Elkarrizketak

Olaia Inziarte: "Erran dezaket berreskuratu dudala, behintzat, hau disfrutatu dezakedanaren esperantza"

Nahia Martinez Gondra 2025ko mar. 24a, 13:54

Martxoaren 21ean Muxikebarri Zentroan eman zuen kontzertua. © MAITANE CAMPOS FUNDAZURI

Pasa den barikuan, martxoaren 21ean, Olaia Inziarte abeslariak bere azken Zerrautsa diska gorpuztu zuen Muxikebarri Zentroan. Hala, kanta ezberdinen bidez, zaurgarritasun atmosfera bat eraiki zuen bere "argi-ilunak" publikoari eskainiz. Inziartek berak kontatu digu zer suposatu duen diska honek berarentzako.

Zelan definituko zenuke Zerrautsa diska?

Zaila egiten zait, baina, finean, sentitzen dut momentu zailetan egon diren argi-ilunen erretratu bilduma dela.

Zure beste lanakaz alderaratuta, zertan ezberdintzen da?

Akaso, aitzineko diskoa, lehen aldietako inozentzia, ausardia, esperantza horrekin egin nuen, helburu zehatzik gabe edo intentzionalitate konkreturik gabe. Honetan badago aipaturiko zera horietatik gutxiago baino intentzionalitate gehiago.

Nolakoa izan da abestiak idazteko prozesua?

Ideia bat etortzen da, niri normalean musika eta armonia elkarrekin, eta hitzen batzuekin edo lagundua ere egoten da. Dutxan eta mendian etortzen zaizkit ideia freskoenak. Gero estrukturatzen dut poliki poliki, hitzak landu eta soinu ekosistema konkretu batean pentsatzen dut ondotik taldekideekin lantzeko.

Azken diskan, oso posizio intimista eta zaurgarritik kantatzen duzu. Kostatzen zaizu puntu horretatik sortzea eta zure burua erakustea? Ala naturaltasunez bizi duzu esperientzia?

Kosta egin zait, bai. Elkarrizketa “lasaigarri” batzuk ere eduki nahi izan ditut diska kaleratu aitzin, maite nuen jende batek ez zezan pentsatu orain ere hain gaizki nintzenik edo dena delakoak. Egia da gero nire buruari eskertu diodala ausartu izana eta hortik egin dudala kantu eta kontu, eta eroso sentitzen naiz. Hori bai, beti pasatzen ditut kontatu edo kantatu beharrekoak hainbat filtrotatik nire burua edo ingurukoak babeste aldera.

© MAITANE CAMPOS FUNDAZURI 

Aste hauetan, zuzeneko kontzertuak hasi dituzu; horien artean, Getxoko Muxikebarrin ere egon zara, martxoaren 21ean. Nola sentitzen zara?

Beno, kosta egin zait agertokietara itzultzea. Orain ohitze edo birkokatze prozesuan nago egia erran. Esperantza eduki ez duenak badaki hori zer den eta erran dezaket berreskuratu dudala, behintzat, hau disfrutatu dezakedanaren esperantza. Ez da guti. Hala ere alerta nago nolabait eta susmoa dut hala izanen dela denbora luzez.

Azken urteetan, euskal musika panoramako pertsonaia ezaguna egin zara. Nola kudeatzen duzu ezagun izate hori? Zerk laguntzen dizu?

Ezaguna izatearen zera hori... Beti pentsatu ohi dut ez naizela ezaguna. Egiazki barneratua dut hori eta ez dut aktiboki landu, e. Ez dakit, laguntzen nauela uste dut gainera. Gero ohartzen zara ez dela egia eta ikasi behar duzu hortik bizitzen eta muga desberdinak jartzen eta ni horretan nabil.

Artista gisa, badago oraindino egin ez duzun eta egin nahiko zenukeen zerbait? Zer?

Gauza anitz! Kar-kar. Baino dirua behar izaten da hainbertze gauza egiteko. Ez dakit... Orkestrekin edo abesbatzekin lan egiteak eman izan dit beti atentzioa, adibidez.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun