Piromano bat atxilotu dute Getxon, astebetean bigarrenez

Nahia Martinez Gondra 2025ko abu. 25a, 12:47

Atxilotua epailearen esku jarriko dute gaur goizean bertan. © GETXOKO UDALA

Getxoko Udaltzaingoak pertsona bat atxilotu du, astebetean bigarren aldiz, aste-akabu honetan bi ibilgailu eta edukiontzi bat erre dituelakoan, eta udalerrian bide publikoan kalteak eragiteagatik. 

Gertakariak pasa den zapatutik domekara bitarteko goizaldean jazo ziren, abuztuaren 23tik 24rako goizaldean. Koordinazio Zentrora egindako dei batek jakinarazi zuen, 00:18an, ibilgailu bat sutan zegoela Arene kalean. Udaltzaingoaren patruila batek azkar esku hartu zuen, eta su-itzalgailu bategaz itzali zuen sutea. Bertan, sua azeleratzeko pilula batzuk aurkitu zituzten.

Ordu batzuk geroago, 04:33an, beste abisu bat jaso zen esanez Sarrikobaso kalean ibilgailu bat sutan zegoela. Suhiltzaile talde batek sua itzaltzea lortu zuen, baina ibilgailua erabat kiskalita geratu zen. Kasu horretan, Udaltzaingoari deitu zion pertsonak suteen ustezko egilearen janzkeraren deskribapen txiki bat eman zuen. Leku horretan aurkitutako frogengatik, badirudi sua produktu azeleratzaile bat erabiltzeagatik ere bizitu zela.

Egun bereko 05:45ean, Neguri etorbidean, beste pertsona batek edukiontzi bat sutan zegoela jakinarazi zuen, eta, berriz ere, suhiltzaileek itzali ahal izan zuten. Udaltzainek ustezko egilea aurkitu eta identifikatu zuten suteetako baten inguruan. Galtzetako poltsiko batean hiru metxero aurkitu zizkioten. Ertzaintzak eta Getxoko Udaltzaingoak joan den astean atxilotu zuten pertsona bera da. Abuztuan zazpi ibilgailu eta hainbat edukiontzi erretzea egotzi diote.

Polizia-eginbideak amaitu ondoren, atxilotua epailearen esku jarriko dute gaur goizean bertan.

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun