Zientoetxeko biribilgunea kenduta, Bizkaibusek aldi baterako eten du Azkorrirako A3411 linea

Iker Rincon Moreno 2025ko api. 16a, 08:36

Bizkaibuseko autobus bat, artxiboko irudian. © BFA

Azkorri ingurura doan A3411 linea aldi baterako etengo du gaurtik, eguaztenetik, aurrera Bizkaibusek. Hala, aurrerantzean, ibilbide hori Andra Mari kiroldegiaren ondoko geralekuan amaituko da, Gabriel Ramos Uranga kalean, Getxoko Udalak jakinarazi duenez. Udal-agintariek azaldu dutenaren arabera, etetea Zientoetxeko biribilgunea kentzeari lotuta dago, eta zerbitzua berriz ezartzea exijitu du.

Azkorrira arteko autobus-zerbitzua eteteko erabakia Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio eta Mugikortasun Sailak hartu du, epai judizial irmo bat betez, Getxoko Udalak Zientoetxeko biribilgunea kendu ostean. Azpiegitura hori 2020an eraiki zuen Udalak, autobusen biraketa-maniobra "seguru" bat bermatzeko, "ibilgailuak eta oinezkoak ibiltzen diren ingurune batean atzera-martxa bat saihestuz".

Biribilgunerik gabe, zerbitzurik ez

Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio eta Mugikortasun Sailak jakinarazi duenez, biribilgunea kendu ondoren, Segurtasun eta Osasun Batzordeak erabaki du uneotan ez ei dagoela autobusak Azkorrin bira egiteko aukera segururik. Euskotren enpresa emakidadunak "bideraezintzat eta arriskutsutzat" jo du aukera bakarra —Azkorriko markesinaren ondoan atzeraka egitea—, bide eta oinezkoen segurtasunerako arrisku handia duelako. "Izan ere, jatorrizko arazoa hortik zetorren 2018ko Segurtasun eta Osasun Batzordearen lehen salaketetan", Udalak gogoratu duenez.

Udalak azpimarratu du, Bizkaiko Foru Aldundiko Garraio Sailaren erabakiaren berri izan duen une beretik, formalki adierazi duela ez dagoela ados, eta zerbitzua berrezartzeko eskatu du. Uda-gobernuaren ustez "onartezina" da Zientoetxe eta Azkorri inguru guztia garraio publikoko konexiorik gabe uztea, eta, irtenbide alternatiboak aztertzen diren bitartean, zerbitzua mantentzeko eskatu du.

Era berean, udal-iturriek gogoratu dute auzotar batek –Azkorri Bizirik elkartearen izenean– eskatutako errekerimendu judizialaren aurrean, Udalak biribilgunearen ingurua aldatu behar izan duela epaiak agindutakoa jarraituz, "nahiz eta etorkizuneko Hiri Antolamenduko Plan Orokorrak biribilgunea hirigintza-baldintza egokietan birkokatzeko eta berriro egiteko aukera aurreikusten duen".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun