EH Bilduk salatu du egoera hori eta eskatu du enpresari ezarritako isunak gutxienez aurrezpen horren parekoak izatea, "sustatzaileak eraistetik etekin ekonomikorik ez ateratzeko". Koalizioaren esanetan, EAJk eta PSE-EEk enpresari ezarritako 50.000 euroko zigor ekonomikoa “ez da nahikoa”, ez baitu ondare galera konpentsatzen, eta are gutxiago orain egiaztatu den irabazi ekonomikoa kontuan hartuta.
Gainera, EH Bilduk salatu du ez zaiola espedientean aurkeztutako zigorrak alegatzeko aukerarik eman, eta ez zaiola jakinarazi prozesuan egindako ekintza guztien berri. “Horrek agerian uzten du EAJren eta PSEren Gobernu Taldearen borondate eza; izan ere, PPren laguntzarekin, etengabeko oztopoak jartzen ditu kasu honetan gertatutako guztiari gardentasuna emateko”, adierazi du talde subiranistak.
Era berean, EH Bilduk gogoratu du kasu hau ez dela salbuespena; "izan ere, Getxoko HAPO berriak eraikin historikoak eraistea aurreikusten du, Eusko Jaurlaritzaren ondarearen txostenen aurka ere eginez, eta gure herriaren historiari buruzko espekulazioa lehenetsiz".
"Irurak Bat" ondare historikotzat katalogatuta zegoen, eta hasierako proiektuak haren hiru fatxada mantentzea aurreikusten zuen. Hala ere, eraikuntza enpresak guztiak bota zituen lizentziarik gabe, eta lanak geldirik daude 2024ko abuztutik.
Gogoratu behar da, gainera, kooperatibaren partaide direla EAJko zinegotzi bi, Inazio Uriarte eta Irantzu Uriarte, eta horrek agintari jeltzaleen jardunaren inguruko zalantza etikoak piztu dituela herrian eta Udalean. Jeltzaleek bi aldiz egokitu behar izan du udal-gobernuaren osaera eskandalu honen ondorioz.
Kooperatibaren asmoa da eraikinean luxuzko 12 etxebizitza eraikitzea, eta daborduko zigor bi jaso ditu: lehenengoa, 50.000 eurokoa, lizentziarik gabe fatxada guztiak eraisteagatik; eta bigarrena, 3.875 eurokoa, obrak zuinketa-aktarik gabe hasteagatik.