Unai Aranzadi getxoztarraren "A Costa dos Lançados" erakusketa ikusgai dago Romo Kultur Etxean

Iker Rincon Moreno 2025ko abu. 8a, 17:33

Unai Aranzadi dokumentalista, erreportari eta argazkilari getxoztarraren A Costa dos Lançados askotariko diziplinak batzen dituen erakusketa ikusgai dago abuztuaren 30era arte, Romo Kultur Etxean. Horretan, 40 argazki, dokumentala (2023ko urtarrilean Muxikebarrin aurkeztu eta Mexikoko Veracruzeko X. Zinema Jaialdian saritu zutena), mapak, artxibo historikoak eta testu ugari topatu ahalko dira.

Erakusketa, dokumentala bezala, bi hilabetetan Senegal, Gambia eta Guinea-Bissauko 2.000 kilometroko bidaia baten emaitza da. Iberiar penintsulatik kanporatuak izan ondoren, Afrika beltzaren lehenengo esplorazioak egiteko Kanariak eta Cabo Verde base gisa erabili zituzten judu konbertituen historia ezezaguna kontatzen du lanak.

Irudien eta testuen bidez, egileak gertakari historiko hori Kanarietako egungo migrazio-ibilbideagaz lotu du du, “pertsona etsituak ur horietan barrena gaur egun aspaldi bezala aurkitzeak dakarren paradoxarekin, oraingoan kontrako norabidean", nabarmendu du Aranzadik. Migrazio-fenomenoari zuzenean lotutako beste faktore batzuk ere agerian uzten ditu erakusketak, hala nola kolonialismoa, kontsumo-gizartea eta iraganaren eta orainaren esklabotza.

“Gizarte Kohesioaren Arlotik irmoki babesten ditugu honelako espazioak, memoria historikoari, migrazio-prozesuei eta horien egiturazko kausei buruz hausnartzera gonbidatzen gaituztenak. Unai Aranzadiren lanak gizarte gisa interpelatzen gaitu, iraganaren eta orainaren arteko loturak erakustean, eta gaur egun desparekotasunak, kolonialismoak eta bizitza duinaren itxaropenak markatutako ibilbideak egiten jarraitzen dutenei aurpegia jartzean”, azaldu du Carmen Díaz Gizarte Kohesioko zinegotziak.

Getxoko Udalak eta Bizkaiko Foru Aldundiak antolatuta, UN Etxea elkartearen laguntzagaz, erakusketaren ordutegia astelehenetik barikura, 08:30etik 21:30era, izango da, eta aste-akabuetan eta jaiegunetan 11:30etik 20:30era.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun