Irregulartasunak salatu dituzte Europa Ikastetxeko lau neskatoren kontrako sexu-abusu kasuan

Iker Rincon Moreno 2025ko ots. 14a, 11:45

Europa ikastetxeko sexu-abusuak salatzeko gaur arrastian egindako elkarretaratzea.

Hainbat gurasok justizia eskatu dute Getxon, Europa Ikastetxean lau neskatori egindako sexu-abusu kasu bat artxibatu ostean. Lau familiak salatu dute ez dela ikerketarik egon "irregulartasunez betetako" prozesu judizialean, eta, ondorioz, artxibatu egin dela lau urteko alaben ustezko erasotzailearen auzia, Haur Hezkuntzako irakasle laguntzaile batena. Kasua berriro irekitzeko eta gertatutakoa sakon ikertzeko eskatu dute; izan ere, "abusuak frogatu badira, nola liteke erasotzaileak aske jarraitzea?", zalantzan jarri dute senideek. Kasua berriz ireki dadila eskatzeko protesta egingo dute gaur arrastian, 19:00etan, Algortako Telletxe plazan.

Kasua argitara atera zen ama batek, alabarengan ohiz kanpoko portaerak antzeman ondoren, ospitalera eramatea erabaki zuenean. Han, pediatra batek azterketa egin zion, eta adingabeak sexu-abusuarekin bateragarriak izan zitezkeen zantzuak zituela ondorioztatu zuen: "haurren kontrako sexu-abusua da".

Medikuaren txostenak susmo horiek berresteko hainbat zantzu fisiko eta psikologiko zehaztu zituen, eta agintarien berehalako esku-hartzea gomendatu. Hori horrela, dagokion guardiako epaitegiari berehala jakinarazi zioten egoera, familiek gogoratu dutenez.

Kaltetutako neskatoetako aita batek –anonimatua mantendu gura du– azaldu duenez, hasiera-hasieran ez zuten presazko ondoriorik atera gura izan, baina beste familia batzuei buruzko xehetasun gehiago jakin ahala, egoera ezin izan zuten alde batera utzi. "Hasieran, dena urruneko zurrumurrua zen", dio. "Ama batek eskolan salaketa jarri zuela entzun genuen, baina ez genekien salaketa formalik ote zegoen. Ez genuen aurreiritzirik izan nahi. Baina gero, beste familia batek baieztatu zuen bere alaba ere biktima izan zela. Seinaleak zeuden. Zantzuak zeuden. Hala, gure alabekin tentuz hitz egitea erabaki genuen, haiei presiorik egin gabe. Eta orduan, gure alaba txikienak kontatu zigunak zur eta lur utzi gintuen...". Urrun zirudiena etxean zegoen.

Familia honek berehala jarri zuen salaketa, baina hortik aurrera hasi ziren buruhausteak. "Uste genuen alabak polizia-etxera joan behar zuela deklaratzera, eta horrek izutu egiten zuen. Gerora, ordea, jakin genuen ez zela beharrezkoa". Informazio falta lehen oztopoa baino ez zen izan. "Nire emaztea epaitegira deklaratzera joan zenean –alabagaz salaketa jarri zuena bera izan baitzen–, akusatuaren abokatuagaz egin zuen topo. Guk, berriz, ez genekien abokatua eraman behar genuenik ere", azaldu du. Beranduago, abokatu penalista bat aurkitu zuten, baina daborduko froga asko baztertu zituztela deitoratu du.

Abusu-zantzuak baieztatzen zituzten proba medikoak ezetsi egin zituzten. Irakasleen sarrera- eta irteera-erregistroa, "akusatua umeakaz bakarrik egon ote zen baieztatu zezakeena", ez zuen epaileak eskatu. Halaber, ez zitzaien pediatrei deklaratzeko aukerarik eman, ezta susmagarriaren gailu elektronikoak konfiskatzeko agindurik eman ere, aitak deitoratu duenez: "Ate guztiak ixten zituzten". Are gehiago, abusuak salatu zituen neskatoetako baten deklarazioa ez zuten aintzat hartu, autismoaren espektroko nahasmena duela-eta amari ez baitzioten alabari laguntzen utzi, "legeak hala aitortu arren".

Familiek zalantzan jartzen duten beste puntuetako bat da epaileak ikastetxeko irakasleen testigantzei pisu handiagoa eman izana, "ziur aski baldintzatuta zeudenak". Haiek ziurtatu zuten irakasle laguntzailea den akusatua "uneoro" irakasle bategaz batera egon zela umeakaz. Hala ere, aita honen esanetan, ikastetxeko zuzendariaren adierazpenek bertsio hori "kolokan" jartzen dute: "Salaketak agertu ziren astean, irakaslea bereziki zaindu zela esan ziguten, eta haurrei komunera laguntzea galarazi zitzaiola, normalean egiten ei zuena. Orduan, normalean umeakaz komunera bazihoan, nola liteke beti zaintzapean zegoela esatea?"

Aurrez eratutako probetan, neskatoek euren esperientziak kontatu behar zizkioten auzitegiko psikologo bati, ingurune seguru batean, baina testigantza horiek emateko prozedurak ere kritikatu dituzte familiek. Senideek salatu dutenez, proba horiek egin zireneko giroa "oldarkorra" izan zen, galdera "erasokorrak" egin baitzituzten eta adingabeek ez baitzuten denbora nahikorik izan eroso sentitzeko. "Neskatoak urduri jartzen ziren, totelka hitz egiten zuten, eskuei hozka egiten zieten edo erantzutea saihesten zuten. Modu naturalean hitz egiten utzi beharrean, elkarrizketatu zituen psikologoak galdera zuzen eta autoritarioakaz presionatu zituen", deitoratu du aitak.

Justizia eske

Kasua duela aste gutxi artxibatu zuten, akusatuaren kontrako froga nahikorik ez zegoela argudiatuta. Hala ere, familiek ez dute etsi, eta hainbat protesta eta mobilizazio antolatu dituzte, prozesua bidegabekeria larritzat jotzen baitute. "Abusuak frogatu badira, nola liteke erasotzaileak aske jarraitzea?", zalantzan jarri dute.

Horregatik, kanpaina bat abiatu dute Instagramen, kasua zabaltzeko eta agintariei presioa egiteko, auzia artxibatzeko erabakia berriz azter dezaten. Gainera, gaur arrastian kalera aterako dira protesta egitera eta euren kasua mahai gainean jartzera. Elkarretaratzea Algortako Telletxe plazan egingo dute, 19:00etan.

Aita honek iragarri duenez, kasua berriro ireki dezakeen gauza bakarra autismoa duen neskatoaren lekukotza edo testigantza berri bat da, baina zail  ikusten du hori lortzea. "Oxala frogatu ahal izatea hau guztia gezurra dela, gure alabek ez dutela hau guztia pairatu... Ezerk ez gintuzke zoriontsuago egingo, baina ez gara asmatzen ari, haurrek hori esaten dute, gauza guztiak antzekoak dira, eta irakasle horri berari buruz. Gainera, medikuek baieztatu dute sexu-abusuak egon direla. Ez du zentzurik. Oso atsekabetuta gaude erakundeakaz, baina ez gara geldituko justizia egin arte".

Ustezko erasotzailea, ikastetxetik kanpo

Salaketak joan den urteko maiatzean atera ziren argitara, eta Ertzaintzak handik gutxira ireki zuen ikerketa, sexu-askatasunaren aurkako ustezko delituengatik. Segituan, Europa ikastetxeak irakaslea zentrotik kanporatu zuen. "Ikastetxeak arreta handiz jardun du, Hezkuntzako Ikuskatzailetza eta Polizia zerbitzuakaz koordinatuta, edozein zantzuren berri izan den lehen unetik. Inplikatutako pertsona ikastetxetik baztertu zuten berehala", jakinarazi dute ikastetxetik. Hala ere, adingabeen familiek ohartarazi dute irakasleak akademia pribatu bat duela, eta bertan eskolak ematen jarraitzen duela.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun