Elkarrizketak

'Piña' eta Lores: "Bilduma honetarako batu diren musika-taldeek udalerri honetan estalita zegoen errealitate bat plazaratu zuten"

Iker Rincon Moreno 2025ko ots. 13a, 09:08

'Piña' eta Lores.

Azken hamarkadetan Algortan izan diren punk-oi! taldeak bildu eta gogoan izateko asmoz, Chaos in Algorta izeneko bilduma osatu dute. Instituzioetatik kanpo, lagunen arteko elkarlanean eta inolako laguntza publikorik gabe gauzatu den proiektua da, eta 2003tik hona eszenan aritu diren 17 talde bildu ditu. Mikel Piña-k eta Asier Loresek azpimarratu dutenez, Algortan entsegu lokal publikoen eta kontzertu aretoen falta nabaria bada ere, bertako taldeek Euskal Herriko punk-oi! mapan kokatzea lortu dute. Bilduma daborduko entzungai dago sarean, baina binilo formatuan ateratzeko asmoa dute, eta kopia fisikoak eskura dituztenean herrian aurkezpena egitea dute buruan.

Algortako hainbat musika-talderen bilduma osatu duzue. Nondik dator mota honetako lan bat egitearen ideia?

Konturatu ginen 2003tik hona punk-oi! talde dezente egon direla gure herrian; belaunaldi ezberdinetakoak, eta gazte askoren bizitzako une asko markatu dituztenak. Horiek guztiak disko batean biltzea zen ideia.

Zeinek edo zeintzuk bultzatu duzue hori?

Mikel Piña-k gure herriko musikaren inguruko liburu bat egiteko ideia zeukan. Instituzio eta zirkuitu ofizialetatik kanpo mugitu diren taldeen inguruan idatzi nahi zuen, Getxo Sound, pop eta historia horietatik aparte; baina, azkenean, ez zuen liburu baterako adina material ikusten. Bestalde, Asier Lores talde ezberdinen diskoak grabatzen ari zen.

Egun batean, bion arteko elkarrizketa batean, bilduma bat egitearen ideia sortu zen: talde bat, kanta bat. Gure inguruko punk-oi! eszenako musikariekin hitz egin, eta proiektua martxan jarri genuen.

Zer musika-mota entzun daiteke horretan, eta zergatik?

Kaleko musika, azken finean: punk, rock, oi! eta soinu metaleroak ere.

Askotariko belaunalditako taldeak batu dituzue. Zer izan duzue kontutan hori egiterakoan?

Nahiz eta belaunaldi ezberdinetakoak izan, denok ezagutzen dugu elkar. Azken finean, gure estiloko musika munduan murgilduta gaudenak oso gutxi gara. Gure artean, Algortan egon diren taldeen zerrenda egiten hasi ginen, kontaktuan jarri eta aurrera egin genuen.

Zenbat talde daude, guztira?

Proiektuan parte hartzeko baiezkoa 17 taldek eman zuten, nahiz eta talde gehiagorekin ere kontaktuan jarri ginen.

Defini ezazue Chaos in Algorta bilduma hitz gutxitan…

Momentuz, "Chaos in" formatuko egin den bildumarik onena (kar, kar, kar).

Zelan ekoiztu duzue?

Grabazio gehienak Loresek egin ditu, Algortako talde askok entseatzen duten lokalean. Hala ere, talde batzuek kanpoko estudioetan grabatzea aukeratu zuten, euren gustuko soinuaren bilatzeko. Diseinuak Ander Pergoik egin ditu. Dena Algortan ekoizten saiatu gara, eta ez da inongo laguntza publikorik jaso nahi izan. Lagunen arteko lana izan da.

Talde batzuk aktibo daude oraindino, baina beste asko desagertuta edo stand byan daude. Zaila izan zaizue horiek guztiak batzea?

Zaila izango zela pentsatzen genuen, baina kontrakoa gertatu da. Taldeekin harremanetan jarri ginenean, berehala martxan jarri ziren. Jendeak gogo handiz hartu du proiektua, eta horrek asko poztu gaitu.

Diskoa daborduko entzungai dago sarean. Fisikoki ere eros daiteke?

Oraindik ez, baina ideia da binilo formatuan ateratzea.

Aurkezpenik egingo duzue eta talde horiek guztiak fisikoki batu eta kontzerturen bat egiteko asmorik duzue?

Herrian aurkezpen bat egitea dugu buruan, kopia fisikoak eskura ditugunean. Oraindik aurkezpenaren data, lekua eta formatua erabakitzeke daude.

"Talde dezente sortu dira gurean, eta batzuk Euskal Herri osoan ezagunak bihurtu dira. Algortaren izena Euskal Herriko punk-oi! mapan kokatu dute"

Zelan baloratzen duzue Algortako punk, oi! eta rock musika-taldeen bilakaera?

Oso era positiboan. Algortan, beste herri batzuetan ez bezala, ez dago entseatzeko lokal publikorik, ezta kontzertu aretorik ere. Gainera, tabernaren batek kontzertuak antolatzen saiatzen denean, isunak jasotzen ditu. Hori guztia kontra izanda ere, talde dezente sortu dira, eta batzuk Euskal Herri osoan ezagunak bihurtu dira. Algortaren izena Euskal Herriko punk-oi! mapan kokatu dute. Agian, ez da Udalak gure herrirako nahi duen publizitatea, baina guri bost axola.

Zelako garrantzia izan dute musika-mota horiek inguruan?

Benetan uste dugu garrantzi handia izan zuela gure herrian, estalita zegoen errealitate bat plazaratu zuelako. Postalezko herri honetan, errepresioa egon da, euskara baztertua dago, eta espekulazioak gazte zein nagusi asko kanporatu ditu herritik. Horiekin guztiekin lotutako aldarrikapenak ez ziren bertako musika taldetan entzuten edo ikusten, baina mugimendu honek hori ekarri zuen.

Disko honetan parte hartu duten talde gehienen ezaugarri nagusia konpromisoa da: euskararekin, zapalduekin, langileriarekin… Zuen loa mehatxatzen duen ulua gara.

Bilduma osoa, hemen

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun