Ekimen horren harira, Gure Eskuk azken deialdia egin du zapatuan, ekainaren 7an, Bilbon egingo den mobilizazioan parte hartzeko. “Herri libre bat. Euskal Herriak erabaki” goiburupean, La Casillatik 17:30ean abiatuko da manifestazioa, eta herritarrei ikurrinak eramateko eskatu diete, "Autonomia kalea ikurrinen kale" bihurtzeko asmoz.
“Ezer ez da lortu herri honetan herri aktibaziorik gabe”, adierazi du Josu Etxaburu Gure Eskuko bozeramaileak. Bere esanetan, egun bizi dugun testuinguruak "aukera paregabea" eskaintzen du euskal lurraldeen arteko artikulazioa eta burujabetzaren bidean urratsak egiteko. Hala, herri-mobilizazioaren bidez, herritarren bultzada funtsezkotzat jo dute erabakitzeko eskubidea gauzatzeko prozesuan.
Gainera, zapatuko jardunaldia egun osoko egitarau zabalarekin osatuko da Bilbon: bertsolariak, musika, herri kirolak eta bestelako kultur ekitaldiak izango dira hiriko hainbat gunetan, eta manifestazioaren amaieran, Sol Band Palestinako taldea arituko da udaletxearen ondoko oholtzan.