Zer da touch-a? Zertan ezberdintzen da errugbiagaz?
CIARAN WALTER: Kontakturik gabeko errugbiaren bertsio bat da, abiadura, arintasuna eta talde-lana azpimarratzen dituena, eta, aldi berean, errugbi tradizionalaren plakaketaren itxura fisikoa ezabatzen duena. Plakatzeen ordez, defentsek touch bat egiten diote baloia daraman jokalariari –eskuagaz ukituta normalean–. Jarraian, jokalariak roll-ball bat egin behar du: gelditu, baloia lurrean jarri eta horren gainetik pasa. Touchak edo kontakturik gabeko errugbiak pase azkarrak, lasterketa iheskorrak eta defentsak apurtzeko talde-lana ditu ardatz. Plakatzerik eta norgehiagoka gogorrik ez dagoenez, kirol egokia da hasiberriak errugbi munduan hasteko. Halaber, adin-tarte zabala duten gizonek eta emakumeek elkarregaz jolasteko aukera ematen du.
Amak eta errugbia
"Emakume eta ama bezala,
dei berezi bat egin nahiko nieke errugbiko haurren amei.
Getxo Rugby Touchen jokatzea oso modu polita da euren mundura hurbiltzeko eta errugbiarekiko eta euren balioekiko duten grina handia partekatzeko"
Zerk definitzen du kirol hau?
C.W.: Inklusioa funtsezkoa da, adin, genero eta trebetasun-maila guztietako pertsonek parte hartu dezaketelako. Talde-lana eta komunikazio ona ere funtsezkoak dira arrakastarako.
Egun, zenbat pertsona zarete taldean?
C.W.: Gaur egun jokalarien nukleo sendoa gara, eta noizbehinka etortzen diren jokalariak ere ditugu, bi astean behin edo hilean behin. Hala ere, ditugun jokalarien kopurua handitu nahiko genuke entrenamenduetan ariketa berriak probatu ahal izateko eta gure «talentuen harrobia» garatzeko, etorkizuneko txapelketei begira.
Kide berri bila zaudete.
Zergatik eman izena taldean?
ELIDIA MUNNE RIBOT: Nire kasuan, semeak errugbian jokatzen du eta touch mistoko talde hau beste guraso batzuen bitartez ezagutu nuen. Emakumeak behar zituzten eta entrenamendu batera hurbiltzera animatu nintzen... Eta hemen jarraitzen dut. Errugbiko modalitate ez-kaltegarri bat ikasten duzu, aire zabalean ariketa fisikoa egiten duzu, bikain hartzen zaituen talde baten parte zara...Ezin dut gehiago eskatu!
ASIER GARAMENDI RUIZ: Kirol hau sasoian jartzeko modu bikaina da, arintasuna, erresistentzia eta koordinazioa uztartzen baititu, errugbi tradizionala bezain zorrotza izan gabe. Kontaktu fisikorik ez duenez, edozein pertsonarentzat aproposa da, bere esperientzia maila, egoera fisikoa, adina edo generoa kontuan hartu gabe. Gainera, jarduera kardiobaskularra da, eta aktibo eta osasuntsu mantentzen laguntzen zaitu. Baina gauzarik onena giroa da. Ez da kirola bakarrik, lagunak egiteko, talde-lanaz gozatzeko eta komunitate inklusibo baten parte izateko aukera ere bada. Barre egitea, une dibertigarriak partekatzea edo, besterik gabe, errutinatik irtetea bilatzen baduzu, kirol honek hori guztia eta askoz gehiago eskaintzen dizu.