Denboraldi berria Getxon hasi berri duzue. Urduri?
Ez, lasai nago. Lan pila bat daukagu oraindik, badakigu gauza batzuk ez direla guztiz ondo aterako, baina oinarria ondo dago eta zuzentzeko gauzak izatea ere ondo dago, hobetzeko aukera ematen digulako. Gogotsu nago; ilusioz gainezka. Denak oso zentratuta daude eta giroa oso ona da; izan ere, zortzi denboraldi eta gero, taldea honela edukitzea ez da erreza, baina lortu dugu, eta esan dezaket dana kontrolpean daukagula.
Aldaketarik egin duzue aurtengo denboraldirako?
Orain arte, udan hilabeteko etenaldia egiten genuen Orion, eta hori baliatuta egiten genituen aldaketak. Pandemiaren eraginez horrela hasi ginen egiten halabeharrez, baina hori aldatu egin dugu. Erabaki genuen ikuskizunetako aldaketa horiek neguan egin behar genituela, patxadaz eta geldu gaudenean; beraz, Getxon abiatuko dugun biraren hasierarako aldaketa asko egin ditugu. Hemendik Zornotzara joango gara eta, gero, Arratera; Eibarreko lehen mailako portua igoko dugu gure traste zahar hauekin. Hortik, Lekeitiora joango gara; izan ere, iaz, emanaldi bakarra egin eta gaixotu egin nintzen, beraz, geratu zitzaidan arantza hori atera nahiko nuke, baita Lekeitioz gozatu ere. Gero, Agurainera, Iruñerrira... Bagoaz datak ixten.
Zortzi denboraldi. "Urte hauetan profesionaltasunean asko irabazi dugu, eta horrek segurtasun handia eman digu. Zirkuarekin hasi ginenean ez genuen ideia handirik, baina orain beste lasaitasun batekin egiten ditugu gauzak, eta hobekuntzak hortik etorri dira"
Aurtengoa zuen zortzigarren denboraldia izango da. Nola aldatu da Gure Zirkua urteotan?
Lehendik ere bagenuen gure lan egiteko modua, gure estiloa; izan ere, askok denbora generamatzan elkarrekin lanean. Adibidez, Joseba Usabiagak edo teknikarietako askok ia 18 urte genituenetik daramagu elkarrekin lanean, kalean, elizetan, antzokietan... Gure entseatzeko moduak beti funtzionatu izan digu, gure senak eta elkar-ulertze hori ditugulako, beraz, hor ez da aldaketa handirik izan. Hala ere, Cirque du Soleiletik etorri denak ere erakutsi digu zer edo zer, egiteko beste modu batzuk ere badaudelako, nahiz eta gu ez garen maila horretaraino iristen. Hala ere, urte hauetan profesionaltasunean asko irabazi dugu, eta horrek segurtasun handia eman digu. Zirkuarekin hasi ginenean ez genuen ideia handirik, baina orain beste lasaitasun batekin egiten ditugu gauzak, eta hobekuntzak hortik etorri dira. Horrek lasaitasuna eta gauzak egiteko patxada eman digu; lehen, muntaia bakoitzaren hasieran urduri jartzen ginen, ea dena ondo aterako zen, arazorik izango genuen... Horrez gain, gure gazteak helduak egiten joan dira, eta lehen 12 urte zituenak orain 20 ditu, baina esango nuke beraiek eskaintzen dutena ere kalitatez hobea dela, gutxiago barkatzen diegulako ere bai; aldaketa naturalak dira, bizitza ere aurrera dihoalako.
Zirkuaren irudi exotiko hori daukagu askok: nomadak, pertsonaia bitxiak... Ezaugarri horietatik zenbat dauka Gure Zirkuak?
Uste dut diozun hori oso gauza erreala dela, eta bizimodu hori probatzen duenak ez du desilusiorik eramaten, harrapatu ere egiten zaitu. Nik ere horrela irudikatu nuen kanpotik, eta benetan horrelakoa da, oso mundu polita, zalantzarik gabe. Adibidez, duela bi urte, Lur Aranburu ondarrutarra gurera etorri zenean, ea non sartzen ari zen ba al zekien galdetu genion. Bera talentu handiko artista da, entrenatzeko duen diziplina besterik ez duzu ikusi behar; bada, gustatu zitzaion, eta atsegin du karabanan lo egitea, zirkuan bertan jatea, gure umeekin egotea... Etxean dagonean, amorratzen dago ea bira noiz hasiko den. Egia da guk tranpatxoa egiten dugula, Euskal Herrian bakarrik ibiltzen garelako eta, norbaitek oso aste txarra izaten baldin badu, etxera joateko aukera dauka.
Hala ere, zirku klasiko horri buelta bat ematen saiatu zaretela esango zenuke?
Ez nintzen ausartuko esaten zirku klasikoa edo garaikidea garela, Gure Zirkuan ikuskizun oso klasikoak egiten ditugu, gaur egun ia egiten ez direnak, baina, horrekin batera, Sua Enparantzak, adibidez, oso dantza garaikidea ere egiten du. Alabaina, Ekain Ibarguren malabarrekin ateratzen denean, adrenalina-txute bat sartzen da. Azken finean, zirkura gurasoak, lauzpabost urteko umeak eta aitona-amonak etortzen zaizkigunean, denetarik eskaini behar duzu; horregatik, poesia apur bat ere badaukagu, txalo-txalo eta mamboa ere badauzkagu... Eta agian oso euskalduna izan ez arren, izugarria da, eta horrek kolorea ematen digu.
Dena den, euskara bada Gure Zirkuak duen ardatzetako bat, ezta?
Bai, baina oso era naturalean egiten dugu. Gure hizkuntza da eta, familia edo kuadrilla guztietan bezala, berez ateratzen zaigun zerbait da; emanaldiak prestatzeko garaian ere, inongo konplexurik edo alarderik gabe erabiltzen dugu. Esan behar dut niri ez zaidala gustatzen egiten ditugun akatsak euskaldunak izateagatik barkatzea, euskaldunok ere besteen pare gaude eta Gure Zirkuak ez luke beste edozeinen inbidiarik izan behar. Guretzat premiorik handiena da lehen aldiz datozenek ikustea kalitatezko ikuskizuna egiteko gai garela; zer uste dute bada?
Iker, ezagutzen zaitugun gehienok telebistan ikusi zaitugu; zirkuagaz beste mundu bat ireki zaizula esango zenuke?
Aurrekoan, zirkua muntatu eta gero, Andoni Agirregomezkortak mezu bat bidali zidan ez dakit non grabatzen zeudela esaten, faltan sumatzen nindutela... Ni orain ez nintzateke ezta zoratuta ere bueltatuko horretara; alabak esaten duen bezala: "No me renta", kar-kar. Egia da Irabazi arte saioan papertxo bat egiten ari naizela udara arte, eta pelikularen batean ere nabilela, baina 15 eguneko kontuak dira; horretara gustura joaten naiz. Baina Vaya Semanita batean egunez egun goizetik arratsaldera jarraian aritzeak ez dit konpentsatzen; hemen zoriontsua naiz. Gainera, gustatzen zait hemen denetarik egin behar delako: brikolajea, mekanika... Halaber, seme-alabekin egoteko aukera ere ematen dit, eta gainontzeko kideekin ere familia handi bat osatu dugu.
Momentu zailak ere izango zenituzten, ezta ala?
Bai, noski. Egia da zaila egiten dela gauza berriak sortzea pertsona berdinekin. Jende berria ere etorri da, Lur, adibidez, baina jende berria sartzea asko kostatzen zaigu. Batzuetan nagi apur bat ere ematen du, dena ondo antolatuta duzunean, bai ikuskizunetan, bai eguneroko bizitzan, denak engranaje baten moduan funtzionatzen duenean, norbait berria hor sartzea kosta egiten da, izugarrizko artistak izan arren. Cirque du Soleilen ez dituzte onenak hartzen, baizik eta bizikidetza onena daukatenak. Sokan gora oso ondo egin arren, denbora guztian taldean pozoia sartzen baldin badago, horrek taldea izorratzen du, hemen ez baikaude zortzi orduz eta gero etxera goaz, hemen elkarrekin bizi gara. Orain, berriak datozenean, proba egiten diegu hainbat hilabetez.
Euskal Herrian zirkurako talentua dago?
Bai, noski dagoela. Falta dena diziplina desberdinak ikasteko aukerak dira. Gero eta eskola gehiago daude: Barakaldon Zirkodomoa dago, oso lan handia egiten ari dena; Gernikan ere Txitatoki dago... Hala ere, gizarteak beste buelta bat eman beharko liokeela esango nuke, hau da, zuk futbol-jokalari profesionala izan nahi baduzu, astean behin entrenatzearekin ez da nahikoa, egun osoa baloia hankartean izan behar duzu; pilotaria izan nahi baduzu, berdin, egun osoa pilotari ematen etengabe. Zirkua berdina da: gure tailerretara etortzen direnek pentsatzen dute Messiren modukoak izan daitezkeela, baina, horretarako, zirkua egunero-egunero praktikatu behar da, eta denetarik egin behar da, oso zaila baita besteen artean bereiztea. Musika entzuten jakitea ere berebizikoa da, beldurrei aurre egiten ikasi eta norberaren gorputza ere ezagutu behar da. Beste edozein lanbidek bezala, zirkuak zure lekuan egoten erakusten dizu, baina hori ere ikasi egin behar da. Nik uste dut zirkua espektakulu hutsa baino askoz ere gehiago dela.
Zirkuko bizitza. "Bizimodu hori probatzen duenak ez du desilusiorik eramaten, harrapatu ere egiten zaitu; nik ere horrela irudikatu nuen kanpotik, eta benetan horrelakoa da. Oso mundu polita, zalantzarik gabe"
Zer izan da zirkuak eman dizun gauzarik bereziena?
Bizitza. Behin, Bordelera gindoazela, zirkuko karpa txiki bat ikusi genuen, eta nirekin zegoen beste pailazo bati entzun nion esaten erretiratzen zenean horrelako bat izan nahi zuela. Nik ez nuen horretara itxaron nahi izan, eta 40 urterekin egitea erabaki nuen: kamioiko gidabaimena atera behar izan nuen eta, atera nuenean, karpa erosi nuen. Umetan dena posible dela pentsatzen duzu, baina nagusi egiten zarenean errealista bilakatzen zara, eta konturatzen zara ikasi egin behar duzula, lan egin behar duzula... Beraz, eskerrak 40 urterekin egin nuela, 20rekin egin izan banu, seguruenik ez nituzkeelako gauzak ondo egingo. Beraz, kamioia erosi eta zorpetu beharrean, Tolosako zezen-plazan karpa jarri eta han hasi ginen zortzi emanaldirekin. Gero, zorte apur bat izan nuen; Antena 3 telebista-katean Allí abajo telesaioan hasi nintzen, eta karpa ekarri eta bira hasi genuen arte, urtebete-edo pasatu zen. Beraz, gauzak poliki egin genituen, baina helburua argi geneukan, eta gutxika-gutxika gauzak eransten joan gara, gaur egun arte.