Euskaraldia 2025

Gure Zirkuak Portu Zaharrean jarritako karpan hasiko da Euskaraldia Getxon

Erredakzioa 2025ko mai. 8a, 15:39

Gure Zirkuak Algortako Portu Zaharrean kokatutako karpan egingo den ekitaldiagaz emango diote hasiera Euskaraldiaren laugarren edizioari Getxon maiatzaren 15ean, eguaztenean.

Euskal Herriko herri administrazioek eta Taupa Euskaltzaleen Mugimenduak elkarlanean antolatutako euskararen erabilera aktibatzeko ariketa soziala maiatzaren 25era izango da aurten, lehen aldiz udaberrian.

Ildo horretan, Getxoko Udaletik jakinarazi dutenez, Udalak berak eta Egizu eta Bizarra Lepoan euskara elkarteek osatutako sustapen batzordeak askotariko jarduerak antolatu ditu herritarrak ariketan parte hartzera animatzeko, bakoitza bere rolagaz (ahobizi, belarriprest edo irribizi). Izen-ematea hilaren 14ra arte dago irekita www.getxoztarrak.eus web orrian.

Euskaraldiaren helburua da hizkuntza ohituren inertziak astindu eta herritarrek euskara gehiago erabiltzeko urratsak ematea, bai eta entitateek euskaraz bizitzeko neurriak hartzea ere.

Ildo horretan, Getxoko Udalak eta bere erakunde autonomoek izena eman dute ekimenean entitate gisa parte hartzeko eta herritarrak animatu dituzte era pertsonalean ere konpromisoa hartzeko.

"Euskara gure altxorra da eta udaletik, beste behin ere, euskararekin dugun konpromiso irmoa agertu nahi dugu. Horregatik euskararen erabilera sustatzeko Euskaraldiarekin bat egiten dugu. Elkar mugituz egingo dugu, Getxo eta euskara bat eginda. Euskara maite dugulako", adierazi du Amaia Aguirre alkateak.

Hasiera ekitaldia

Bada, maiatzaren 15ean, Andres Isasi Musikalia bandak kalejira egingo du 17:30ean Etxetxu plazatik, eta Gure Zirkuaren karparako sarrera girotuko du, ALBEko bertsolariakaz batera. Bertan, azken hilabeteotan herrian egindakoaren laburpen bideoa ikusi, rolen azalpena entzun, Gure Zirkukoen emanaldiagaz gozatu eta irribizi rolari buruzko bideoa ikusi ahal izango da.

Gainera, Euskaraldiaren Getxoko Hamaikakoaren aurkezpena egingo dute, Euskaraldiaren manifestua irakurri eta txapak jarri aurretik. Ekitaldia amaitzeko, Musikalia bandak Bulego taldearen Gure bihotzaren taupadak abestiaren moldaketa eskainiko du, Asier Ituarte Andres Isasi Musika Eskolako irakasleak egina.

Hamaika jarduera

  • Maiatzak 9, barikua
    • 17:00 Bingo musikala, Sendi, Xake plazan, Areeta.
  • Maiatzak 12, astelehena
    • 18:00 Dantza-plaza, Ebats, Telletxe plazan, Algorta.
  • Maiatzak 13, martitzena
    • 19:30 Kluba: Maitasun kapitala Lizar Begoñagaz, Villamonten, Algorta.
  • Maiatzak 14, eguaztena
    • 11:00-13:00 Herri kirolak, Getxoko taldea, Telletxe plazan, Algorta.
    • 17:30 Merienda & dinamika: Nola erabili euskara gehiago familian?, begirale zerbitzua, Aldai patronatuan, Algorta.
    • 19:00 Antzerkia: Hau gerra bat da, Villamonten, Algorta.
  • Maiatzak 15, eguena
    • 11:00-13:00 Irratsaioa: HIRUKA, Bizkaia irratia, Getxoko Udaleko Komunikazio Saila eta ViniloFM, Telletxe plazan, Algorta.
    • 17:15 Kalejira, Musikalia, Portu Zaharreko Etxetxun, Algorta.
    • 18:00 Hasiera ekitaldia, Gure Zirkuko karpan, Algorta.
  • Maiatzak 16, barikua
    • 17:30 Bingo musikala, Sendi, Malakate plazan, Getxo.
    • 17:30 Euskaraldia murala, Andra Mariko jaietan, Getxo.
  • Maiatzak 17, zapatua
    • 11:30 Txatxarrak idazketa feminista taldea, RKE, Romo.
    • 17:30 Toponimia ibilbidea bizikletaz, Andra Mariko karpatik, Getxo.
    • 18:00 “Eskerrik asko Irribizi & Belarriprestei” ekitaldia, lekua zehazteke.
  • Maiatzak 18, domeka
    • 12:30 Bertso saioa, ALBE, Andra Mariko jaietan, Getxo.
  • Maiatzak 19, astelehena
    • 18:00 Egur tailu tailerra, Egizu, Etorkizunako lokalean, Algorta.
  • Maiatzak 20, martitzena
    • 19:00 Urtzi Urkizuren Txoria hodei artean liburua, Villamonten, Algorta.
  • Maiatzak 22, eguena
    • 9:00-11:00 Berbodromoa, San Nikolas plazan, Algorta.
    • 18:00 Berbodromoa, Santa Eugenia plazan, Romo.
    • 19:00 Liburu-aurkezpena: Liluraren kontra, Abian elkartean, Algorta.
  • Maiatzak 23, barikua
    • 18:30 Bingo musikala, Sendi, San Nikolas plazan, Algorta.
    • 19:00 Sukaldaritza tailerra, Abian elkartean, Algorta.
  • Maiatzak 24, zapatua
    • 11:00 Bilbo 2 albo bizikleta-irteera, Telletxe plazatik hasita, Algorta.
  • Maiatzak 25, domeka
    • 9:30 Junior & gazteen txirrindularitza txapelketa, Punta Galea, Justizia jauregian, Neguri.
    • 12:30 Kultura arteko dantza-plaza, Santa Eugenia plazan, Romo.

Bestalde, Algortako Dendak merkatarien elkarteak ere bat egin du Euskaraldiagaz, “'Algortako dendak euskararen alde” kanpainaren bidez, Getxoko Udalaren laguntzagaz.

Auzoko establezimenduek hartutako rola erakutsiko dute beren erakusleihoetan tokiko artista batek egindako diseinuen bidez eta paperezko 5.000 poltsa pertsonalizatu banatuko dituzte erosleen artean. Era berean, Getxoko Euskararen Laguna Saltokiak sareko establezimenduek ere erakusleihoan Euskaraldiaren biniloa ipiniko dute.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun