Hasteko, zer da Amesten elkartea?
Aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioaren alde lan egiten duen elkartea da Amesten. Desgaitasunen bat duten eta ez duten pertsonek elkarregaz bizi, parte hartu eta partekatu ahal izateko guneak sustatzea da gure helburua. Guztiontzako irisgarria den gizarte batean sinesten dugu, eta kolektibo horren erabateko parte-hartzea zailtzen duten oztopoak ezabatzeko lanean dihardugu.
Gainera, helburu hori lortzeko, gure ikuspegia aniztasun funtzionala duen pertsonari eta haren inguruneari laguntzean oinarritzen da. Horregatik, gure lan-metodologiaren barruan ezin ditugu ahaztu familiak, erakundeak, ikastetxeak eta bestelakoak; esku-hartze koordinatuak, jarraipenak eta aholkularitza egiteko erabiltzen ditugun funtsezko eragileak dira horiek.
Amestenek 10 urte bete ditu aurten. Nola baloratzen duzue egindako ibilbide hori?
10 urteotan asko ikasi dugu, eta askotariko programak eta jarduerak egin ditugu. Hasieratik, gune inklusiboak sustatu ditugu, desgaitasunen bat duten eta ez duten pertsonek esperientziak partekatzeko aukera izan dezaten. Hori da gure erakundearen funtsa. Hamarkada honetan, udal-inklusioko zerbitzuak finkatu ditugu; hainbat argitaletxetan argitaratutako ikerketa-proiektuak eta artikuluak garatu ditugu; eta gainera, gizartearen mentalitatean bilakaera bat ikusi dugu;. Hala ere, oraindino egiteko asko dagoen arren, gaur egun inklusioa agerikoagoa eta ulergarriagoa da. Lehen pentsaezina zirudiena, hala nola desgaitasuna duten pertsonen parte-hartze komunitarioa, errealitate bihurtzen ari da pixkanaka.
Zelan ospatuko duzue urtemuga hori?
Martxoaren 29an, zapatuan, elkartasun ekitaldi bat antolatuko dugu Portugaleteko Merkatu aretoan. Ospakizunagaz bat egin gura izan duten artista, abeslari, yoga irakasle eta boluntarioen partaidetza izango dugu. Haurrentzako jarduerak, yoga saioak, antzerki soziala eta kontzertuak izango dira. Amestenen 10 urte hauetan parte hartu duten pertsona, familia eta kolaboratzaile guztiak bildu gura ditugu eta elkarregaz ospatu egindako bide hau. Sarrera solidarioa izango da eta bildutako dirua entitatean garatzen ditugun proiektuetara bideratuko da.
Zerk bultzatu zintuzten elkartea sortzera?
Duela 10 urte baino gehiago, gizarte-arloko profesional-talde bat (pedagogoak, hezitzaileak, psikologoak, gizarte-langileak) oso kontziente ginen desgaitasunen bat zuten pertsonek ez zutela gure udalerriko komunitate-bizitzan parte hartzen. Hortik aurrera, ikertzen hasi ginen, eta, ikerketan eta gure ezagutza profesionalean oinarrituta, kolektibo horren benetako inklusioa sustatuko zuen erakunde bat sortzeko beharra identifikatu genuen. Gure helburua beti izan da pertsona guztiek espazio eta aukera berberak partekatzea, haien baldintzak kontuan hartu gabe.
Zuen ustez, gizartea behar adina lan egiten ari da dibertsitatea duten pertsonen gizarteratze funtzionalerako?
Urrats garrantzitsuak eman dira, baina oraindino asko dago egiteko. Inklusioa oraingoz ez da errealitate bat, ez baitago erabateko aukera-berdintasunik, eta askotan ez dituzte errespetatzen dibertsitatea duten pertsonen eskubideak. Kolektibo horrek eta bere familiek laguntza gehiago behar dute eskubide osoko herritar gisa gizartean parte hartu ahal izateko.
“Lehen pentsaezina zirudiena, hala nola desgaitasuna duten pertsonen parte-hartze komunitarioa, errealitate bihurtzen ari da pixkanaka”
Funtsezkoa da kontzientzia sortzen eta benetako inklusioa bermatuko duten politikak sustatzen jarraitzea. Hala ere, uste dugu asko aurreratzen ari dela. Gogoratu behar dugu "ezintasun" terminoak historian zehar eta urteen poderioz izan duen eraldaketa soziala eta konnotazioa. Ziur aski, gure inguruan pertsona batzuek, 20-30eko hamarkadan bizi izan direnek, desgaitasuna gaixotasun edo osasun-gabezia gisa ulertu izan dutela beti, eta, beraz, uste zuten desgaitasuna zuten pertsonak birgaitu egin behar zirela gizartean parte hartu ahal izateko, eta horrela bakarrik beteko zituztela gizarteak "normaltzat" jotzen zituen estandarrak.
Pixkanaka-pixkanaka, ordea, desgaitasuna kausa sozial huts gisa ikusten hasi zen, hau da, gizartea bera zen kausa, desgaitasunen bat duten pertsonen premiei erantzuteko gaitasunik ez duelako eta baliabide eta zerbitzurik ez duelako.
Azkenik, eta Amestenen lortu gura dugun eredua da, aniztasunaren eredua dugu, aniztasun funtzionala giza aniztasunaren parte dela defendatzen duena. Hortaz, pertsona guztiei duintasun osoa eman behar diegu, guztiei balio bera eta giza eskubide berberak emanez. 2006an sortu zen eredu hori, aniztasunaz hitz egiten hasi ziren, eta gaur egun jende gutxik ezagutzen du terminoa. Beraz, bai, lan asko dugu egiteko, baina pixkanaka ari gara bidea eraikitzen.
Zer ekintza egiten dituzue inklusioan laguntzeko?
Udal-eremuan jartzen dugu arreta bereziki, uste baitugu tokikotik aldaketa handiak sor daitezkeela. Gizarteratze Zerbitzua eta Laguntza Programak ditugu hainbat udaletan, gaur egun gazteriaren arloan zentratuta daudenak. Hala ere, uste dugu zerbitzu horiek zeharkakoak izan behar dutela udal-arlo guztietan, eta udal gehiagok konpromisoa hartu behar dutela kolektibo horren gizarteratze- eta parte-hartze komunitarioko politikakaz.
Gainera, jarduera komunitario inklusiboak egiten ditugu, hala nola Munduko Arrozak ekimena, UneEtxeagaz lankidetzak, yoga eskolak, surf inklusiboa eta pertsona guztiek baldintza berdinetan parte hartzea sustatzen duten beste ekimen batzuk.
Elkartean, lantaldeaz gain, boluntarioak ere badaude. Zer eginkizun dute eta nola parte har dezakete?
Boluntarioen zeregina funtsezkoa da Amestenen. Jarduerak garatzen, aniztasun funtzionala duten pertsonei laguntzen eta inklusioaren garrantziaz gizartea sentsibilizatzen laguntzen digute. Gugaz lankidetzan aritzeko interesa duen edonork modu askotara egin dezake: gure jardueretan parte hartuz, hainbat arlotan (sareak, ekintza-proposamenak, administrazioa, etab.) ezagutza edo trebetasunak emanez, edo besterik gabe, bere denbora konpartituz elkartea osatzen duten pertsonakaz. Beti gaude irekita proposamen berriak jasotzeko eta gure bidean aurrera egiteko laguntza jasotzeko.