Areetako eraikin bateko koadro elektriko batean piztutako suteak eragindako matxura konpondu dute

Iker Rincon Moreno 2025ko mai. 2a, 10:29

Sutearen ondorioz, kaltetutako eraikineko bizilagunak etxetik atera behar izan zituzten.

Getxoko Udalak jakinarazi duenez, Iberdrolak konpondu du atzo, eguenean, Areetako Gobela eta Joaquin Arellano kaleen arteko eraikin bateko koadro elektriko batean izandako sute txiki batek eragindako matxura. Horren ondorioz, argindarrik gabe gelditu ziren inguruko bizilagunak, baina daborduko hornidura elektrikoa bermatuta dago.

Sutea goizeko 09:30ak aldera hasi zen, eta suhiltzaileen esku-hartze azkarrak, Getxoko Udaltzaingoaren laguntzagaz, sutea berehala itzaltzen lagundu zuen. Eguerdian, eta behar ziren egiaztapen teknikoak egin ondoren, eraikin horietan bizi ziren pertsonak euren etxeetara bueltatu ahal izan ziren. Konpainia elektrikoak sorgailu bat instalatu zuen hornidurarik gabe gelditu ziren inguruko etxe asko hornitzeko, gaur goizera arte, matxura erabat konponduta geratu denean.

Amaia Aguirre alkatea sutearen tokira bertaratu zen gertaeraren berri izan bezain laster, eta eskerrak eman ditu “suhiltzaileek eta, bereziki, udaltzainek egindako lanaren konpromisoagatik eta eraginkortasunagatik, udaltzainek lagundu, lagun egin eta aholkuak eman baitzizkieten bizilagunei urduritasun une horietan, baita arazoa konpontzen atsedenik gabe jardun duten teknikarien lanagatik ere eman ditu eskerrak”.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun