Urte bi eman dituzue Benta eraikineko kultura eskaintza kudeatzen; zer balorazio egiten diozue egindako lanari?
Lehenik eta behin, aipatu behar da, lagapenarekin bi urte daramatzagun arren, prozesua dezente luzeagoa izan dela. 2016an jarri zuen martxan Udalak Bentaren inguruko entzuketa fasea, eta hortik 300 pertsona inguruk parte hartu zuten partaidetza prozesu bati ekin zitzaion. Inportantea da hori azaltzea, izan ere, BentaraNoa ez da elkarte bat egun batetik bestera sortzen dena eta Benta bezalako eraikin historiko erreformatu baten lagapena jasotzen duena; BentaraNoa elkartea hasieratik eraikin horren kudeaketa helburu zuen urte askotako prozesuak emandako emaitza da.
Hori esanda, egia da eraikinaren lagapena duela urte pare bat egin zitzaigula, eta ordutik ona ekin diogu espazioaren dinamizazio kultural eta sozialari.
Bi urte hauek oso aberasgarriak izan dira, baina baita oso nekagarriak ere. 120 jardueretatik gora antolatu dira Bentan epe honetan bost lan lerro nagusiren baitan: artea eta kulturaren zabalpena; herriko sare eta elkarteentzako topaleku eta lankidetza espazioa; Andra Mari auzoaren garapena eta auzo kohesioa; eta gaurkotasuneko gaien inguruko eztabaida.
Zelako harrera izan dute ekimen horiek auzoan?
Orokorrean harrera ona izan dutelakoan gaude. Egia da ere akaso beste espektatiba batzuk zeudela eraikin horrek historikoki izan duen taberna izatearekin lotuta. Egiari zor, gustatuko litzaiguke eguneko ordu batzuetan irekita mantentzea topaleku funtzioa bete dezan, baina asanbladako kideok ez daukagu gaitasunik antolatzen ditugun jarduerez haratago lan hori ere gure gain hartzeko.
"Egindako lanarekin aurrera jarraitu nahi dugu, baina beste jarduera-mota batzuetan ere sakontzea gustatuko litzaiguke, komunitatea eraiki eta auzokoekin partekatzeko aukera emango digutenak"
Auzoko bizilagunek nola parte hartzen dute proposatutako ekimenetan?
Parte hartzeko modu asko daude, eta esan gabe doa denak direla ongi etorriak. Auzoko askok jardueretara gerturatuta parte hartzen dute, kontsumitzaile gisa, baina beste askok ideia pila bat dituzte Bentan egin daitezkeen gauzen inguruan eta bileretara ere gerturatzen dira. Bi astean behin batzen gara, eta norbaitek parte hartzeko interesa badu horra bideratzen dugu. Inguruko eragile eta elkarteei dagokionez, dagoeneko batzuek Bentan egiten dituzte euren bilera eta topaketak, baina lan handia dugu aurretik, izan ere, eragile eta elkarteentzako erreferentziazko leku bat izan behar du Bentak.
Zer izan da zailena kudeaketan edo antolaketan? Eta, alderantziz, zer ikasi duzue?
Tira, zailtasunak beti dira ugariak horrelako proiektu batean. Ulertu behar da boluntario-lana dagoela kultur elkarte gehienen atzean eta gehiegizko lan burokratikoa oztopo bat izan daitezke horien funtzionamenduan. Badakigu Udalak berme batzuk ziurtatu behar dituela diru publikoaz edo ondareaz ari garenean, baina uste dugu denon helburua dela auzoa aberastea eta kohesioa indartzea, eta horretan jarri behar ditugula indarrak.
Horrez gain zabalpenean eta propaganda lanetan ere arazo handiak ditugu. Ez da erreza jendearen arreta gureganatzea, are gehiago gauden tokian kokatuta. Gainera, denontzako agenda erakargarria antolatzea oso zaila izan daiteke baldin eta adin, genero eta jatorri aldetik hutsune argiak badaude elkartean.
Zelako harremana izan duzue Udalarekiko?
Harremana ona da, uste dugu bi aldeek dugula interesa horretan. Espazioaren kudeaketa osoa elkartearen esku dago eta, beraz, Udalak ez du oztoporik ipintzen gure egitarau eta agendan. Lagapenaren jarraipena egiteko bilerak izaten ditugu aldiro, eta horietan diru-kontuen eta ekimenen memorien txostenak helarazten dizkiogu Udalari. Bentan antolatzen den guztia elkartearen esku dago eta tokiko edozein kultur elkartek eska dezakeen diru-laguntzaz haratago ez dugu beste finantzaziorik jasotzen Getxoko Udaletik.
"Beste erronketako bat auzoaren aktibazioa da, eta uste dugu auzoan dauden hutsuneen bitartez ere eman daitekeela aktibazio hori; esaterako, ume eta gazteentzako eskaintza antolatuko duen guraso-talde bat martxan jarrita"
Zelan aurreikusten dituzue hurrengo urteak? Ekimenik duzue buruan?
Azken urteetan jarduera asko antolatu ditugu, batez ere artearekin, kulturarekin eta aktualitateko gaiekin harremanetan. Lan horrekin aurrera jarraitu nahi dugu, noski, baina beste jarduera mota batzuetan sakontzea gustatuko litzaiguke, komunitatea eraiki eta auzokoekin partekatzeko aukera emango digutenak.
Bide beretik, beste erronketako bat da auzoaren aktibazioa, eta uste dugu auzoan dauden hutsuneen bitartez ere eman daitekeela aktibazio hori: esaterako, ume eta gazteentzako eskaintza antolatuko duen guraso talde bat martxan jarrita.
Bukatzeko, gaur egun Bentan dugun espazioa mugatua da, izan ere, behe solairua besterik ez dago eskuragarri. Gustatuko litzaiguke epe ertainean lehen solairuaren eta txori-tokiaren erreforman pentsatzen hastea; hori jauzi izugarria izango litzateke Benta bezalako proiektu batentzat, eta aukera asko irekiko lizkiguke, jarduera ezberdinak teilakatzeko aukera, adibidez.
Nortzuk osatzen duzue BentaraNoa?
BentaraNoa kide anitzez osaturiko taldea da, batzuk prozesuaren hasieratik gaude saltsa honetan, eta beste batzuk une ezberdinetan batzen joan gara. BentaraNoa ez da elkarte itxi bat, Benta kudeatu eta Betiko Getxo biziberritzeko tresna bat baizik. Horregatik, helburu horiek modu batean edo bestean partekatzen ditugun aterpe izan daiteke BentaraNoa.
Benta eraikineko eskaintzak auzoaren nortasuna indartu edo islatzen duela uste duzue?
Bai eta ez. Bentak gaur gaurkoz zalantza izpirik gabe auzoaren nortasuna indartzen du, baina ez da auzoaren isla bat. Betiko Getxo egoera tamalgarrian dago: duela 15 urte inguruan genituen zerbitzu eta komertzio gehienak gaur egun ez dira existitzen, lotarako auzoa bilakatu da eta herriko zentroarekiko guztiz mendekoa da aisialdi eta kultura eskaintza aldetik. Horregatik diogu Benta azken urteetan auzoaren isla izan bada itxita egon den urteetan izan dela. Gaur egun Bentak beste eredu bat islatzen du, bertan parte hartzen dugunok auzoarentzako nahi dugun eredu bat, hurbilekoa, kolektiboa eta konprometitua.