Algortan izandako taldeko sexu-eraso baten ustezko egileetako bat atxilotzeko agindua eman dute

Ander Zarraga 2025ko uzt. 15a, 10:06

2023ko urrian Algortan jazotako eraso matxista salatzeko elkarretaratzea.

Getxoko 3. Instrukzio Epaitegiak atxilotze-agindua eman du 2023ko urrian Algortan jazotako talde sexu-eraso batean ustez parte hartu zuen egileetako baten aurka. Kasua sexu-eraso larri gisa sailkatu du magistratuak eta poliziari eskatu dio, gaztea aurkitzen dutenean, epaitegira eraman dezatela lagin biologikoak hartzeko eta egiaztatu ahal izateko ea erasoan benetan parte hartu ote zuen.

Epaileak erabaki hori hartu du ustezko erasotzailea hainbat hilabetez aurkitu ezinik egon ondoren, litekeelako ihes egin izana. Poliziak ustezko erasotzailea aurkitzen ez badu, "epemugengatik eta frogarik ez egoteagatik" ikerketa artxibatu egin daitekeela ere azaldu diote ikerketako iturriek EFE agentziari. Epaitegietako iturriek gaineratu dute ustezko hiru erasotzaileetatik, oraingoz, bakarra aurkitu dutela, eta haren inplikazioa ez dela frogatuta geratu.

Iturriek baieztatu dutenez, hasiera batean, Getxoko Udaltzaingoak Amezti kalean izandako istilu batean identifikatu zituen pertsona susmagarriak. Gertakari horretan, hurrengo egunean sexu-erasoa salatu zuen emakumea ere aurkitu zuten agenteek. Horrek gazte batek bortxatu zuela eta beste batek ukituak egin zizkiola adierazi zuen. Udaltzainak sexu-erasoaren ustezko egileak Urgull Zentroa eraikin publikoan zeuden segurtasun-kameren bitartez identifikatu zituen, eta grabazio horiek funtsezkoak izan ziren salaketa aurkeztu ondoren. Emakumeak gertaera hartan mugikorra eta dokumentazioa zeraman zorroa ere lapurtu ziotela gaineratu zuen.

Ertzaintzak erasotzaileetako bat atxilotu zuen egun bat geroago, eta bigarrena bi egun beranduago. Orain, epaitegiaren aginduak hirugarrena aurkitzeko helburua du, ustez biktimari erasoa burutu ziona. 

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun