Areneazpiko babeseko alokairuko etxebizitzetako bizilagunek 2026ko lehen hiruhilekoan jasoko dituzte euren etxeak

Ander Zarraga 2025ko mai. 26a, 14:04

Amaia Aguirre alkatea eta Denis Itxaso sailburua Aranazpi kaleko eraikin berrira bisita egin dute gaur. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udala eta Eusko Jaurlaritza elkarregaz bultzatzen ari diren babestutako etxebizitzen sustapena bisitatu dute gaur Amaia Aguirre alkateak eta Denis Itxaso Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza eta Hiri Agenda sailburuak. Proiektu horrek Alokabidek kudeatuko dituen 58 etxebizitza aurreikusten ditu Areneazpi kaleko 49. zenbakian.

Proiektuaren bultzatzaileek nabarmendu dutenez, etxebizitza berri horiek paisaia-integrazioa eta energia-eraginkortasuna lehenesten dituen ikuspegi batetik abiatuta diseinatu dituzte, eta horietatik hiru mugikortasun urriko pertsonentzat egokituta egongo dira. Eraikinak guztira 58 etxebizitza izango ditu, bi logelatako 46 eta hiru logelako 12.

Gaur egin duten bisitan, alkateak nabarmendu du oso garrantzitsua dela bizitoki-alternatiba eskuragarriak eskaintzea, gazteek beren bizi-proiektua udalerrian garatu ahal izan dezaten. "Gure gazteek beren bizi-proiektua hemen garatu ahal izatea nahi dugu; alternatiba egokiak eta eskuragarriak eskainiko dituen babes publikoko etxebizitza-eredu batekin, gure gazteen emantzipazioa errazteko, edo Getxo utzi behar izan zutenek itzultzeko aukera izan dezaten", adierazi du Aguirrek.

Bere aldetik, sailburuak azpimarratu du Eusko Jaurlaritzak ahalegin handia egin duela Getxon etxebizitza publikoen eskaintza handitzeko, alokairuko 180 etxebizitza babestu berri aurreikusi baitituzte datozen hilabeteetan. Iragarri duenez, Iturribarriko 58 etxebizitzei udan entregatuko diren Sarrikobasoko 68 etxebizitzak gehitzen zaizkie, eta Rosario Larrinaga Elorriagako 54 etxebizitzak 2026ko erdialdean prest egongo dira.

Eraikin eraginkorra

Udal-iturriek azaldu dutenez, Iturribarri II sustapenaren diseinuak barne hartzen ditu kanpoko isolamendu termikoa duten fatxada aireztatuak, hormigoi armatuzko egitura baita zubi termikoak minimizatzen dituzten sistemak ere. Eraginkortasun energetikoari dagokionez, eraikina erabat elektrikoa izango da, ur berorako termo elektriko indibidualagaz, igorgailu elektrikoen bidezko berokuntzagaz, beroa berreskuratzeko fluxu bikoitzeko aireztapenagaz eta estalkian eremu fotovoltaiko bategaz.

Aldameneko gune publikoen urbanizazioa ere proiektuan jasota dagoela gaineratu dute, etorkizuneko bizilagunen bizi-kalitatea indartuko duen eta Iturribarri Euskadiko etxebizitza babestuen eskaintzan erreferentzia gisa finkatuko duen ingurune irisgarri eta funtzionala bermatzea bilatzen baitute.

Proiektuak 9,6 milioi eurotik gorako inbertsioa izan du; horietatik, 2,4 milioi Europar Batasuneko Next Generation funtsetatik datoz. Udalak lurzorua doan lagatzeari eta 288.000 euroko ekarpen gehigarriari esker gauzatu ahal izan da, bai eta EIOZren % 95eko hobariari esker ere.

7.714 eskaera zabalik

Gaur-gaurkoz 7.714 bizikidetza-unitate baitaude Etxebiden inskribatuta eskatzaile gisa. Horietatik 5.222k alokairuko etxebizitza eskatzaileak dira, eta 2.882 udalerrian erroldatuta daude. Halaber, izena eman duten herritarren % 20 inguru 36 urtetik beherakoak dira. Horietatik guztietatik 3.527 eskabidek irizpide ekonomikoak betetzen dituzte, besteak beste, 9.000 eta 45.022 euro arteko diru-sarreren ezaugarria betetzen baitute.

Eskaera handi horren aurrean, Itxasok berretsi egin du Eusko Jaurlaritzak eta Getxoko Udalak elkarlanean jarraitzeko borondatea dutela, herritarren bizitegi-premiei erantzuteko eta etxebizitza duin bat eskuratzeko aukera bermatzeko, kohesio, ekitate eta aukera tresna gisa.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun