Uxue Ortells bederatzi urteko gaztearen kartelak iragarri ditu aurtengo saninazioak

Ander Zarraga 2025ko uzt. 30a, 13:03

Uxue Ortells bederatzi urteko algortarra, San Inazio jaietako berak sortutako kartel irabazleagaz.

San Nikolas plazako frontoia figura koloretsuakaz irudikatzen duen kartelak iragartzen ditu aurtengo Algortako saninazioak. Kartel horren egilea bederatzi urteko Uxue Ortells gaztea da, aurtengo garaipenak animatuta, hurrengoetan ere parte hartzeko prest azaldu den umea.

"Amak esan zidan jende gutxi aurkeztu zela lehiaketara eta galdetu zidan ea nik nahi nuen, eta nik baietz", azaldu du gaztetxoak. Kontatu duenez, lehiaketa irabazi zuenean, oso pozik sentitu zen, baina aitortu du urduri ere jarri zela, "klasekoei ere esan nahi nielako".

"Kartelak atzeko aldean koloreetako bihotzak, borobilak eta laukiak ditu, eta erdian San Nikolaseko frontoia dago", adierazi du egileak.  Hori sortzeko orduan, Ainhoa Ortells bere amak dioenez, "alde teknikoan" besterik ez diola lagundu, "baina oso gutxi, berak egin du gehiena".

Berari margotzea betidanik gustatu zaiola kontatu du, eta sen nahiko artistikoa duela ere aitortu du, baina berari balleta eta gitarra jotzea da gehien gustatzen zaizkionak. Hala ere, hurrengo urtean ere aurkezteko asmoa duela iragarri du.

Beste jaietako kartela aukeratzeko prozesuetan ez bezala, lehiaketa honetan ez dago adin-mugarik, beraz, edonork sortutako diseinuak suertatu daiteke aukeratua. Kasu honetan, Ortellsen diseinua izan da aukeratua eta jaiak iragartzeagaz batera, 300 euroko dirusaria ere jaso du. "Tableta apurtu zitzaidan, beraz, horretarako 200 euro jarri ditut, eta bestea nahi dudanean gastatzeko daukat", adierazi du. 

Daborduko hasita dauden saninazio jaiei dagokienez, gaztetxoak azaldu du zezensuzkoa, bere adinekoentzako kontzertuak eta "lagunekin eta familiarekin egotea" diela gehien gustatzen zaizkionak. Gainera, Algortako jaietara hurbiltzen direnei "ondo pasatzeko" deia ere egin die.

Erlazionatuak

Badatoz Algortako saninazioak!

Iker Rincon Moreno uzt 29 Getxo

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun