Goizeko 08:00etatik 09:30era bitartean egongo da baimenduta kotxez sartzea bertara, parte-hartzaileek egun osorako behar dituzten materialak hurbildu ditzaten. Ordutik aurrera, landak kotxez libre egon beharko dira.
Egunean bertan, "Mila kilo baietz!" lelopean, Zaporeak elkarteko kideak egongo dira zelaian, arroza batzen. Elkarte horrek 2.500 errazio banatzen dituzte egunero migratzaileen artean Lesbosen, Grezian, eta arroza behar dute beti. Horretarako, Itxas Argiako antolatzaileek txosna bat lagako diete.
Antolatzaileek daborduko prestaketa lanak martxan dituzte. Aurreko urteetan toldoen erreserba eginda dutenek uztailaren 7an eta 8an jaso beharko dituzte, arrastiko 19:00etatik 21:00etara; tiketa aurkeztea nahitaezkoa izango da. Toldorik gabeko parte-hartzaileek, berriz, uztailaren 14an izango dute aukera zozketa bidez toldoa eskuratzeko, 19:00etatik 20:30era; tarte horretan, zozketarako zenbakiak banatu egingo dituzte jarraian zozketa egiteko. Toldoak uztailaren 28an bueltatu beharko dira, astelehenean, 19:00etatik 21:00etara.
Bestalde, uztailaren 12an egingo dute zelaiko tutuen muntaketa. Horretarako, boluntarioak behar dituzte, eta kuadrilla bakoitzetik pertsona bana aurkeztea eskatu dute; izen-ematea sare sozialen eta webgunearen bidez egin daiteke. Desmuntatzea uztailaren 26an egingo dute, eta bietan laguntzen duten taldeek lehentasuna izango dute toldoen zozketan.
Egitaraua
- 10:30 Nazioarteko Paella Lehiaketarako izen-ematea.
- 12:00 Txalaparta deia.
- 12:05 Aurreskua.
- 12:10 Dantza emanaldia Itxas Argia dantza taldeko txikien eskutik.
- 13:30-14:30 Paellen aurkezpena.
- 17:30 Sari-banaketa.
- 18:30 Erromeria.