2016tik biolentzia matxistak ikertzen aritu zarete. Zehazki zer landu duzue?
Kontsumoa tresna politiko gisa aztertu dugu. SETEM Hego Haizeanen desberdintasunak eta indarkeriak sortzen dituen kontsumo kapitalista ekozida ordezkatzea proposatzen dugu. Horren ordez, kontsumo kritiko eta eraldatzaile ekofeminista gura dugu. Hau da, erosketa bat egitea edo ez egitea erabakitzeko orduan, kapitala metatzeko edo ondasunak irabazteko irizpideak ez ezik, irizpide ekologikoak, sozialak eta abar ere kontuan hartzea. Adibidez, joan zaitezke Zarara, kamiseta bat erosi eta Amancio Ortegari lagundu, bere ekoizpen-kate osoan emakumeak esplotatzen dituen gizon bati, edo egin dezakezu azoka txiki bat lagunakaz edo kamiseta bat erosi Bartzelonako Topmantan.
2015ean galdera bat egin genion geure buruari: indarkeria kontsumitzen al dugu? Orduan, gure eguneroko kontsumoan indarkeria matxista desberdinek zenbateraino zeharkatzen gaituzten galdetzen hasi ginen. Bertatik hasita, hainbat arlo landu ditugu: etxeko kontsumoa, estetika, hiriko mugikortasuna, sare sozialak, etxeetako energia-kontsumoa, fikziozko produktuak... Ikerketetan ikusi dugu indarkeria horiek ikusezin bihurtu direla, eta normaltzat hartzen direla.

Urte hauetan, landu dituzuen zein gaik harritu zaitu gehien?
Niri, pertsonalki, hiri-mugikortasunak. Ez dut inoiz pentsatu emakumeok garraio publiko gehiago hartzen, gehiago ibiltzen eta autoa askoz gutxiago hartzen dugunik. Horrek egoera eta leku arriskutsu batzuetan egotera garamatza. Eta horrek gure denboretan ere badu eragina. Garraio publikoaren menpe zaudenean edo lekuetara oinez zoazenean, askoz ere denbora gehiago behar duzu, eta, gainera, bidean bizitzari eusten dioten errekadu guztiak egin behar badituzu, ez dugu astirik guretzako.
Indarkeria matxistak esparru askotatik landu dira, baina ez hainbeste eguneroko kontsumoaren ikuspegi horretatik. Pobrezia energetikoaren gaia ere landu dugu, eta generoak nola zeharkatzen duen ere bai. Bizi-baldintza pertsonal edo sozioekonomikoengatik prekarietate-egoera jakin batean bizi diren pertsonek pobrezia hori bizi dute, eta, bereziki, emakumeek. Adineko emakumeak, bakarrik bizi direnek, ezkongabeek... Ikusten dugu, halaber, feminitate-agindu horietan etxea emakumeen gunea dela. Etxearen egoeraren lotsak asko eragiten die emakumeei. Adibidez, ez dute jendea gonbidatu gura euren etxeek berogailurik ez dutelako, orduan, bakartasunean murgiltzen dira.
Zer metodologia erabili duzue?
Ekintza parte-hartzaile feministaren ikerketa. Niretzat garrantzitsuena da ezagutza modu kolektiboan eraikitzen dela. Lehenengo inkestak egiten dira eta gero talde eragile batek ideiak atera eta kontrastatu egiten ditu. Ondoren, eztabaida-taldeak egiten ditugu pertsona zehatzakaz, inkestetan atera diren gauza espezifikoak ikertzeko. Tailerrak ere egiten ditugu, eta hor ikusten dugu zer gehiago landu dezakegun. Ideia da titulu bat dutenek edo zerbaitetan adituak direnek ez ezik, zuk zerbait bizi izan duzulako edo zerbaitetan esperientzia izan duzulako ezagutza hori eman dezakezula.
Orain erakusketa interaktibo bat sortu duzue, ezta?
Bai. Arlo ezberdinetako hiru ikerketa ditugu,
dokumentalak, gida didaktikoak... Baina mundu guztiak ez du 90 ikerketa orrialde irakurtzeko denborarik. Hortxe bururatu zitzaigun erakusketa hau egitea. Madrilgo kooperatiba den Altekiogaz batera sortu dugu. Erakusketaren ideia nagusia jendea leku interaktibo batera hurbiltzea da, kontzeptuak errazago lurreratu daitezen.
Aldaketa pertsonalera iristeko hiru gunetan pentsatuta dago erakusketa: lehenengo zatian, hasieran, ikusten ez zenituen gauza horiek ikusten dituzu, bigarrenik, testigantza guztiak jasotzen ditugu eta landu ditugun indarkeria matxista horien ondorioak zeintzuk diren jakin ditzakezu, eta, ondoren, ekintzara eramaten zaituen hirugarren zati bat dago.

Erakusketa Setem Hego Haizean erabiltzen dugun estrategia batean oinarrituta dago. Horiek dira aldaketarako hiru botereak: aldaketa pertsonalerako boterea, egunero egin dezakedana mundua aldatzeko; indar kolektiboaren aldaketa, zure kezka berak dituen jendeagaz antolatzea, zuen boterea handiagoa izan dadin, eta, ondoren, jokoaren arauak aldatzeko ahalmena, betebeharraren titular batengana jotzea eta bete behar dituen eskubideak alda ditzan exijitzea.
Nola eraiki duzue erakusketa hori?
Erakusketaren estetika dokumentaletan oinarrituta dago. Funtsezko bi metafora erabiltzen dira: Emakumeen Fabrika eta Maiteren tailerra. Emakume-fabrika da feminitateari lotutako elementu asko dituen fabrika erraldoia. Feminitateari lotzen ez zaion elementu bat dagoenean, esaterako, bozgorailu, espresio edo baloi bat, fabrika gelditu egiten da. Ordua, norbaitek elementu hori ateratzen du eta fabrika berriro ere martxan jartzen da. Gero, dokumentalaren protagonista den Maitek, andre zahar batek, fabrikatik botatzen dituzten gauza horiek bere tailerrera eraman eta beste zerbaitetan bihurtzen ditu.
Telefonoaren gaia landu duzue, besteak beste. Egun, eragin handia dute sare-sozialetan gazteen mezu antifeministek. Nola egin aurre indarkeria horri?
Oso konplexua da, telefonoagaz zerikusia duen zatia oso pertsonala delako, pertsona bakoitzak telefono bat duelako eta modu desberdinean erabiltzen duelako. Hausnarketarako gune intimo bat izan behar duzu eta bestea irekitzea lortu benetan hori lantzeko. Asko gustatuko litzaiguke nerabeengana hurbiltzea, baina zaila da haiekaz konektatzea. Munduak nola funtzionatzen duen jakiteko eta ulertzeko oinarria behar dute, eta hori, nik nerabe nintzela, adibidez, ez nekien.
Badaude nerabe batzuk hitz egiteko prest daudenak, baina adin jakin batzuetan askoz gehiago kostatzen zaigu geure buruari galdera zehatzak egitea, beste zerbaitetara gaudelako. Ikasgeletan tailerrak egin daitezke, baina ez da gauza bera aurrez aurre zugaz bakarrik hitz egitea edo klase oso bategaz, botere-dinamikak desberdinak direlako. Ikerketa egin genuenean, emakumeok jasaten ditugun indarkeria-datu oso altuak atera ziren. Batez ere WhatsApp taldeetatik jasotakoak: memeak, iruzkinak eta abar. Talde horietan, disidente moduan jarri behar izaten gara eta "betiko astunaren rola" jokatu.
Beste zerbait gehitu gura duzu?
Jende guztia animatzen dut ikerketak irakurtzera, dokumentalak ikustera eta egingo ditugun deialdi berrietara adi egotera. Izan ere, jendearen parte-hartzerik gabe prozesu hauek ez lirateke existituko. Era berean, mundu guztia animatzen dut bere buruari galderak egitera eta gai horiek hitz egiteko gune seguruak sortzera. Ikaragarria da zenbat indarkeria bizi izan ditugun eta normalizatu ditugun.