"Udal erakundeek ere badute ardura eta ahalmena giza eskubideen urraketen aurrean jarrera irmoa hartzeko"

Ander Zarraga 2025ko mai. 29a, 13:25

Getxoko EH Bilduk Udalaren jarrera salatu du eta Palestinaz hitz egiten jarraitzeko deia egin zuen atzo Villamonteko eskaileretan egindako elkarretaratzean.

Udalaren esanetan, zehapen-espedientea ez dago alderdi politikoari zuzenduta, bi pertsona zehatzi baizik. Ildo berean, Getxoko osoko bilkurak ez du onartu Palestinagaz elkartasuna adierazteko aurkeztutako mozioa, horrek Metro Bilbaok Israeleko enpresa bategaz duen harremana eteteko eskatzen baitzuen.

Getxoko EH Bilduk publikoki salatu du Udalak 1.854 euroko zigor ekonomikoa ezarri izana Villamonteko eskaileretan Palestinako bandera handi bat bat margotzeagatik. "Ekintza artistiko eta solidarioa" bezala deskribatu dutena aurreko azaroaren 29an egin zuten, Palestiar Herriarekiko Elkartasunaren Nazioarteko Egunean. Aste honetan jakinarazi dute Udalak isuna ezarri ziela, eta hori gaitzesteko elkarretaratzea egin zuten atzo, murala egon zen eskaileretan. Bertan, Udalaren jarrera salatu eta Israelegaz lankidetza instituzionala etetea eskatu zuten.

Bere aldetik, Getxoko Udalak argitu du zehapen-espedientea ez dela EH Bilduren aurka zuzendu alderdi politiko gisa, bi pertsona zehatzen aurka baizik, eta prozedurak irekita jarraitzen duela alegazioen fasean.

Mozioa Palestinaren alde

Gaia maiatzaren 26an egindako Udalaren osoko bilkurara ere heldu zen. Bertan, EH-Bilduk Palestinarekin elkartasuna adierazteko, Israelen genozidioa bukatzea aldarrikatzeko eta Metro Bilbaok Lutxana eta Plentzia arteko geltokietan lan egiten duen I-SEC Israelgo segurtasun-enpresagaz duen kontratua eteteko eskaera jasotzen zuen mozioa ez zuten onartu.

EAJ eta PSE-EEk mozioaren lehen puntua babestu zuten, Israelek Gazan egindako eraso militarra irmoki gaitzetsi eta indarkeria berehala bertan behera uzteko eskatzen zuena. Hala ere, aipatutako kontratua deuseztatzearen legezko bideragarritasuna errefusatu zuten, Sektore Publikoko Kontratuen Legearen mende dagoela argudiatuta.

Aldiz, EH Bilduk eta Elkarrekin Podemosek adierazi zuten Estatu israeldarragaz lotura duen enpresa bategaz lotura komertzial hori hausteko jardun daitekeela.

Bere aldetik, PPk ez zuen Palestinari buruzko jarrerarik hartu, eta "EH Bilduk babestutako ETAren genozidiotzat" jo zuena salatzera mugatu zen.

Banderak balkoietan

Atzoko agerraldian EH Bilduk azpimarratu zuenez, "elkartasuna da gure tresnarik boteretsuena", eta Palestinako genozidioa salatzen eta euskal erakundeei erantzukizunak eskatzen jarraitzeko asmoa berretsi du. Koalizioak balkoietan bandera palestinarrak jartzeko, mobilizazioetan parte hartzeko eta agintariei presio egiteko deia egin die, sarraskiaren aurrean neurri zehatzak har ditzaten. "Zigorrek ez gaituzte geldiaraziko", ziurtatu dute.

"Palestinaren alde egitea justiziaren alde egitea da. Ez dugu ulertzen zergatik, 54.000 hildako baino gehiagoren aurrean, Getxoko Udal Gobernuak ez duen hitz bakar bat ere esan genozidioa salatzeko. Ez da gai izan adierazpen instituzionalik egiteko, ezta proposamen sinpleenak onartzeko ere. EH Bilduk Palestinari buruz aurkeztutako ekimen oro baztertu du", adierazi zuten atzo Villamonten elkartutakoek.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun