Getxoko Europa ikastetxeko abusuen auzia berriro martxan jar dezatela eskatuko dute barikuan

Iker Rincon Moreno 2025ko ots. 10a, 09:31

Sexu eraso bat salatzeko kontzentrazioa Telletxe plazan, artxiboko irudian.

Europa ikastetxeko irakasle baten aurkako sexu-erasoengatik abiatutako auzia behin-behinean artxibatu du epaileak, froga nahikorik ez dagoela argudiatuta. Salaketa jarri zuten familiek, ordea, deitoratu dute egindako ikerketa ez dela nahikoa izan eta ziurtatu dute abusuak frogatuta daudela. Horregatik guztiagatik, eta ikerketa berrabiatu dadila exijitzeko, elkarretaratzea deitu dute barikurako, hilaren 14rako, Algortako Telletxe plazan, 19:00etan.

Getxoko Instrukzio Epaitegiak behin-behinean artxibatu du Europa ikastetxeko irakasle baten aurkako sexu-erasoengatik abiatu zen auzia, froga nahikorik ez dagoela argudiatuta. Irakaslearen aurka lau urteko lau neskatoren familiek jarritako salaketek abiatu zuten iazko maiatzean ikerketa.

Irakasleak bi eta hiru urte artean zeramatzan Getxoko Europa ikastetxean lanean, eta salaketak publiko egin zirenean, ikastetxeak berehala apartatu zuen. Protokoloari jarraituz, kasua sakon ikertu da, eta txosten medikuek haurretako baten genitaletan sexu-erasoen zantzu arinak detektatu zituzten. Hala ere, psikologoek eta gizarte-langileek haurrek emandako testigantzak aztertuta, ez dute froga nahikorik aurkitu irakaslea inputatzeko.

Epaitegiak, Fiskaltzaren babesagaz, behin-behinean itxi du auzia. Halere, kasua ez da amaitu; etorkizunean froga berriak agertuko balira, berriro irekitzeko aukera egongo litzatekeelako.

Ildo horretan, salaketa jarri zuten familiek ziurtatu dute abusuak frogatuta daudela, eta ikerketa irregularra izan dela deitoratu dute. Azaldu dute sexu-abusuak egiaztatu zituzten pediatrek ezin izan zutela deklaratu, ezta autismoa duen eta abusuak pairatu dituen neskato baten amak ere. Gainera, aldarrikatu dute lau neskatoen deklarazioak errepika daitezela, "baina giro lasaiago batean, ez ikaratzeko".

Hori dela eta, ikerketa berriro martxan jar dezatela eskatzeko, elkarretaratzea deitu dute barikurako, 19:00etan, Algortako Telletxe plazan.

 

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun