Elkarteak azaldu duenez, ekainaren 26an emandako ebazpenean, Udalak ezetsi egin zuen elkarteak egindako erantzukizun administratiboko erreklamazioa, eta ardura jai-batzordeari egotzi zion, “baita ardura delegatu ere Eusko Jaurlaritzako Joko eta Ikuskizunen Zuzendaritzari eta Getxo Kultura erakundeari”, elkartearen arabera. Hala ere, Sokamuturra Ez-ek salatu du ez dela erantzunik eman ikuskizunean salatutako gertakari larriei buruz, eta ez direla beharrezkoak diren azalpenak eman hainbat puntu garrantzitsuren inguruan, hala nola joan den ekainean mahai-gainean jarritakoak.
"Udala da udalerrian gertatzen den guztiaren azken erantzulea, are gehiago diru publikoz finantzatutako eta udal espazioetan egiten diren ikuskizunen kasuan", azpimarratu dute elkarteko kideek. Udalak, bere aldetik, adierazi du sokamuturraren inguruko eztabaida elkarrizketaren bidez landu gura dutela. "Ulertzen dugu Sokamuturra Ez taldearen kezka, baina Getxon auzoetako jaiak herri batzordeek antolatzen dituzte, kasu honetan, Portu Zaharrekoak", azaldu dute. Era berean, azpimarratu dute sokamuturra Eusko Jaurlaritzaren Joko eta Ikuskizunen Legea "zehatz-mehatz" betez egiten dela, "hortik aurrera, eta sokamuturra debekatzen duen legerik ez dagoen bitartean, kolektiboak ulertu behar du sokamuturrak, izaera herrikoia duenak, aldeko zein kontrako jendea duela, eta Udaletik egin dezakeguna, aldeen arteko elkarrizketarako deia dela".
Horren aurrean, Sokamuturra Ez elkarteak aurreratu du ez duela amore emango eta “egia argitzeko eta erantzukizunak exijitzeko” bide guztiak jorratuko dituela, "herritarren ongizatea eta animalien eskubideak defendatzeko asmoz". Izan ere, taldeak jakinarazi duenez, udal-idazkariak sinatu zuen sokamuturraren errotze-agiria, “ekitaldia ahalbidetzen duen ekintza instituzionala", eta, ondorioz, azpimarratu du Udalak ezin duela esan ez duela zerikusirik izan.
Ildo berean, gogoratu du jaiak Getxo Kulturaren bidez finantzatzen direla, eta organismo hori bera Udalaren menpe dagoela. “Beraz, ezin da Getxo Kulturaren autonomia erabili erantzukizunari iskin egiteko. Getxo Kulturak finantzatzen duena, Udalak finantzatzen du diru publikoaz. Erantzukizuna organismo honetan delegatzea, Udalak ebazpenean egin bezala, gure ustez instituzio-ihesbide onartezina da, eta ‘denborak luzatzeko’ estrategia baten jarraipena ere bai”, ondorioztatu du taldeak.
Hori guztiagatik, Sokamuturra Ez elkarteak azpimarratu du Udalak “erantzukizun juridiko, politiko eta morala” duela gertatutakoaren aurrean; “animalien babesik eza, antolaketa-nahasmendua eta animalien sufrimendu bidegabea ezin dira erantzunik gabe geratu”.
Santurtziko “ausardia instituzionala”: Getxorako adibide bat
Elkarteak jakinarazi duenez, joan den ekainaren 26an, Santurtziko Udalak behin betiko onartu zuen tokiko jaietan animaliakaz egiten diren ikuskizunak espresuki debekatzen dituen ordenantza, tartean zezenketak, idi probak eta sokamuturrak. “Neurri hau aurrerapauso garbia da etika publikoaren, modernitatearen eta animalien ongizatearen aldeko politiken norabidean. Horixe proposatzen dugu Getxorako Sokamuturra Ez elkartetik”.
Gogora ekarri du, gainera, Santurtzin eta inguruko beste udalerri batzuetan ez dela aspalditik sokamuturrarik egiten, “Getxon 2011n eta 2018an onartutako mozioen antzekoak onartu eta bete baitzituzten. Baina Getxon, ordea, mozio horiek udal gobernu ezberdinek sistematikoki baztertu dituzte. Santurtzik onartutako ordenantza berri honek atzerapausoen aurkako babes juridikoa ezartzen du”.