"Hasiera-hasieratik herritarren eta Egoitzako egoiliarren segurtasuna bermatzea izan zen lehentasuna, eta horretarako beharrezko neurri guztiak hartu genituen. Eskerrak eman nahi diegu aparteko egoera honetan bere prestutasuna eta laguntza agertu zituzten herritarrei, horien artean udal egoitzara hurbildu zirenei", adierazi du Amaia Aguirre alkateak. Horretarako, Krisi Mahaia jarri zuten martxan, eta Babes Zibileko Planaren larrialdi-fasearen bigarren fasea ezarri.
Fase horretan eskura zeuden baliabide guztiak jarri zituzten martxan, sortutako ezohiko egoeraren balizko beharrei aurre egin ahal izateko. Ildo horretan, itzalaldian, Udaltzaingoak herritarren segurtasunaren alde lan egin zuen. Egindako jarduketen artean, azaldu dute agenteek prebentziozko zaintza-lanak egin zituztela eta igogailu pribatuetan pertsona bi erreskatatzen lagundu zutela. Suhiltzaileak Aiboako igogailuan harrapatuta geratu zen pertsona bat askatzera joan ziren eta, trafikoari dagokionez, herrian zehar ez zen arazorik izan.
Une honetan, normaltasuna orokorra da, farola eta semafororen bat eta igogailu batzuk izan ezik. Horien zerbitzua lehenbailehen konpontzeko lanean ari dira Udaleko zerbitzu teknikoak. Metro Bilbaoko eta Bizkaibuseko garraio zerbitzuak normaltasunez dabiltza.