Isaac del Toro mexikarra izan da azkarrena Getxoko Zirkuituaren 80. edizioan, 172 kilometroko ibilbide malkartsuan. UAE taldeak uneoro kontrolatu du lasterketa, eta Pike igoeran egindako azken erasoa erabakigarria izan da. Bi aldiz igo behar izan duten malda zorrotzak, % 20ko tarteakaz, tropela txikitu du, eta bertan erabaki dute Del Torok eta Ayusok garaipenerako bidea.
Arkotxako Horma ere gako izan da. 700 metroko azken igoera horretan, Del Torok erritmoa bizitu du eta 20 segundoko aldeagaz iritsi da helmugara. Ayusok ez du taldekidea estutu, eta bigarren sailkatu da, Aranburu (Cofidis) denbora berean sartu delarik.
UAE taldeko estrategiak funtzionatu du: lasterketa kontrolpean izan dute, eta une erabakigarrian bikain jokatu dute. Del Tororentzat profesional gisa lortzen duen lehen garaipen handienetako bat izan da Getxon eskuratua. Eta Ayusok, 2022an irabazitako proba honetan, berriz ere indartsu agertu da.