Barne Barnetik kolektiboa: "Udalak bere azpiegiturak herriko eragileek erabiltzeko erraztasun gehiago eman beharko luke"

Iker Rincon Moreno 2025ko eka. 20a, 08:00

Besteak beste, aste-akabu osoko kontzertu-jaialdia antolatu zuten 2021ean, Portu Zaharrean. © BARNE BARNETIK

Udalerrian hutsunea zegoela ikusita, tokiko musika eszena bizirik mantentzeko apustua egin zuten duela urte batzuk Barne Barnetik kolektiboa osatzen duten kideek. Herri ekimenetik sortutako egitasmoa da, eta urteotan askotariko kontzertuak eta ekimenak antolatu dituzte, hala nola bihar, zapatuan, egingo duten Barne Barnetik Eguna. Hala, urte hauetan guztietan egindako bidea baloratu, zailtasunak eta lorpenak partekatu dituzte HIRUKAgaz, baita egungo musika eskaintzaren argazki bat egiteaz gain, hizkuntzaren presentziaz, emakumeen partaidetzaz eta instituzioekiko harremanaz ere hausnartu dute. Elkarrizketa honetan, kolektiboaren barne-barnetik mintzatu zaizkigu.

Do it yourself filosofiari jarraituz, udalerrian eskaintza musikala areagotzeko kolektiboa sortu zenuten duela hainbat urte. Zelan baloratzen duzue urteotan guztiotan egindako bidea?

Orokorrean, urte hauetako ibilbidearen balorazio positiboa egiten dugu, izan ere, hasi ginenean ez genuen espero gaur egun martxan jarraituko genuenik.

Modu honetan, hainbeste urte pasa eta gero, ekimen desberdinak egiteko aukera izan dugu, eta horiek oso aberasgarriak izan dira. Gainera, ekimen horietan jaso dugun erantzuna eskertzekoa izan da eta horrek eman digu jarraitzeko gogoa.

Lanean hasi zinetenetik gaur egunera bitartean, aldaketa igarri duzue musika-eskaintzari dagokionez? Hau da, nahiko zenuketen beste kontzertu dago?

Gure ustez, pandemia eta gero, areagotu egin da kontzertuen eskaintza-kopurua, baina gure inguru hurbilean eskaintza urria dela uste dugu, doakoak eta hurbilekoak diren musika taldeen eskaintzei dagokionez.

Zeintzuk zailtasun topatzen dituzue, orokorrean, edozein gauza programatzerakoan?

Normalean izaten dugun trabarik handiena ekintzak antolatzeko espazioen falta izaten da, eta horrela izan da hasi ginenetik gaur egunera arte.

Zer balorazio egiten diozue Udalek-eta inguruotan programatzen duten eskaintza musikalari? Uste duzue hartu-eman gehiago egon beharko litzatekeela erakunde eta eragileen artean?

Gure aburuz, Udalak eskaintza kulturala antolatzen duen arren, eskaintza horrek ez du jendartearen zati baten nahiak asetzen. Udalak bere azpiegiturak herriko talde zein eragileek erabiltzeko erraztasun gehiago eman beharko lukeela uste dugu, eta kalean burutu nahi diren ekimenei trabak jarri beharrean, baita horiek aurrera eramateko aukera erraztu ere.

Zelan ikusten duzue gaur egun musika eszena? Indartsu dago?

Musika talde berri ugari daudela sumatzen dugu, eta hori oso pozgarria da. Eszena gero eta anitzagoa da eta musika estilo desberdinak azaleratzen ari dira.

Emakumeen presentziari dagokionez, oraindik ere emakume gutxi ikusten ditugu oholtza gainean. Kolektiboan horri buruzko hausnarketarik egin duzue?

Gero eta emakume gehiago daude oholtza gainean, eta eszena potentea da gaur egungoa. Gure partetik, kolektiboan hausnarketa egin dugu, bai, eta ahalegina egiten dugu, baina, zentzu horretan, gabezia handiak ditugu oraindik. Argi dago gehiago landu behar dugula eta benetako presentzia eman.

Kontzertuak-eta antolatzen dituzuenean, zer-zelako garrantzia ematen diozue hizkuntzari, eta euskarari?

Ekarri izan ditugun talde guztiak Euskal Herrikoak izan direla kontutan izanik, euskarak presentzia handia izaten du gure ekimenetan. Gure artean betidanik egon izan da euskarari lekua emateko nahia eta modu naturalean hartu dugu euskara gure kolektiboaren oinarrietako bat bezala.

Besteak beste, ekainaren 21ean, egun osoko egitaraua antolatu duzue. Zer-zelako eguna izango da?

Aurtengo egitaraua “berezia” izango da. Izan ere, iaz, kontzertuak egiteko debekua jaso genuen Udalaren aldetik eta gure egitaraua egokitu behar izan genuen. Aurten, kontzertuak egin ahal izateko akordioa lortu dugu eta, hala, T.A.P eta Agur taldeen kontzertuak izango ditugu larunbatean. Horrez gain, aurreko urteetan bezala, azoka, pintxada eta bazkaria ere antolatuko ditugu.

Erlazionatuak

EAEko kultur sarea: bizia, baina asimetrikoa

Iker Rincon Moreno · Tokikom-EITB eka 20, 08:00 Uribe Kosta

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun