Gaur eguerdian, 12:00etan, Telletxe plazatik abiatu da Khalas! Palestina taldeak deitutako manifestazioa, Palestinaren aldeko elkartasuna adierazteko eta Israelegaz harreman komertzial eta instituzional oro eteteko eskaria aldarrikatzeko. Dozenaka lagunek parte hartu dute protestaldian.
Gogoratu dutenez, maiatzaren 15ean 77 urte beteko dira Nakbatik, hau da, Palestinaren okupazioaren eta sarraskiaren hasiera gisa ezagutzen den gertaeratik. Khalasek salatu du azken hilabeteotan genozidioaren maila areagotu egin dela, eta Israelek helburu garbia duela: palestinarrak desagerraraztea, haien etxetik kanporatuz edo, zuzenean, hilketaz, mendebaldeko potentzien babesagaz.
🇵🇸 Israelegaz harreman oro etetea, Israeli boikota egitea eta Palestina askatzea exijitzeko manifestazioa egin dute Algortan.
— Hiruka (@hirukaeus.bsky.social) 2025(e)ko maiatzaren 10(a) (12:39)
[image or embed]
Ildo horretan, manifestariek gogor kritikatu dituzte Espainiako Gobernua eta Euskal Herriko hainbat erakunde, Israelegaz harreman ekonomikoak mantentzeagatik eta laguntza militarra helarazteagatik. Halaber, Metro Bilbaok I-SEC segurtasun-enpresa israeldarragaz sinatutako hitzarmena eta Getxoko Sener enpresaren parte-hartzea armagintzan salatu dituzte: "Israelek ezinbestekoa du mendebaldeko potentzien elkarlan eta konplizitate hori. Israelen inpunitatea hor hasten da, elkarlan horretan. Horregatik diogu Euskal Herrian ere hasten dela Israel".
Palestinako langile sindikatuek maiatzaren 1ean egindako deiari erreferentzia eginez, protestaldiko deitzaileek boikot ekimenetan parte hartzera animatu dute, eta Uribe Kostako zenbait enpresa eta saltoki jarri dituzte jomugan, hala nola Sener, Carrefour, Eroski eta Metro Bilbao. "Gutxi badirudi ere asko da egin dezakeguna. Esaterako, ez isildu eta palestinarren ahotsa zabaldu, sionismoaren ideologia koloniala agerian utzi, Israeldik datozen produktuak ez erosi, saltokiek Israelgo produktuei uko egin diezaioten lortu, erakundeen konplizitatea salatu eta abar. Erresistitzen ari den palestinar herriari gure elkartasuna helarazi diezaiogun hitzez eta ekintzez", azaldu dute.