Mario Benso, Getxo Jazzaren arduradun artistiko berria

Erredakzioa 2025ko uzt. 6a, 11:50

Iñaki Saitua (Getxo Jazzeko arduradun ohia), Mario Benso (arduradun artistiko berria), Xabier Paya (Getxo Kulturako zuzendari-kudeatzailea) eta Luzia Martin (Getxo Jazzeko arduradun berria). © GETXO KULTURA

Mario Benso (1962, Gijon), Espainiako Estatuko jazz dibulgatzaile eta aditu nabarmenetariko bat dena, Getxoko Nazioarteko Jazzaldiaren arduradun artistikoa izango da hurrengo ediziotik aurrera. Proiektu berri honetan, jaialdiaren atal artistikoaz arduratuko da, 37 ediziotan jaialdiaren arduradun izan den Iñaki Saituaren erretiroagaz bat eginez, eta azken horren ardura Luzia Martinek hartuko duela, Getxo Kulturako teknikaria, erakundean 17 urte baino gehiagoko esperientzia duena.

Mario Bensok ibilbide luzea egin du jazzaren eta kulturaren arloetan, askotariko alderdietan, kazetaritzan zein koordinazio artistikoan, eta oso harreman estua du Getxo Jazz jaialdiagaz, 1994tik jaialdiko talde lehiaketako epaimahaikide gisa aritu baita.

1981ean abiatu zen Benso jazz-munduan. Urte horretan, Valladolideko Jazz Lagunen Elkarteko kide egin zen. Elkarte horretan, Gaztelako hiriko Nazioarteko Jazzaldia antolatzen laguntzen du, bai eta jazz musika zabaltzen ere, irrati-emanaldien, hitzaldien eta argitalpenen bidez.

Programazioaren arloan ere lan nabarmena egin du. 90eko hamarkadaren hasieratik 2009ra, Valladolideko Cafe Españako programatzailea izan zen, eta mila kontzertu baino gehiago antolatzen parte hartu zuen. Valladolideko Nazioarteko Jazzaldiagaz ere kolaboratu du, baita Burgos, Palentzia, Ezcaray, Salamancako FACYL, Palentziako Ahora eta 90eko hamarkadaren erdialdetik Getxoko Jazzaldiagaz ere. Azken horretan taldeen lehiaketako epaimahaikide gisa aritu da ordutik hona; edizio guztietan parte hartu izan du eta, ondorioz, harreman estua izan du bertatik bertara ezagutzen duen hitzordu honegaz.

Lan horretarako Benso aukeratzerakoan, Getxo Kulturak azpimarratu du jazz-munduan egindako ibilbide luze eta arrakastatsua baloratu duela, baita hainbat kultura-proiektutan izandako inplikazioa ere, Getxo Jazzari buruzko ezagutza handiakaz batera. "Bere lantaldea eta lan-prozedurak ezagunak dira berarentzat, eta bere lana erraztuko dute, baita Getxo Kulturarena ere, urtez urte goi-mailako jaialdi bat antolatzen jarraitzeko".

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun