Elkarrizketak

Garazi Sanchez: "Algoritmoak ez dit ezarriko zer gustatzen zaidan"

Ander Zarraga 2025ko eka. 13a, 12:12

Garazi Sanchez Mexikon izan zenean grabatu zuen Modo avión dokumentala.

Joko Olinpikoetara joatea ekidin zion lesioaren ondorengo hausnarketa eta deskonexio-bidaia bildu ditu Garazi Sanchezek Modo avión dokumentalean. Grabaketa- eta sortze-prozesua nolakoa izan zen eta gaur egun surf profesionalaren industria nola ari den aldatzen azaldu digu. Bitartean, laster hasiko den denboraldirako prestatzen ari da, ikuspegi berritu bategaz.

Modo avión dokumentala aurkezten egon zara azken hilabeteotan; nola joan da prozesua?

Egia esan, oso polita izan da, harrera oso ona izan baitu. Ez da erraza sare sozialetan eta prentsan kirola ez den zerbaitez berba egitea lortzea, baina oraingoan, surfa baliatu ahal izan dut emaitzek baino garrantzia handiagoa duten beste gauza batzuetaz berba egin ahal izateko. Gainera, publiko eta komunikabide berrietara heltzea lortu dudala uste dut, eta hori ederra izan da. Horrez gain, hainbat ikastetxek, unibertsitatek eta gurasok ere idatzi didate esateko dokumentala beraien ikasle eta seme-alabei jarri dietela; izan ere, jakin dut umeen eta nerabeen artean mugikorraren gehiegizko erabilera ekiditeko dagoen mugimendu indartu bat dagoela, eta horretatik ere esan zidaten asko gustatu zitzaiela, oso tresna egokia iruditu zitzaielako jende gazteak ikus dezan. Egia esan, hasieran, ez nuen horrelako ezer espero, nire jakin-minetik egin nuen gauza da; nik ez dut hainbeste harremanik nerabe edo gazteekin, baina konturatu nahiz arazo potoloa dagoela zentzu horretan.

Lesio bat izan zenuen eta horrek Joko Olinpikoetatik kanpo utzi zintuen; dokumentala hortik dator edo gerora sortu duzun gauza bat izan da?

Esango nuke prozesu guztia nahiko organikoa izan dela. Iaz, asko luzatu zen lesioa bat izan nuen belaunean; hasieran, ez zirudien oso larria zenik, baina kronifikatu egin zitzaidan eta lehiaketetan mina izaten nuen; txarto sendatutako bihurdura baten modukoa zen, baina larriagoa. Aspaldi bizkarrean izan nuen lesioa askoz larriagoa izan zen, baina, orduan, niretzat biziraupen kontu bat izan zen: hainbeste ikaratu nintzenez, esango nuke nire buruak indarrak atera zituela eta modu estoiko batean aurre egitea lortu nuela. Oraingoan, oso desberdina izan da, itzuli arren, minarekin jarraitzen nuelako, baina ez nekien oso ondo zergatik. Horrekin batera, Jokoen aurretik lortu nuen emaitza nire ibilbideko onena izan zen, baina ikusi nuen ezin izango nintzela Parisko Joko Olinpikoetara joan, eta hori oso-oso gogorra izan zen niretzat.


Bere lesioak 2024ko Joko Olinpikoetara joatea eragotzi zion Garaziri. © GARAZI SANCHEZ

Hala, Jokoak egiten ziren bitartean Mexikora joatea erabaki nuen, nire buruarekin birkonektatzeko: surfa egin, bidaiatu, mundua ezagutu... Askotan egon naiz han, bake asko ematen didan leku bat baita. Hala ere, bidaia horretan konturatu nintzen ez dela lekuaren gauza, gure ongizatearen arduradunak gu baikara; hau da, leku oso ederrean egon arren, guk ere gure aldetik zerbait jarri behar dugu ongi egon nahi baldin badugu. Hango herrixka batean nengoela, nabaritu nuen aldaketa nagusia Interneten agerpena izan zela. Lehen ez zegoen sarerik, eta orduan konturatu nintzen horregatik ari zitzaidala hainbeste kostatzen deskonektatzea. Horrenbestez, erabaki nuen 15 egun mugikorrik gabe egotea, eta buruan neukan horri nolabaiteko forma emateko lagun birekin kontaktuan jarri nintzen. Ez genuen ideia finkorik edo gidoi landurik; hiru egunetan grabatu genuen gerora Modo avión izango zena. Etxera bueltatzean azken parteko hausnarketa bat erantsi genion, baina prozesua nahiko naturala izan zen. Uste dut dokumental izendapena baino, hobeto egokitzen zaiola esperimentu hitza.

Bidaia introspektibo baten modukoa izan zen?

Esan daiteke baietz. Uste dut lehengo Garazi aurkitu nuela, umetakoa. Nagusi egiten goazen heinean, hainbat motxila, zeregin eta beldur ere bereganatzen ditugu eta nik horren aurretik zegoen Garazi aurkitu dut nolabait. Gaur egun, hainbat erretiro, ikastaro eta eskola daude benetako gizaki izaten erakusten digutenak; nik uste dut txikitan hori badaukagula, baina adinarekin galtzen goazela. Beraz, mugikorra alde batera utzita, estimuluak murrizteko prozesu horren bidez, benetan gustatzen zaidana aurkitu ahal izan dut, algoritmoak niri gustatzen zaidana ez inposatzea eta egiten dudana nik nahi dudalako egitea, ez sareetan ondo geratzen delako. Hausnarketarako momentu bat izan zen, nire buruarentzako benetan nahi nuena aurkitzeko modu bat.

"Mugikorra alde batera utzita, estimuluak gutxitu eta benetan gustatzen zaidana aurkitu ahal izan dut. Algoritmoak ez dit ezarri zer gustatzen zaidan, eta egiten dudana nik nahi dudalako egin ahal izan dut, ez sareetan ondo geratzen delako"

Bidaiatzean hori errazagoa izan daiteke, baina lortu zenuen esperientzia horretan ikasitako etxera ere ekartzea?

Egia da bidaian nengoenean muturrera joan nintzela, baina bueltatzean aztertzen egon nintzen hausnarketa horretatik ikasitakoa eguneroko bizitzan nola txertatu. Batzuetan, apur bat dogmatikoak bilakatzen gara, eta ez diogu gure buruari kale egiten uzten, baina horretatik ere alde egin behar dugula uste dut. Azken finean, nik ez nuen inorentzako eredu izan nahi, nire burua hobetzeko zer egiten ari nintzen esperientzia hori bakarrik nahi nuen kontatu. Egia da konturatu naizela askoz hobeto nagoela presio hori kenduta, esango nuke bizitza erreala gehiago disfrutatzen saiatzen naizela orain.

Gaiaz aldatuta, surf profesionalera jauzi egin zuen lehen belaunaldietako batekoa zara, nolako izan zen prozesua?

Ni ez nintzen lehen emakume surflarien belaunaldikoa izan, aurretik izan ziren beste batzuk, hala nola Laura Revuelta, Pilar Ezkurra... Beraiek ere euren txokoa egin zuten olatuen artean. Beraien ostean, txapelketetan eta marken babesarekin hasi ziren lehenak Mirian Imaz eta Estitxu Estremo bezalakoak izan ziren; beraiek ireki ziguten bidea. Hala ere, egia da gure belaunaldiko surflariak izan garela surfetik bizi ahal izan garena lehenak: ni kiroletik eta horren inguruan dagoen guztitik bizi naiz. Dena den, horren aurretik, batek baino gehiagok esan zidan surfarena ondo zegoela, baina hobeto zela ingeniaritza bat edo baliagarriagoa den beste zerbait ikastea; beraz, uste dut gizartearen aurrerapauso bat ere badela gu ere horretatik bizi ahal izatea.

Hala ere, uste dut gero eta zailagoa dela surfaren mundutik bakarrik bizitzea, industria gune erabakigarri batean baitago. Esango nuke gazteagoak ginenean, bai neskok, bai mutilek, marken aldetik babes gehiago jasotzen genuela. Hala ere, pozgarria da hainbeste neska surflari egotea eta ikustea bidaiatzen ari direla, gaztetan faltan sumatu nuen zerbait izan zelako.

Aldatzen dagoen industria. "Surfa kirol olinpikoa denetik gauzak asko aldatu dira; orain, gure emaitzetatik bizi gara eta erakunde publikoak ere indar handiarekin sartu dira"

Nola ari da aldatzen industria?

Surfa kirol olinpikoa denetik, gauzak asko aldatu dira; orain, gure emaitzetatik bizi gara eta erakunde publikoak ere indar handiarekin sartu dira. Adibidez, Joko Olinpikoetara ez nintzenez joan, Basque Teamekin nuen beka galdu nuen. Esango nuke emaitzekiko presioa handiagoa dela gaur egun. Horrez gain, nabarmentzen ari diren surflari askok beraien familien babesa dutela esango nuke, hain garestia den kirola izanik garrantzitsua delako babes-sare egonkor bat izatea. Halaber, olinpikoa denetik, erakunde publikoetatik, Aldunditik adibidez, hainbat laguntza jasotzen ditugu txapelketetako gastuei aurre egin ahal izateko, eta hori Espainiako Surf Selekzioan asko nabaritu da: oker ez banago, sei hautatuetatik bost euskaldunak izan ziren. Hori babesaren adierazgarria da, talentuarekin bakarrik ez delako nahikoa. Horrekin batera, marken babesletza sare sozialetara bideratu da: kirolari profesionalak izatearekin batera influencer-ak izateko ere eskatzen digute, eta hori beste lan gehigarri bat da. Kirolari onak izateaz gain, gure burua ere saltzen jakin behar dugu.

2028an Los Angelesen egingo diren Olinpiar Jokoetarako prestatzen ari zara?

Horietara joatea ondorio bat izango litzateke, oraindik urrunegi daukadan helburu bat delako. Une honetan, nire fokua udan hasiko den Europako zirkuituan daukat jarrita, eta nire asmoa da lehiaketan ea nola moldatzen naizen ikustea; gutxika-gutxika epe laburreko helburuetan jarriko dut indarra. Azken finean, lesioak erakutsi dit planak egin arren, dena ez dagoela kontrolpean, eta gorputzak ere agintzen duela. Urratsez urrats joango naiz. Hain zuzen ere, hori da Modo avión proiektutik atera dudan ondorio nagusietako bat: bere momentuan hainbat egitasmo nituen, eta mundial guztietan lehiatu ostean nire bizitzako emaitzarik onenak lortuta ere, ezin izan nintzen Olinpiar Jokoetan egon. Horrenbestez, ez naiz 2028ra begira biziko, eta ahaleginduko naiz prozesu guztiari koherentzia ematen. Gainera, urterik garrantzitsuenak 2027 eta 2028 izango direnez, nire asmoa da erritmoa hartzen joatea.

Joko Olinpikoak. "Une honetan, nire fokua udan hasiko den Europako zirkuituan daukat jarrita, eta nire asmoa da lehiaketan ea nola moldatzen naizen ikustea; gutxika-gutxika epe laburreko helburuetan jarriko dut indarra. Azken finean, lesioak erakutsi dit planak egin arren, dena ez dagoela kontrolpean, eta gorputzak ere agintzen duela"

Esango zenuke surfaren momenturik onena txapelketetatik kanpo dituzun bainuak direla, ala gehiago gozatzen duzu lehiaketetan?

Hobetzeko presioa beti dago hor, eta niri hobetzea eta olatu onak probatzea gustatzen zait. Hala ere, guk egutegi nahiko finkoa izaten dugunez, lehiaketa askotan olatu txarrak ere tokatu ahal zaizkigu. Hortik kanpo surfak mundua ezagutzeko aukera ere ematen dizu, eta goi mailako kirola izanik, jasotzen duzun jakituria tresna izugarria da talde on batekin egoteko, eta, lehenago esan bezala, benetan nahi duzuna bilatzeko.

Bukatzeko, zer esango zenuke surfak eman dizula zure bizitzan?

Amesten jarraitzeko gogoa eta itxaropena. Ulertu dut mundua leku ederra dela eta jende ona dagoela toki guztietan. Batzuetan, badirudi negatibismoa gailendu egiten dela, baina ikusi ahal izan dut dena ez dela hain iluna. Lagunekin olatuak hartzen nagoenean, konturatzen naiz gauza ederra dela eta dohainik dela. Surfak helduaroan jolasten jarraitzeko aukera eman dit.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun