Elkarteak jakinarazi duenez, Getxoko Udalari zuzendutako erreklamazioan hainbat "arau-hauste larri" jasotzen dira, baita legezko betebeharren ez-betetze posibleak eta animalienganako tratu txarrak ere. Horien aurrean, erantzukizunak argitzea, zehapen administratiboak ezartzea eta ekitaldiaren debekua eskatu du elkarteak. Bide honek, gainera, Udalari erantzun publikoa ematera behartzen diola iragarri du, eta auzitegietara jotzeko aukera irekitzen duela azpimarratu.
Bero-oldea
Elkartearen arabera, 2024ko ekitaldian zehar behikumeak hiru orduz egon ziren kamioi batean itxita, begiak estalita, lotuta eta urik gabe, eguzki bete-betean. Gogoratu duenez, Euskalmeten arabera, egun horretan 41 °C-ko tenperatura erregistratu zen, eta alerta laranjak ezarri zituen. Hala ere, elkarteko kideek deitoratu dute Udalak ez zuela inolako babes-neurririk hartu, eta ur-hornidurako matxura batek egoera are gehiago larriagotu zuela. "Hori dela eta, ekitaldia ordu bat baino gehiagoz atzeratu zen, baina, hala ere, ez zen bertan behera utzi. Lekukoen arabera, animaliak nekatuta eta arnasestuka ikusi ziren".
Osasun-arriskua
Elkarteak jakinarazi duenez, ekitaldiko behiak hornitu zituen Marques de Saka abeltzaintzan behi-tuberkulosiaren agerraldi bat atzeman zen 2024ko uztailean, hau da, ekitaldia baino aste gutxi batzuk lehenago. 2025eko otsailean, 160 abelburu hil ziren gaixotasun horregatik. Kontuan izanik tuberkulosia gaixotasun zoonotikoa dela eta eboluzio motela duela, elkarteak eskatu dio Udalari frogatzea 2024ko festetara ekarritako animaliak ez zeudela kutsatuta, herritarrentzat osasun-arriskua baztertu ahal izateko.
Dokumentazio-irregulartasunak
Espedientean dokumentazio-irregulartasun larriak aipatu ditu elkarteak. Alde batetik, “abereen garraioaren dokumentu ofiziala” falta dela azpimarratu dute, zeinak animalien osasun trazabilitatea eta ongizatea bermatzen duen. Bestetik, jakinarazi du ekitaldiaren aktan ez direla jasotzen ez istripuak, ezta baldintza klimatologikoak ere. Azkenik, erantsitako dokumentu batzuk data okerrekin ageri direla edo aurreko urteetakoak direla salatu dute.
Aurrekariak eta araudia ez betetzea
Erreklamazioak gogorarazten du, bestalde, Getxoko Udalak ez duela bete 2018ko uztailean onartutako mozioa, non gehiengoz erabaki zen ez finantzatzea animaliakaz egiten diren ikuskizunak eta ez baimentzea tratu fisiko edo psikologikoko jarduerarik. Halaber, 2011n “animalien tratu etikoa” aldarrikatzen zuen mozio bat onartu zen. Elkarteak salatu du, gainera, EAEn eta Espainiako Estatuan indarrean dauden animalien babeserako, garraio, ikuskizun publiko eta osasun-lege batzuk urratu direla.
2024ko abuztutik, Sokamuturra Ez elkarteak hainbat ekimen bideratu ditu jaiak animalien tratu txarrik gabe ospatzeko: milaka sinadura bildu dituzte, osoko bilkuretan parte hartu dute eta bilerak egin dituzte instituzioakaz. Elkartearen arabera, hala ere, Udalak ez du neurririk hartu, herritarren lana eta borondatezko ekarpenak gorabehera.
Horren guztiaren aurrean, elkarteak publikoki eskatu du 2025eko abuzturako aurreikusita dagoen sokamuturra "berehala eta irmoki" debekatzea, ekitaldiaren antolaketa-kate osoan erantzukizunak argitzea (antolatzaileak, udal-arduradunak eta teknikariak barne), irregulartasunak badaude zehapen administratiboak ezartzea eta ikuskizun horretarako dirulaguntzarik ez ematea.
Azkenik, elkarteak jakinarazi du bideoak, argazkiak, lekukotasunak eta albaitaritza-azterketak aurkeztu dituela espedientean, eta berretsi du bere konpromisoa "Getxo etiko, moderno eta animalien tratu txarrik gabeko baten alde".