Aurtengo ikasturtean ere zinema-tailerra egingo duzue Algortako Abian Kultur Elkartean. Zelako balorazioa egiten diozu aurreko edizioari?
Zinema ikastaro hau, jaio zenetik gaur arte, etengabe hazten ibili da, gero eta gehiago zabalduz, gero eta arrakasta handiagoa izanez. Abian Kultur Elkartean, iazkoa, bigarren urtea izan zen eta, beti bezala, izugarri ondo funtzionatu du. Ikasleak oso pozik daude. Gehienek ez dakite zerekin egingo duten topo eta beti harritu egiten dira onerako. Ikastaro teoriko bat da, baina erabat interaktiboa.
Zinemaren arlo guztiak ukitzen ditugu; historia, ekoizpena, gidoia, antzezpena, zuzendaritzara, irudien gramatika... Era honetan, ikastarora apuntatzen diren bai zinema zaletuek bai honetara dedikatu nahi dutenek ere, ibilbide izugarri interesgarri batekin egiten dute topo. Eta, egia esan, beti geratzen dira gehiagorako gogoekin. Izatez, hasiera batean, ikastaroa urtebetekoa izateko diseinatu nuen, baina, hasieratik, ikasleek jarraipena eskatu izan dute eta, kasu askotan, baditut hirugarren edo laugarren urtea egin duten ikasleak.
"Zinemak hizkuntza propioa du eta irudien bitartez gauzak kontatzen edo irudi horiek irakurtzen ikasi nahi nuen nik, ez kamera bat erabiltzen"
Nondik dator mota honetako ekimen bat sortzearen ideia?
Ideia, egia esan, behar batek bultzatuta jaio zen. Pandemia garaian nire lan jarduera guztiak eten behar izan nituen ezin zirelako burutu (kontzertuak, antzerkia, filmaketak...), eta online eskaintzeko zerbait egitea ondo legokeela otu zitzaidan. Ni oso gaztetatik hasi nintzen zinema ikastaro eta tailerretara apuntatzen, baina beti irteten nintzen sentsazio berarekin: herren geratzen zitzaizkidan; hutsuneekin.
Zinemak hizkuntza propioa du eta irudien bitartez gauzak kontatzen edo irudi horiek irakurtzen ikasi nahi nuen nik, ez kamera bat erabiltzen. Eta azkenik lortu nuen, baina izugarri kostatu zitzaidan horraino heltzea. Beraz, nik hori eskaini nahi nuen ikastaroan; niri hainbeste kostatu zitzaidana, hori iruditzen baitzait zinemaren funtsezko oinarria: hizkuntza berri hau ikastea, ingelesa edo alemaniera ikasten dugun moduan. Eta oso gutxitan irakasten digute hau.
Sakona ematen du, ezta? Zer egiten duzue, zehazki, tailerrotan? Afizionatu batek lekua izango luke?
Bai! Guztiz! Badakit lehengo hitzekin azalduta konplikatua eta sakona ematen duela. baina apuntatzen diren gehienek ez dakite ezer zinemaren inguruan. Zaletu hutsak dira. Eta ikastaroa edonork ulertzeko moduan dago planteatuta: adibideekin, bideoekin, irudiekin, eztabaida interaktiboekin, pasadizo dibertigarriekin... Ikastaro teorikoa da, baina ez da batere aspergarria. Badiotsut, jendeak errepikatu nahi izaten duela, kar kar kar.
"Denok kontsumitzen ditugu euskarri audiobisualean datozen lanak, produktuak, mezuak... baina ikusle pasiboak gara"
Zergatik da interesgarria ikastaroa orduan? Ze ekarpen egingo lioke apuntatzen den pertsona bati?
Beti jartzen dut adibide berbera: denok kontsumitzen ditugu euskarri audiobisualean datozen lanak, produktuak, mezuak... baina ikusle pasiboak gara. Ikastaroak ikusle pasibo izatetik parte-hartzaile aktibo izatera pasatzeko tresnak ematen ditu. Irudiak irakurri eta interpretatzeko tresnak. Jakituria. Gustuaz aparte, film bat ona edo txarra den eztabaidatu ahal izateko argudioak. Zergatik erakusten didate irudi hau angelu honetatik? Zergatik da kolore honetakoa pertsonaia honek daukan jantzia? Zergatik aldatu dute planoa hemen eta ez beste edozein momentutan? Normalean gure buruari egiten ez dizkiogun galdera horien erantzuna ematen dut. Ez bakarrik alde teknikoari dagokionez, baizik eta mezuaren aldetik ere. Ikasle askok esaten didaten moduan: “ikastaroa egin nuenetik, pelikulak modu zeharo desberdin eta berri batean ikusten ditut”. Hori da ikastaroak lortzen duena. Eta hori interesgarria da, bai zaletu eta ikusleentzako, bai honetara dedikatu nahi dutenentzako (edo dedikatzen direnentzako, askok ez baitute oinarrizko teoria hau jasotzen, tamalez).
Zergatik Abian? Nola hasi zinen ikastaroa hemen eskaintzen?
Esan dudan bezala, pandemia garaian hasi nintzen ikastaroa online eskaintzen. Arrakasta ikusita, kultur etxeetan aurrez aurre eskaintzen hasi nintzen, baina horrelakoetan tratua askoz ere hotzagoa da. Nik bihotza eta azala jartzen dut ikastaroan eta ez dut beti erantzun berdina jasotzen administraziotik. Getxoko Kultur Etxetik, Sopelako Kurtziotik, Barakaldotik... pasatu naiz. Gaur egun, selektiboagoa izatea erabaki dut eta benetako interesa sumatu dudan tokietan geratu naiz bakarrik. Hau da: Barakaldoko Clara Campoamor kultur etxean eta Abianen. Azken honen kasuan, elkarte txiki bat izanda, tratua askoz ere hurbilagoa da, eta komunikazioa errazagoa. Etxean sentitzen naiz (izatez, etxean nago, ni neu algortarra izanda). Gainera, Abianek honekin lotutako beste hainbat jarduera eskaintzeko aukera eman dit: klase bereziak, hitzaldiak, filmen analisirako deialdi irekiak... Etengabe ari gara gauzak egiten.
Parte-hartzea handia izan da?
Bai, baina kontuan izan behar dugu Abianek ez daukala Kultur Etxe batek daukan azpiegitura ikastaroa zabaldu eta iragartzeko. Horregatik beti pentsatzen dut (eta ez nik bakarrik, ikasleek ere gauza bera esaten didate) jendeak ikastaroa existitzen dela jakinez gero, askoz ere gehiago izango ginatekeela. Jendeari interesgarria iruditzen zaio, baina askok ez dakite egiten dugula. Gure erronka aurten bi klase desberdin egitea da: hasiberrientzako eta jarraitu nahi dutenentzako. Asteazkenetan egingo dugu. Hasiberrientzako, 17:00etatik 19:00ak arte; eta beteranoentzako, 19:00etatik 21:00ak arte.
Zer egin beharko luke pertsona batek apuntatu nahi izanez gero?
Matrikula zabalik dago, beraz, bai Abianekin bai nirekin kontaktuan jarri. Gainera, nahiz eta Udala ez izan, Abianek prezio herrikoiengatik egiten du apustua; beraz, urte osoko ikastaroa izateko (urritik ekainera) edozein kultur etxek eskaintzen duen tailerren antzeko prezioa du. Izatez, lehen aipatu ditudan beste jarduera asko debalde eskaintzen ditu Abianek. Herrian dugun altxor bat da, eta zabaldu behar da jendeak ezagutu dezan.
Azkenik, galdera pertsonal bat: ikusitako pelikula guztietatik bakarra aukeratu beharko bazenu, zein izango litzateke, eta zergatik?
Kar kar kar! Ezin izango nuke pelikula bakarra aukeratu. Asko daude, asko izugarri onak eta askok esanahi berezia daukatenak niretzako. Gainera, oso desberdinak izan daitezke euren artean, bai estiloaren aldetik, bai jatorriaren aldetik. Hala ere, nirekin urte gehien daramatzaten ikasleek guztiz harrapatu naute zentzu horretan; badakite zeintzuk diren nire pelikula eta zuzendari fetitxeak eta adarra jotzen didate horrekin.