Gizon bat atxilotu dute Barakaldon abuztuan Getxon zortzi auto kaltetu dituen sei sute eragitea egotzita

Iker Rincon Moreno 2025ko abu. 21a, 08:06

Sute baten artxiboko irudia. Argazkia: Bizkaiko Suhiltzaileak

Ertzaintzak, Getxoko eta Barakaldoko udaltzaingoakaz batera, 56 urteko gizon bat atxilotu du, azken hamar egunetan Getxon sei sute eragiteagatik eta zortzi ibilgailu kaltetzeagatik.

Ertzaintzak jakinarazi duenez, ustezko piromanoa abuztuaren 9an hasi zen suteak pizten, ibilgailuen aurreko gurpiletako bati su emanez. Hori izan zen ustezko gaizkilearen modus operandia kasu guztietan, suteetako batean izan ezik, edukiontzi baten ondoan koltxoi bat erre baitzuen.

Ertzaintzak eta Getxoko Udaltzaingoak egindako zaintzari esker, suteen ustezko egilea identifikatu eta atxilotzeko agindua eman zuten.

Eguazten gauerdian, Barakaldoko Udaltzaingoak gizon bat identifikatu zuen herriko denda batean ustez ebasketa bat egiteagatik, eta Getxoko suteengatik Ertzaintza bilatzen ari zen susmagarria zela egiaztatu zuen.

Ertzaintzak atxilotu egin zuen gizona, eta epailearen esku utziko du laster. Aldi berean, azken asteetan Getxoko hiri-altzarietan piztutako beste sute batzuekaz zerikusia ote duen ikertzen ari da.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun