Gune morean, erasoren bat pairatu duten pertsonei arreta emozionala, presentziala, telefono bidezkoa eta laguntza emango diete. Bestalde, indarkeria matxistako egoeren aurrean herritarrak sentsibilizatze aldera, informazioa ere eskainiko diete bertara hurbildu gura duten pertsonei. “Horrela, pertsonak errespetatzen dituen eta emakumeen aurkako indarkeriarik gabeko jai-eredua bultzatzen jarraitzen dugu. Era berean, Jai Batzordeekin eta mugimendu feministarekin koordinazioan aurrera egiten jarraitzen dugu, gure jaiak espazio seguru bihurtzeko", nabarmendu du Carmen Diaz Gizarte Kohesioko zinegotziak.
Gunea barikuan, maiatzak 16, 23:00etatik zapatuko 05:00etara bitartean, kiroldegiko kanpoaldean izango da; eta maiatzaren 17an, Malakate parkean, 21:00etatik 23:30era, eta berriro kiroldegiaren kanpoaldean, gauerditik domekako 05:00etara.