Azkorrirako autobus-zerbitzua berrezartzea exijitu dute Getxoko Udalak eta Azkorri Bizirik plataformako kideek

Iker Rincon Moreno 2025ko api. 16a, 13:52

Zientoetxeko biribilgunea. © AZKORRI BIZIRIK

Azkorri ingurura doan A3411 linea aldi baterako etengo du Bizkaibusek gaurtik, eguaztenetik, aurrera. Hala, aurrerantzean, ibilbide hori Andra Mari kiroldegiaren ondoko geralekuan amaituko da, Gabriel Ramos Uranga kalean, Getxoko Udalak jakinarazi duenez. Udal-agintariek azaldu dutenaren arabera, etetea Zientoetxeko biribilgunea kentzeari lotuta dago, eta zerbitzua berriz ezartzea exijitu du. Ildo horretan, Azkorri Bizirik plataformak Udalaren "erantzukizun falta" salatu du, eta linea berrezartzea eskatu du ere.

Azkorrira arteko autobus-zerbitzua eteteko erabakia Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio eta Mugikortasun Sailak hartu du, epai judizial irmo bat betez, Getxoko Udalak Zientoetxeko biribilgunea kendu ostean. Azpiegitura hori 2020an eraiki zuen Udalak, autobusen biraketa-maniobra "seguru" bat bermatzeko, "ibilgailuak eta oinezkoak ibiltzen diren ingurune batean atzera-martxa bat saihestuz".

Epaia inguruko herritarrek jarritako salaketa baten ondotik etorri da. Izan ere, Azkorri Bizirik plataformak jakinarazi duenez, Udalak egitasmoagaz aurrera jarraitu zuen, "nahiz eta hasieratik jakin legez kanpokoa zela". Horren ordez, auzokideen elkarteak gogoratu du hainbat proposamen alternatibo "legal eta eraginkor" aurkeztu zituztela, hala nola biribilgunea goiko aldean jartzea, aparkalekuan egitea edo goiko aparkalekua kentzea autobusak maniobra egin ahal izateko. "Baina Udalak entzungor egin die bai gure proposamenei, zein Bizkaibusek berak egindako eskaerei ere".

Biribilgunerik gabe, zerbitzurik ez

Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio eta Mugikortasun Sailak jakinarazi duenez, biribilgunea kendu ondoren, Segurtasun eta Osasun Batzordeak erabaki du uneotan ez ei dagoela autobusak Azkorrin bira egiteko aukera segururik. Euskotren enpresa emakidadunak "bideraezintzat eta arriskutsutzat" jo du aukera bakarra —Azkorriko markesinaren ondoan atzeraka egitea—, bide eta oinezkoen segurtasunerako arrisku handia duelako. "Izan ere, jatorrizko arazoa hortik zetorren 2018ko Segurtasun eta Osasun Batzordearen lehen salaketetan", Udalak gogoratu duenez.

Udalak azpimarratu du, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio Sailaren erabakiaren berri izan duen une beretik, formalki adierazi duela ez dagoela ados, eta zerbitzua berrezartzeko eskatu du. Uda-gobernuaren ustez "onartezina" da Zientoetxe eta Azkorri inguru guztia garraio publikoko konexiorik gabe uztea, eta, irtenbide alternatiboak aztertzen diren bitartean, zerbitzua mantentzeko eskatu du.

Era berean, udal-iturriek gogoratu dute auzotar batek –Azkorri Bizirik plataformaren izenean– eskatutako errekerimendu judizialaren aurrean, Udalak biribilgunearen ingurua aldatu behar izan duela epaiak agindutakoa jarraituz, "nahiz eta etorkizuneko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak biribilgunea hirigintza-baldintza egokietan birkokatzeko eta berriro egiteko aukera aurreikusten duen".

Udalaren "erantzukizun falta" salatu du Azkorri Bizirik plataformak

Azkorri Bizirik plataformako kideen arabera, inguru horretako arazoa Udalak berak sortu du, azken urteetan hartutako erabakien ondorio. Diotenez, arazoaren sorrera ostalaritzari "baimen arbitrarioak" emanez heldu zen, ingurumen txostenen aurka eginez. Horri jarraituz, auto-pilaketa eta aparkaleku kaotikoa bi urtez salatu badira ere, Bizkaibusek egindako ohartarazpenak kontuan hartu ez direla eta ez dela inolako irtenbiderik eman deitoratu dute.

Udalaren jardunak ingurumen kalteak ere eragin dituela salatu dute auzokideek: biribilgunea landa-eremu batean eraiki da, "jakinarazita egon arren, legez kontra eginez". Ildo horretan, gogoratu dute Udalak epaileen aurrean bi aldiz jarri duela helegitea, "herri-dirua alferrik xahututa auzibideetan –7.500 euro–".

"Argazki orokorra argia da: Getxoko Udalak arazoa sortu du, kudeaketa txarra egin du, legea urratu eta herritarren baliabideak alferrik gastatu du. Eta emaitza? Auzoa autobus zerbitzurik gabe geratu da", deitoratu dute bizilagunek.

Horren guztiaren aurrean, autobus zerbitzua, mikrobus ala lanzadera bat berehala berrezartzea exijitu dute, baita erabaki gardenak eta legezkoak hartzea eta herritarren proposamenak entzuteko benetako borondatea hartzea ere.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun