Euskaraldia 2025

Dena prest Euskaraldiari hasiera emateko!

Iker Rincon Moreno 2025ko mai. 12a, 10:07

© GETXOZTARRAK

Euskaraldiak eguenean, hilaren 15ean, ekingo dio laugarren edizioaren ibilbideari. 11 egunetan zehar, Euskal Herri osoko milaka lagunek, euren hizkuntza ohiturak aldatu eta euskaraz gehiago eta erosoago egiteko saiakera egingo dute. Gurean, Getxon egingo dute hasiera-ekitaldi nagusia, baina gainontzeko udalerrietan ere hamaika jarduera egingo dituzte ekimenean parte hartzera animatzeko.

Belarriprest eta ahobiziek, gutxienez aste eta erdian, lehen berbak euskaraz egiteko ahalegina egingo dute; eta elkarrizketa elebidunak ugarituko dira. Belarriprestak eroso esango dio parean duenari beragaz euskaraz berba egiteko, eta ahal duen guztietan berak ere euskaraz egingo du. "Txapa jantzita ibiliko gara 11 egunetan, kalean, lanean eta aisialdian euskaraz erosoago aritzeko", azaldu dute ekimenaren antolatzaileek.

Euskaraldia hasi dela ospatzeko, beraz, hamaika ekitaldi antolatu dira Euskal Herriko txoko askotan: guztietan irakurriko da testu bateratu bat, eta denek batera jarriko dute Euskaraldiko txapa eguenean, 19:00etan. Hortik aurrera, dantza, musika eta ikuskizunak izango dira herriz herri.

Hasiera-ekitaldi handiak hiriburuetan izango dira, baina baita Getxon ere, Gure Zirkuko karpan. Hona hemen egun horretarako egitaraua:

  • 17:30 Kalejira Musikaliagaz.
  • 18:00 Ekitaldiaren hasiera:
    • ALBEko bertsolariak “Balkoitik balkoira” eran.
    • Aurkezlearen ongi etorria eta ekitaldiaren aurkezpena.
    • Euskaraldiaren barruan Getxon hilabeteotan egindakoaren laburpen-bideoa.
    • Rolen azalpena Getxoko Ahobizi baten, Belarriprest baten eta Irribizi baten eskutik.
    • Gure Zirkukoen emanaldia.
    • Getxoko Hamaikakoaren aurkezpena.
    • Manifestuaren aurkezpena, irakurketa.
    • Txapa jartze kolektiboa eta argazkia.
  • 18:55 Musikalia bandak aurtengo abestia joko du.
  • 19:00 Amaiera.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun