hasieran egoera oso desmotibatzaile baten aurrean ikusi genuen gure burua: gure ingurura begiratu, eta ez dugu gazte asanbladarako inolako erreleborik ikusten. Horregatik, ikasturte honetarako apustu nagusi gisa, Gazte Eguna antolatzea proposatu genuen, antolatzeko intuizio politikoa duten herriko belaunaldi berriak elkartzeko helburuarekin.
Gazteok babesgabetasun politikoaren eta urgentzia sozialaren egoeran gaude: bizi-baldintzak gero eta okerragoak dira, lanak miserableagoak, gurasoen etxetik ateratzeko ezintasuna gero eta nabarmenagoa da, eta aisialdi-eskaintza mugatua eta pobrea da.
Horregatik guztiagatik, guretzat garrantzitsua da Itzubaltzetako gazteoi premiazko mezu bat helaraztea: ez dago dena galduta. Eguneroko bizitzan bizi ditzakegun bidegabekeriei aurre egiteko modu bakarra gazteon kontzientzia piztea eta antolakuntza politiko independentea sustatzea da.
Egitaraua ikusteko, sakatu hemen.