Marisol Trebiño algortarra 1976an hasi zen militatzen, Franco diktadorea hil eta urtebete beranduago. Gizarte borroka ugari zeuden bizirik orduan, eta bera, batez ere, mugimendu antinuklearrean eta feminismoan murgildu zen. Euskal feminismoaren oinarrizko ekarpen teorikoak ezarri zituzten taldeak ekarri ditu gogora: "KAS Emakumeak (1978-1981), Aizan! (1981-1987), Egizan! (1988-2001) eta gaur egungo Bilgune Feminista (2002). Hortik gatoz eta hori gabe ezin dugu egungoa ulertu". Zehazki, Aizan! euskal emakume langileen sorreraren parte izan zen bera, "indar handiko emakume militanteak izan ginen".
Orduko emakume guztiak abortuaren borrokak batzen zituen: "Emakume guztion puntu komuna zen, denok amaitzen genuelako haurdun. Antisorgailuak debekatuta zeudenez, Londresera joaten zen hegazkin bat betetzen genuen bertan abortatzeko. Ilegala zenez, emakume langileentzako asteburuetan antolatzen zen. Antisorgailuak erosteko errezetak ere berrerabiltzen genituen, trikimailuen bidez". Hala, euren sarea oso indartsua zela nabarmendu du, bileretan ehunka emakume batzen baitziren.
Egindako bidearen inguruan hausnartzeko; Lemoizko zentral nuklearra da gogoan duen garaipenik garrantzitsuena. "Oso gogorra izan zen, baina Lemoizko zentral nuklearra gelditzea lortu genuen. Urteetan zehar borroka sakona egin nuen". Aitzitik, militantziak "presio eta neke handia" sorrarazi ziola onartzen du, hori zelako bere bizitzaren erdigunea.
Gaur egun, politikatik gertu mantentzen den arren, daborduko "asko" egin duela sentitzen du. Hala ere, horrek ez dio bizitasunik ez anbiziorik kendu: "Jubilatu nintzenean, txalaparta jotzen ikasi nuen. Egun, beste emakume batekin batera, txalaparta jotzen dugun bi emakume nagusi bakarrak gara munduan. Horrek harrotasuna ematen dit ere".