Ospakizun bikoitza Getxon: 2024ko Kirol Sarien Gala eta TikiToki Zentroaren inaugurazioa

Erredakzioa 2025ko ots. 12a, 12:59

Ospakizun bikoitza egin zuten atzo Getxoko XVIII. Getxo Sasoi Sasoian Kirol Sarien galan; izan ere, 2024ko kirolari onenei aitortza egin zitzaien eta, aldi berean, TikiToki Zentro berria inauguratu zen, Fadurako gune sozial eta kirol berri gisa.

Zentroa inauguratu ondoren, “Elkarlanean” lelopean hasi zuten gala. Ekitaldian, Amaia Agirre alkateak udalerriko klubek Getxo Kirolak-egaz izandako lankidetza eta Thinking Fadura prozesuan izan duten parte-hartzea eskertu zituen.

“Beharrezkoa da Fadurako instalazioak berritzeko Thinking Fadura prozesuaren barruan egiten ari zareten lan guztia balioestea eta eskertzea. Badakigu urte biziak izaten ari direla, inplikazio handikoak, eta Getxo Kirolak, klubak eta elkarteak elkarlanean ari zarete. Horregatik da hain garrantzitsua Getxo Sasoi Sasoian jaialdiaren leloa gogoratzea eta azpimarratzea: 'Elkarlanean'. Talde-lana. Kirolaren esparruan ondo ezagutzen duzuen bidea da, eta ezinbestekoa kirol-lorpenak lortzeko, banaka zein taldeka, gaur sarituko ditugunak bezalakoak", adierazi zuen Agirrek.

Kirolari onenen aitorpena

Gala honetan 2024ko kirolari onenak izendatu zituzten:

Bakarka

Senior mailan:

  • Victoria Madariaga (Sanse Complutense klubeko jokalaria), 21 urtez azpiko Europako txapeldunordea izateagatik Espainiako selekzioagaz.
  • Jose Chefo Basterra eta Rafael Villalonga (Madrilgo Club de Campo), Parisko Joko Olinpikoetan Espainiako selekzioagaz diploma olinpikoa lortzeagatik.

Promesa mailan:

  • Maialen Narbona (Punta Galea Tx. E.), pistako eta errepideko txirrindularitzan lortutako emaitza bikainengatik, eta taldekako Espainiako Erlojupeko Txapelketan izandako parte-hartzeagatik.
  • Telmo Fisher (Aviron Bayonnais), Espainiako selekzioarekin 18 urtez azpiko Rugby 7 Txapelketan irabazitako zilarrezko dominagatik.
Kolektiboak

Senior mailan: Getxo Rugby emakumezkoen taldea, Ohorezko Mailara igotzeagatik, eta gizonezkoen Getxo Saskibaloi bigarren taldea, Bigarren Nazional mailara igotzeagatik.

Promesa mailan: Getxo Igeriketa Waterpolo Bolue Elkartea, Espainiako Txapelketan lortutako 12 dominengatik; eta Getxo Rugby 16 urtez azpiko mutilen taldea, Euskadiko Txapelketan lortutako garaipenagatik.

Sari bereziak: ibilbide eta ekimen nabarmenak

  • “Marka Hautsiz” saria: Real Club Jolaseta, Espainiako II. Hockey Plus Txapelketa antolatzeagatik.
  • “Kiroltasuna” saria: Alejandro Marin Dobaran, atletismoari eskainitako dedikazioagatik.
  • “Getxo Zabala” saria: Konektia enpresa, aniztasun funtzionalagaz lotutako kirol proiektuei ematen dien laguntzagatik.
  • “Aitzindaria” saria: Francisco Javier Izko, Real Zaragoza eta Granada FC taldeetan izandako futbol ibilbideagatik.

Amaitzeko, Amaia Agirrek saritutako pertsona eta erakunde guztiak zoriondu zituen, egindako lana eskertuz: “Eta ez lehiatzeko orduan duzuen bikaintasunagatik bakarrik, baizik eta elkartasunaren, konpromisoaren eta komunitatearen aldeko lan desinteresatuaren eredu izateagatik.”

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun