Algortako Jai Batzordeak komunikabide batzuei jai herrikoien aurka joatea eta desinformatzea leporatu die

Ander Zarraga 2025ko abu. 4a, 10:53

Algortako jaietako txupinazioan herriko hainbat taldek eta elkartek pate hartu zuten.

Aurreko astean, hainbat komunikabidetan Algortako jaietako gertakarien inguruan zabaldutako informazioa gezurtatu eta zenbait hedabideren jokabidea kritikatu du Algortako Jai Batzordeak. Euren arabera, "informazio partzialak, gezurrak eta kasu askotan, buloak" zabaldu zituzten, eta deitoratu dute informazioa argitaratu duten komunikabideek ez dutela gertatutakoa kontrastatu, ez jai-batzordeagaz, ez Getxoko Udalagaz ezta Udaltzaingoagaz.

Aurreko astean ospatu ziren Algortako San Inazio jaien testuinguruan, hainbat hedabidek zabaldu zuten txosna-gunean sexu-eraso bat izan zela eta herritarrek poliziaren jarduna eragotzi zutela. Bada, Algortako Jai Batzordeak ohar bidez salatu du informazio horiek "partzialak eta faltsuak" direla, eta jai herrikoien aurka egitea leporatu diete.

Azaldu dutenez, "larritasun handirik gabeko gertaera" batean, Getxoko Udaltzaingoak esku-hartze bat egin zuen jai-eremuan, baina jaien antolatzaileen eta agenteen arteko koordinazio faltak eta jende pilaketak "egoera tentsionatu" egin omen zuela adierazi dute. Hala ere, egoera laster baretu eta ospakizunek bere horretan jarraitu zutela argitu dute. "Medioetan zabaldu denaren kontra, ez zen bortizkeriarik egon herritarren partetik Udaltzaingoaren kontra", berretsi dute. 

Era berean, salatu dute hainbat komunikabidek egoera hori baliatu dutela txosnak eta txosna-gunea seinalatzeko, eta "azkenaldian, zenbait hedabideetatik sustatzen eta dimentsionatzen ari den polemika interesatua elikatzeko"; izan ere, argitu dute gertaera hori txosna-gunetik kanpo gertatu zela. "Argi eta garbi ikusten duguna txosnen aurkako seinalamendu eta kriminalizazio saiakera berri bat da", gaitzetsi dute.

Udala eta Udaltzaingoa

Komunikabideen jokabidea salatzeaz gain, jai-batzordeko kideek Getxoko udal-gobernuari eta Udaltzaingoari eskatu diote horrelako desinformazioen aurrean jaiak antolatzen dituzten eragileakaz hitz egiteko eta hobeto koordinatzeko. "Hala egin dugu askotan eta horrek polemika antzuak saihestu ditu", azaldu dute. 

Horregaz batera, zenbait hedabidek zabaltzen dituzten polemiken aurrean, deklarazio publikoetan esaten dena "edo esan gabe geratzen dena" garrantzitsua dela ere azpimarratu dute; horregatik, udal-gobernuari herriko jaien defentsa egin dezatela "ezinbestekoa" iruditzen zaiela ere gaineratu dute.

 
 
 
 
 
Ver esta publicación en Instagram
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 
 

Una publicación compartida de Algortako Jai Batzordea (@algortako_jaibatzordea)

Erlazionatuak

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun