Memorias de Getxo blog ezagunaren atzean dagoen pertsona zara zu; zerk bultzatu zintuen Getxoko historiako pasarteak eta argazkiak biltzera?
Batez ere, Getxon jaio nintzelako, Areetan, nahiz eta Romon bizi izan naizen 26 urte bete arte. Gero, azken 50 urteak Andra Marin eman ditut. Bizitza osoa eman dut udalerrian, eta askotan ohartu naiz gauza batzuk betidanik ikusi eta ezagutzen ditugula, baina ez dakigula zergatik dauden hor, ezta zehazki zer diren ere. Orduan, erretiroa hartu nuenean, gauza ezezagun horiei buruzko informazioa biltzen hastea erabaki nuen, eta bizilagunei transmititu. Horrela hasi zen dena 2011n.
Bloga elikatzetik liburu bat argitaratzera egin duzu salto orain. Zelakoa izan da prozesua?
Getxoko Kultur Etxeak jo zuen nigana, 1865 eta 1936 arteko irudiekin udalerriko argazki-liburu bat egin nahi ote nuen galdetuz. Baldintza batekin onartu nuen: nire poltsikotik ogerleko bat bera ere ez gastatzea. San Nikolaseko liburutegiko artxiboko argazkiak eskaini zizkidaten, 2.500 inguru, eta horietatik 200 bat hautatzeko eskatu zidaten. Aldi horren bilduma bat egin nuen, eta haiek bazuten egitura bat libururako pentsatua, baina nire ideia beste bat zen, hurrengo liburuan garatuko dudana: 1936-1975 aldikoa, non auzoka antolatu nahi dudan dena.
Argazki-kamera askorik ez zegoen garai bat landu duzu liburu honetan...
Hain zuzen ere, garai hartan ez zegoen argazki-makinarik gurean, Getxora etorri eta argazki bat egiten zuen argazkilari profesionalen bat izan ezik. Gainerako irudiak familia oso dirudunetakoak dira, kamera bat erabil zezaketenak, gainerako herritarrek ez baitzuten argazkiak egiteko aukerarik.
40ko hamarkadatik aurrera, eta are gehiago 60kotik aurrera, argazki gehiago agertzen hasi ziren. Garai hartan, pixkanaka, jende gehiagok zituen kamerak, nahiz eta oraindik mugatua izan. Eta orain, noski, edonork du mugikorra eta argazki bat edo hamar mila egin ditzake, errebelatzearen kostua ez baita arazo bat.
"Liburu honek aukera ematen du Getxo zelakoa izan zen ezagutzeko. Baliagarria da, batez ere, gazteenentzako. Galdu dena baloratzeko ere, hala nola Titan garabia eta jada existitzen ez diren eraikin historiko adierazgarri asko"
Zer-motatako irudiak topatu dituzu liburu honetarako?
Paisaiak, batez ere; batzuk oso interesgarriak, Indalecio Ojangurenenak, adibidez. Gero, postal zahar batzuk ere badaude.
Nola definituko zenuke orduko Getxo hura?
Getxo hura "zuri-beltzeko" Getxo bat zen. Eta hori ez da argazkigintzagatik bakarrik, sortzen duen atsekabe sentsazioagatik ere bai. Getxo politago bat zen; izan ere, dena ez zegoen eraikinez beteta, gune ireki gehiago zeuden, eta gaur egungoaren oso bestelako paisaia zen inguruotakoa. Herri hartan oraindik ez zegoen argirik, ez kaleetan, ez etxeetan, eta ura iristear zegoen. Azken batean, hastapenetako Getxo bat zen, gaur egun ezagutzen dugunaren oso bestelako leku bat.
Ba al dago arreta eman dizun argazkirik?
Bai, liburuaren azalean agertzen dena; berezia da bi auzo aldi berean biltzen dituen bakarra delako: alde batetik, Algorta, San Inazio elizarekin, eta, bestetik, Areeta, hondartzarekin.
Argazki horiek, paisaiez gain, lanbideak edo pertsonak erakusten dituzte?
Bai, badago baten bat, baina gutxi dira, garai hartan ez baitziren paisaiak edo ondarea bezainbeste dokumentatzen. Argazkiak aukeratzeko orduan, interesgarriagoa iruditu zitzaidan ikuspegi orokorretan eta ondarean zentratzea, ez baitzegoen atal zabal bat betetzeko adina ofizioen irudirik. Hala ere, argazkietan islatutako lan batzuk ikus daitezke.
Zure ustez, nola lagundu dezake liburu honek Getxoko udalerria ezagutzen?
Gazteenek bizi izan ez duten Getxo ezagut dezaten gehienbat. Galdu dena baloratzeko ere balio du, hala nola Titan garabia eta jada existitzen ez diren eraikin historiko adierazgarri asko.
Zer-nolako garrantzia dute eraikin historiko horiek auzoen nortasuna islatzerakoan?
Getxoko eremu jakin baterako zerbait irudikatzen duten lekuak dira. Adibidez, eta hau nire iritzia da, Romoko mojen komentua eraistea auzoari geratzen zitzaion nortasun ezaugarri bakarrenetakoa galtzea izan da. 1930eko eraikin historikoa zen, eta haren desagerpenak auzoaren nortasuna galtzea ekarri du.
"Oro har, jendeak positiboki hartzen ditu idatzitakoak, eta jarraitzera animatzen naute. Badira kritika negatiboak egiten dizkidatenak ere, baina ez zait axola. Nik artxiboetan lortutako informazioetan oinarritzen naiz, ez dut ezer asmatzen"
Getxoko auzo bakoitzak bere nortasun propioa du, ezta?
Bai, eta hori beti izan da horrela. Hain da horrela, non bere garaian Areetakoak Getxotik independizatzeko mugimendu bat egiten saiatu ziren. Madrilera ere eraman zuten proposamena, Parlamentura, baina, azkenean, gelditu eta baretu egin zen. Are gehiago, hain serioa izan zen, non Areetako abesti independentista bat konposatu zuten Getxorekiko; 1894az ari gara, gutxi gorabehera.
Getxo asko aldatu da urteotan?
Bai, asko aldatu da. Adibidez, 60ko hamarkadan, auzo bakoitzaren mugak oso argi eta ondo markatuta zeuden. Gaur egun, ia bat egin dute, eta zaila da lehengo argitasun berarekin bereiztea. Baina hirigintza ez ezik, bizitzeko modua ere aldatu da. Ez dira gauza bera 50eko hamarkadako bizitza eta oraingoa. Garai hartan, jendea gabezia askorekin bizi zen, beste batzuek eragindako gerratik atera berritan, ondasunak eta zerbitzuak eskuratzeko aukera gutxiagorekin. Gaur egun, desberdintasunak dauden arren, ia dena eskuragarriago dago. Baina lehen gabeziak izugarriak ziren.
Zertan eta non ikus ditzakegu aldaketa horiek?
XX. mendearen hasieran, gaur egun Romo izenez ezagutzen dugunak Santa Eugeniako Ibarra zuen izena, eta etxe pare bat eta Vitoria izeneko baten patata-sail handi bat besterik ez zegoen bertan. Areeta, berriz, pixoihaletan zegoen oraindik. Bilbotarrak gaur egun Abrako Maritimoa dagoen lekura joaten ziren itsas bainuetara, eta Bilboko jauntxoek eraikitako etxe eta txalet batzuk ere bazeuden han, hiriko kutsaduratik, infekzioetatik eta bizimodu itogarritik ihesi. Lehenengo, udako egoitzak Areetara eraman zituzten, eta, gero, Algortara mugitu ziren.
Trenbidearen etorrerak ere goitik behera aldatu zuen udalerria, ezta?
Aldaketa handia ekarri zuen. Lehenengo trenbidearen ibilbidea Kale Nagusiaren eta Santa Ana kalearen arteko izkinaraino iristen zen, itsas bainuen negozioa Agirretarrena zelako, eta haiek eraiki zuten burdinbidea; trena haien negozioaren ateraino irits zedin. Algorta, aldiz, oraindik hazten ari zen. Basagoiti etorbidea eta portuko zenbait gune eraikita zeuden, baina gainerakoa garapen betean zegoen. Getxoko Andra Marik, bestalde, baserri gutxi batzuk eta eliza baino ez zituen. Beraz, bai, Getxo asko aldatu da, bai bere egituran, bai jendearen bizimoduan.
Nolako eragina izan zuen ere Bizkaia Zubia eraikitzeak udalerriaren berrantolaketan?
Bizkaia Zubiak udalerriaren dinamika erabat aldatu zuen. Garrantzitsuena da bi ertzen arteko joan-etorria erraztu zuela, batez ere barnealdeko jendearentzat. Izan ere, baserritarrek itsasadarra zeharkatu behar zuten Portugaleteko azokan euren produktuak saltzeko, eta zubia baino lehen, gurutzatzeko modu bakarra arraun-txalupak ziren. Horrek asko zailtzen zuen salgaien eta animalien garraioa. Imajinatu behi bat arraunean pasatzea: prozesu zaila zen, baina egiten zen!
Zubiarekin, hori aldatu egin zen, eta Portugaleteko plazara azkarrago eta seguruago iristeko aukera eman zuen, garai hartan funtsezko merkataritza-gunea baitzen.
"Memorias de Getxo" bloga erreferente bihurtu da udalerrian askorentzat. Kritikarik jaso duzu inoiz?
Oro har, jendeak positiboki hartzen ditu idatzitakoak. Askok jarraitzera animatzen naute eta, batez ere, gehiago argitaratzeko eskatzen didate, asko interesatzen baitzaie udalerriaren historia.
Kritika negatiboak ere izan dira, baina, egia esan, bost axola zait. Adibidez, Gerra Zibilaren ondorioz Getxon bizi izandakoei buruz hainbat artikulu argitaratu nituenean; Udal Artxiboko informazioan oinarrituta, garai hartan euren bizilagunen aurkako salaketen inguruan artikulu bat idatzi nuen, eta suminduta zegoen norbaitek (Negurikoak, seguru asko) idatzi zidan hori nola esan nezakeen galdetuz. Nire erantzuna argia izan zen: "Begira, esaiozu zure aitari, hark sinatu baitzituen salaketak". Eta hor amaitu zen eztabaida; ez nuen berarekin gatazkan hasteko gogorik, baina dokumentuak hor daude. Zalantzarik bazuen, jo zezala Udal Artxibora, bilatu espedientea eta irakurri. Nik ez dut ezer asmatu.